Bizkaiko Batzar Nagusiek tokiko ogasunen foru araua berrikustea adostu dute. Foru arau horrek espazio publikoa erabiltzeagatik udalei tasak ordaintzetik salbuesten ditu sakelako telefonoen antenen ugazabak. Ostera, telefonia finkoaren eta Internetaren sareengatik bai, ordaintzen dute. Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak sakelakoen antenengatik ere kobratzeko aukera eskaini gura die udalei, eta gaur Gernika-Lumoko batzar etxean egindako osoko bilkuran egin du proposamena. Aho batez onartu dute.
Eneritz Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaileak esan duenez, sakelako telefonoen konpainien salbuespen horrek ez du «logika fiskalik», eta «abantaila» ematen die beste enpresen gainetik. Era berean, foru arauaren berrikuspen horrekin «segurtasun juridikoa» eskaini gura diete antenengatik kobratzen saiatu diren udalei. Madariagak uste du udalen finantzaketa hobetzen lagunduko duela salbuespena kentzeak.
Gainontzeko alderdiek ondo hartu dute proposamena. Zentzuzkoa iruditu zaie bozeramaileei. «Ez du eskubiderik kentzen; zabaldu egiten dituela esango nuke», adierazi du EH Bilduko Arantza Sarasolak.
Mugikortasuna eta ekonomia
EH Bilduren mozio baten bidetik, beste bat adostu dute koalizioak berak eta foru gobernua babesten duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, eta talde guztiek babestu dute. Ekinaldiaren helburua da Bizkaibusen zerbitzua bizkorrago elektrifikatzea. Bizkaiko Foru Aldundiari agindu bi egin dizkiote mozio horretan. Batetik, datorren urterako buka dezala Aparkabisako instalazioak elektrifikatzeko bigarren fasea; eta, bestetik, azterketa bat egin dezala autobusak kargatzeko azpiegituren inguruan. Azterketa horrek kokapen estrategikoak identifikatu beharko ditu, arreta berezia jarriz eskualdeetako gune intermodal berrietan.
Beste mozio bat ere aurkeztu du EH Bilduk. Koalizioak gura zuen foru aldundiak foru espazio publiko berriak eskain ditzala jarduera ekonomikoa bultzatzeko Elkartegiak programaren bidez. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak baino ez dute babestu.