Proiektu estrategikoen berpizkundea

2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lasterketa hasi berri da, eta kajoian gordeta zeuden proiektuak atera eta haiei hautsa kentzeko momentua heldu dela erabaki dute gure gobernuek. Horien artean, Bilboko Metroaren 4. linearen proiektua; 2009. urtetik Bilboko Udalaren, foru aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren mahai gainean egon arren, izkina batean utzita omen dago.

2019-2023 agintaldiko Bilboko Udaleko azken osoko bilkuran, Bilboko Hegoaldea Bizirik plataformakoek, herritarren txanda aprobetxatuz, proiektua martxan jartzeko proposamena defendatu zuten. Baina EAJren eta PSE-EEren ezezko boza jaso zuten erantzun moduan.

Aurkeztutako proposamen horren bidez, hiriaren hegoaldeko auzoetako 70 elkarte baino gehiago biltzen dituen plataformak 2018. urtean udal gobernuak berak hartutako konpromisoa berresteko eskatu zuen; duela sei urteko proiektu haren arabera, Matikoko bidearen jarraipena izango litzateke 4. linea, hegoaldeko auzoak Bilboko iparraldearekin lotuz: Txurdinaga, Otxarkoaga, Arabella, Zurbaran, Uribarri, Deustu, San Ignazio eta Arangoiti auzoekin, besteak beste. Moyuako geltokiraino dagoeneko funtzionamendun dago; beraz, soilik garatu beharko litzateke Moyua plazatik Errekalderako bidea. Modu honetan, konpromiso politiko eta ekonomikoa eskatu zuen plataformak; hain zuzen, proiektua aurrera eramateko aurrekontuen diru sail bat babesteko. Esan bezala, gobernuko bi alderdiek ezezkoa eman zioten proposamenari.

Bilboko auzoetako biztanleen aldarrikapenak alde batera utzita, haien beharretara egokitzen ez den irtenbidea aurkeztu du gobernuak.

Osoko bilkura horretatik ez da urtebete ere igaro, eta gaia berriro eztabaida politikoan presente dago. EAJ eta PSE-EE alderdiek defendatutako  proiektuak proposatzen du AHTra Abandora iristearen obrak aprobetxatuz linea garatzea. Elkarte eta eragile ezberdinek euren desadostasuna adierazi dute; besteak beste, auzo mugimenduaren planteamenduak ez bezala, proiektu hau ez delako Zabalburu, Zabala, Miribilla edo San Adrian bezalako auzoetatik igarotzen. Hau da, Bilboko hegoaldeko auzoetan bizi diren 50.000 auzokideetatik kopuru handi bat metrorako sarbiderik gabe utziko luke gobernuak aurrera eraman nahi duen proiektuak. Berriz ere, Bilboko auzoetako biztanleen aldarrikapenak alde batera utzita, haien beharretara egokitzen ez den irtenbidea aurkeztu du gobernuak.

Hala ere, Elixabete Etxanobe diputatu nagusiaren azkeneko adierazpenen arabera, Abandoko geltokiaren lurperatzeari itxaron beharko dugu obren nondik norakoak baieztatzeko. Metroaren 4. linearen mamua hurrengo hauteskundeetan behin eta berriro berpiztuko dela dirudi, gure auzoetan beharrezkoak diren beste hainbat proiektu bezala —Otxarkoagako kiroldegia, Arangoitiko igogailua, Zorrotzako trenbideen lurperatzea edota Errekaldeko autobidearen eraisketa, besteak beste—. Argi utzi dute, auzotarrek urteetan zehar salatu duten legez, metroa hegoaldeko auzoetara ailegatu aurretik helduko dela AHTa Bilbora, berriro gobernuen interes eta lehentasunak agerian utziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.