Planetaren etorkizuna, Urdaibain

Busturiko Ekoetxean 'Klima aldaketa: hemen eta orain' erakusketa iraunkorra zabaldu dute. Helburua da klima aldaketa zorrotz baina ulertzeko moduan azaltzea. Besteak beste, NOAA agentziaren esfera batean planeta osoa ikus daiteke espaziotik.

Busturiko Madariaga dorretxean ipini duten NOAA agentziaren esfera. BERRIA
Busturiko Madariaga dorretxean ipini duten NOAA agentziaren esfera. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Busturia
2026ko ekainaren 5a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteko Espazio Estaziotik nola, hala ikus daiteke Lurra Busturitik. AEBetako Ozeanoen eta Atmosferaren Elkarte Nazionalaren (NOAA) zuzeneko informazioa Madariaga dorretxean ipini duten 2,5 diametroko esfera batean islatzen da. Une oro ikus daiteke, beraz, atmosferan zer gertatzen ari den munduko leku batean eta bestean. Baina ez hori bakarrik. Euriaren, kutsaduraren eta abarren azken urteetako informazioa ere islatu daitezke han, eguraldi iragarleek erabiltzen dituzten mapetan bezala. Eta are garrantzitsuagoa dena: etorkizunean gerta daitekeena erakusten du, NOAAren aurreikuspenak abiapuntu hartuta. «Informazio zientifikoan oinarrituta, ikusi ahal izango dugu ehun urte barru zer pasatuko den; esaterako, batez besteko tenperatura igoko den graduen arabera, zer pasatuko den korronteekin», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbaok.

Ingurumenaren Mundu Eguna da gaur, eta Urdaibaiko Ekoetxean atondu duten erakusketa iraunkor berria inauguratzera joan da Bilbao Busturira: Klima aldaketa: hemen eta orain du izena. Haren bidez, helburua da klima aldaketa zorrotz baina ulertzeko moduan azaltzea: zerk eragiten duen, zelan ari den gertatzen eta zer ondorio izango dituen. «2015eko Parisko Akordioan gehieneko tenperatura igoera 1,5 gradutan ezarri zuten. Gaur, 2026an, ia gainditu dugu ehun urterako aurreikuspena. Beraz, ezinbestekoa da ekitea», esan du Bilbaok.

(ID_17806690541885) Erakusketa Urdaibaiko Ekoetxean
Bioaniztasunaren kutxa, Urdaibaiko Ekoetxean. BERRIA

NOAAkoen esferari esker prozesu globalak ikusiko ahal dira: batez besteko tenperaturaren bilakaera, poloetako izotza zelan doan urtuz, korronte ozeanikoak nondik nora doazen, berotegi efektuko gasak non eta zenbatean dabiltzan… Baina hori erakusketaren atal bat baino ez da, berritzaileena. Dagoenetik etorriko denerako bidaia proposatzen da erakusketan, zortzi etapatan. Bisitariari Lurra zer aberatsa den erakusten zaio lehenengo. Biodibertsitatea gara atalean, berbarako, planetan dagoen bioaniztasuna ikus daiteke irudietan. Lehendik Ekoetxean zegoen bioaniztasunaren kutxa da, baina egokituta: orain, bisitariak bere buruaren argazki bat egin eta gainontzeko espezieen artean ikusiko du irudia. «Garrantzitsua da ohartzea geu bere aniztasun horren parte garela eta asko dugula esateko», nabarmendu du Bilbaok. Aniztasun hori naturatik dator, ekosistemetatik. Eta horien laginak ere badaude ikusgai: mundu osokoak eta Urdaibai aldekoak.

Planeta etengabe ari da eraldatzen, eta klima ere ez da egonkorra. «Baina inoiz ez da abiadura honetan aldatu; eta orain giza arrazoiengatik ari da aldatzen, gainera», ohartarazi du sailburuordeak. Bilakaera hori beste atal batean ikus daiteke. Azaltzen dute, halaber, zeintzuk diren lurra berotzen ari diren gasak, eta ikus daiteke zer ondorio izango dituen munduan eta Urdaibain. Pantaila handi batean proiektatzen duten simulazioari esker, ikus daiteke, berbarako, inguruko padurak zelan egon daitezkeen 2100. urtean, lehorte gogorren ondorioz sikatuta. Edo Bakioko kostaldea, Gaztelugatxe atzean duela, ekaitz eta uriola gogorrek erasanda, itsas maila nabarmen igota dagoela. 1850etik hogei zentimetro igo da itsasoa, eta adituek uste dute 2100erako metro erdi eta metro bat artean igoko dela. Efektu bereziei esker, haizea eta beroa ere igarri ditzake bisitariak.

Dinosauruei eskainitako atala, galdutako bioaniztasunaren blokean. BERRIA
Dinosauroei eskainitako atala, galdutako bioaniztasunaren blokean. BERRIA

Hala ere, aurreikuspen horiek alda daitezke, Bilbaok nabarmendu duenez. Zelan? EAEko Deskarbonizaziorako Estrategia eta 2024ko Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketara Egokitzeko Legea aipatu ditu, esaterako. Baita Jaurlaritza tokian-tokian bultzatzen ari diren proiektuak ere; adibidez, Bakion eta Bilboko itsasadarrean uriolei aurre egiteko egokitzapen lanak egiten ari dira, uholdeak gero eta ugariagoak izango baitira. Erakunde publikoek asko egin dezakete, eta baita gizarteak ere oro har. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, guztira, 15,8 milioi tona karbono dioxido isuri zituzten 2024an. 2023an baino %1 gutxiago da, eta 2005ean baino %38 gutxiago. Helburua da 2030erako %45 murriztea.

Norbanakoek ere asko egin dezakete. Konpromisoak har ditzakete erakusketara doazen herritarrek. Pantaila batzuen bidez, ikus daiteke gaur egun hartzen diren erabakiek zer onura ekar dezaketen etorkizunean; esaterako, mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromisoa hartzeak. Ikus dezakete, baita ere, Euskal Herriko enpresa batzuek zer egiten duten arlo horretan, batez ere, ekonomia zirkularrari lotuta. Txiki zein handi, erabaki guztiek dute ondorioa, eta jarduera onek zer onura ekar dezaketen ere azaltzen da Busturiko erakusketan. Berbarako, Madariaga dorretxetik irteterakoan ikusten duen Urdaibaiko paduretako paisaia zoragarriaren iraupena bermatzea: 86 habitatetan, zazpiehun fauna eta zortziehun flora espezie bizi dira han. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA