Maiatzaren 8an hasiko da Udabarria Bertsotan

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean 48 lagunek parte hartuko dute. Zortzi kanporaketa egingo dituzte: maiatzeko ostegun bakoitzean bi saio.

Udabarria Bertsotan kanporaketa faseko saio bat, 2023ko maiatzaren 25ean, Busturian. BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA
Udabarria Bertsotan kanporaketa faseko saio bat, 2023ko maiatzaren 25ean, Busturian. BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatzaren 8an hasiko da Udabarria Bertsotan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Hilabetean zortzi kanporaketa egingo dituzte. Ostegunero bi saio, bakoitza herri batean eta ordu berean. Sailkapen fasean, 48 bertsolarik kantatuko dute, eta gutxienez hogeik lortuko dute Bizkaiko Txapelketan sartzea. Kontuan hartu beharko da 2023ko finalean eta finalaurrekoetan parte hartu zuten bertsolarietatik nortzuk emango duten izena. Sarrerak eskuragai daude Bertsosarrerak.eus atarian.

Udazkenean jokatuko da Bizkaiko Txapelketa. Aurretik, Udabarria Bertsotan sailkapen fasea egingo da. Bertsozale Elkarteak nabarmendu duenez, eskualde guztiek izango dute ordezkaritza udaberriko kanporaketetan. Ekitaldi denak 18:30ean hasiko dira, eta lehenengo biak Munitibarren eta Bakion jokatuko dituzte, maiatzaren 8an.

Sailkapen faseko sarrerak Internet bidez lortu ahal izango dira,baina saioaren egunean baten bat geratzen bada, txarteldegia zabalduko dute 18:00etan. Sarrerak bi euro balioko du Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, eta hiru euro adinez nagusiak diren gainontzeko zaleentzat. 18 urtetik beherakoek doan izango dute.

Eskualdeetatik Bizkaira

2014ra arte, eskualdekako sariketak ziren Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkatzeko bidea. «Hala ere, desoreka handia zegoen haien artean», Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak onartu duenez. Izan ere, eskualde batetik bestera aldatu egiten da biztanle kopurua, baita bertsolari kopurua ere. «Eskualde bereko bertsolariak dagoeneko ohituta daude elkarrekin kantatzen. Sailkapen fase bakarrean, elkarren artean nahastuta, aukera gehiago daukate beste bertsolari batzuekin, beste herri batzuetan eta beste ikusle batzuen aurrean abesteko». 2016an aldatu zuten sailkapen fasearen eredua.

«Bertsolariek eroso kantatzea nahi dugu, baina, aldi berean, lurralde osoan ibiltzea eta elkar ezagutzea»

IONE NARBAIZABizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea

2020ko sailkapen fasea urte hartako maiatzean zen jokatzekoa, baina irailera arte atzeratu behar izan zuten, COVID-19aren pandemiaren ondorioz. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere atzeratu behar izan zuten: 2021eko udazkenera. Lurraldekoa bi urtean behin egiten denez, 2023an egin zuten hurrengoa, eta erabaki zuten Udabarria Bertsotan sortzea. «Formatu txikiko saioak eginez, lortu nahi dugu bertsolariek eroso kantatzea, baina, aldi berean, lurralde osoan ibiltzea eta elkar ezagutzea», adierazi du Narbaizak.

Bizkaiko Txapelketako finala abenduaren 20an izango da, Bilbon. Elkarteko koordinatzaileak aurreratu duenez, ekainaren 10ean aurkeztuko dute sariketa. «Egitura aldetik, aldaketa nabarmenak izango dira. Baina ezin dut gehiago aurreratu». Izan ere, aurreko finalistek eta finalaurrekoetan parte hartu zutenek aukera dute aurtengo txapelketarako zuzenean sailkatzeko, Udabarria Bertsotan-en parte hartu gabe, eta horien izen ematea ez dute zabaldu oraindik.

SAIOEN EGUTEGIA

 

Maiatzak 8.

Munitibar. A multzoko saioa, Probalekuko auditoriumean, 18:30ean. Bertsolariak: Ander Elorriaga Aresti, Asier Galarza Garai, Beñat Bilbao Landa, Illart Gumuzio Larrazabal, June Diaz Franco eta Maite Sarasola Isazelaia. Gai emailea: Leire Garatxena Larrabe.

Bakio. B multzoko saioa, Txakolingunean, 18:30ean. Bertsolariak: Alexander Idoeta Anakabe, Asier Alcedo Cano, Imanol Uria Albizuri, Ion Barrocal Besga, Jone Larrinaga Dañobeitia eta Julen Ibarguengoitia Ordorika. Gai emailea: Jon Amezaga Fernandez.

Maiatzak 15.

Balmaseda. A multzoko saioa, kultur etxeko areto nagusian, 18:30ean. Bertsolariak: Aitor Arrutia Azkueta, Araitz Katarain Mugarza, Enara Gallastegi Barrenetxea, Ixone Asategi Narbaiza, Janire Arrizabalaga Munduate eta Maider Altuna Urbina. Gai emailea: Igor Menika Bengoetxea.

Orozko. B multzoko saioa, Donibane aretoan, 18:30ean. Bertsolariak: Ander Aldazabal Olabarri, Ander Sarriugarte Garcia, Ander Uzelai Aristi, Arkaitz Zipitria Mendizabal, Inazio Vidal Gurrutxaga eta Irune Basagoiti Agirre. Gai emailea: Idoia Anzorandia Kareaga.

Maiatzak 22.

Ermua. A multzoko saioa, Lobiano kulturgunean, 18:30ean. Bertsolariak: Ana Picallo Perez, Garikoitz Sarriugarte Onaindia, Iker Uriarte Urrutia, Izaro Bilbao Arostegi, Jon Martinez Beaskoetxea eta Peio Molinuevo Martin. Gai emailea: Leire Garatxena Larrabe.

Basauri. B multzoko saioa, Ibaigane kultur aretoan, 18:30ean. Bertsolariak: Aitor Esteban Etxebarria, Enare Muniategi Etxabe, Garazi Navarro Ugarteburu, Iker Garitagoitia Astigarraga, Kerman Diaz Franco eta Paule Ixiar Loizaga Legarra. Gai emailea: Igor Menika Bengoetxea.

Maiatzak 29.

Gautegiz Arteaga. A multzoko saioa, udal aretoan, 18:30ean. Bertsolariak: Bittor Salterain Etxebarria, Haizea Telleria Urkijo, Igor Galarza Intxausti, Mikel Aiartzaguena Agirrebeitia, Mikel Retolaza Etxebarria eta Peru Vidal Gurrutxaga. Gai emailea: Idoia Anzorandia Kareaga.

Plentzia. B multzoko saioa, Goñi Portalen, 18:30ean. Bertsolariak: Ander Anakabe Lekue, Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria, Lurdes Ondaro Mallea, Naroa Jaio Jaio, Naroa Torralba Rodriguez eta Peru Irastortza Santxo. Gai emailea: Jon Amezaga Fernandez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.