Gazte bat Bilboko itsasadarrera erori da Arriaga antzokiaren parean, 16:00 aldera. Ertzaintza, DYA eta Gipec taldeak laster azaldu dira, eta uretatik erreskatatu dute. Jarraian, psikologoen txanda heldu da. Izan ere, Bizkaiko PEO Psikologoen Elkargo Ofizialeko psikologia zerbitzuak laguntza emozionala eskaintzen du hainbat egoeratan; adibidez, larrialdietan. Elkargoaren larrialdietako psikologia zerbitzuen laguntza izan dute bai uretara eroritako gazteak eta bai ezbeharraren lekukoek. Kasu honetan, itsasadarreko gertakaria simulakro bat izan da, baina modua eman du psikologoen askotariko eginbeharrak erakusteko. Bizkaiko Psikologoen Elkargoko dekano Begoña Ruedak gogorarazi duenez, «psikologia ez da soilik kontsulta klinikoetara mugatzen; egoera askotan behar izaten da psikologo baten laguntza». Psikologiaren barruko aniztasuna ikusarazteko asmoarekin, Psikologia kalean jardunaldia egin zuten joan den astean, suizidioa, amatasuna, sexualitatea eta bestelako gaiak ardatz hartuta. Simulakroa ere egitasmo horren barruan egin zuten, ostiralean.
Psikologoen Elkargoak laugarren aldiz antolatu du Psikologia kalean, eta proposamen baten bitartez helarazi die herritarrei psikologoek gaur egun dituzten lanen eta kezken berri. Bilbo izan da jardunaldien erdigunea, eta Barakaldora, Abadiñora eta Zallara ere zabaldu da ekaineko lehen astean. «Jarduera guztiek sarbide librea izan dute, eta hizkuntza hurbil eta inklusiboarekin diseinatu dira, ikuspegi akademikotik nahita aldenduta», esan du Ruedak.
Programak gai konplexuak baina oinarrizkoak jorratu dituela zehaztu du dekanoak, hala nola autolesioa, suizidioa, sexualitatea, amatasuna eta osasun mentalarekin lotutako hainbat gai. Gainera, leku espezifikoa eskaini dio komunikabideek osasun mentalaren arloan duten zereginari. Bilboko Luis Briñas Santutxu BHIko, Basauriko Uribarri BHIko eta Ugaoko Ugao eskolako ikasleek antsietatea eta autolesioak izan dituzte hizpide tailer batzuetan. Gazteei dagokienez, Ruedak azpimarratu du tailerrak hurbiletik diseinatzen direla, nerabeek beldurrik gabe hitz egin dezaten. «Nahi duguna da nerabeek jakitea ez daudela bakarrik eta lehen pausoa laguntza eskatzea dela».
«Nahi duguna da nerabeek jakitea ez daudela bakarrik eta lehen pausoa laguntza eskatzea dela»
BEGOÑA RUEDABizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialeko dekanoa
Dekanoaren aburuz, psikologiaren hainbat arlori buruz dagoen ezjakintasunari erantzuteko sortu zuten jardunaldia. Baita herritarrengana hurbiltzeko eta sektoreko profesionalek lantzen dituzten esparru guztiak ikusarazteko asmoarekin ere. Haren hitzetan, «psikologiak askotariko aplikazioak ditu: larrialdietako esku hartzetik hasi eta psikologia hezitzaile, juridiko edo perinataleraino, besteak beste». Ruedak jakinarazi du informatzea eta herritarrekin elkartzeko guneak irekitzea dela helburu nagusia.
Ruedak kontatu du ekitaldiak bilakaera handia izan duela lau urtean: «Tailer espezifikoak sartu dira programazioan, eta hainbat familia jarduera gehitu». Horien artean, «haurtzaroko emozioen kudeaketan» oinarritutako tailerrak. «Urtero saiatzen gara programa dibertsifikatzen. Oraingoan, protagonismo handiagoa eman diegu gazteei, familiari eta hirugarren adinekoei».
Psikologia Sariak
Aurten bigarren aldiz banatu dituzte Psikologia Sariak. Profesional beteranoen ibilbidea aintzatesten dute sarien bitartez, baita psikologiaren arloan nabarmentzen diren erakundeen lana ere. «Helburu nagusia da ibilbide profesional luzea dutenei ikusgaitasuna ematea», azaldu du dekanoak. «Psikologia arloan urteak daramatzatenen lana aitortu nahi dugu». Adierazi du programak harrera ona izan duela aurten ere: «Interesa dagoen bitartean, aurrera jarraituko dugu». Aurten Caritas saritu dute —baztertuta daudenei laguntza psikologikoa eskaintzeko programagatik—, baita Natalia Ojeda psikologoa eta AVATI elkartea ere.
Bilboko erdigunean izan ondoren, Psikologia kalean ekinaldiak Basurtu eta Begoñako udal zentroetan jarraitu du, eta neuropsikologia eta zahartzaroko gizarte harremanen garrantzia jorratu dituzte, besteak beste. Ruedak azpimarratu duenez, jardunaldiaren espiritua lehengo berbera da: «Kalera irtetea, entzuteko, azaltzeko eta laguntzeko».