Ugaon, kirola ere euskaraz

Euskararen erreferentzialtasuna eskola kirolaren bidez lantzeko programa bat jarri dute martxan. Entrenatzaileek gazteengan duten eraginean oinarrituta, euskara leku ez-formaletara hedatu nahi dute.

Ugaoko futbol taldea
Ugaoko futbol taldearen eta Laudiokoaren arteko partida, artxiboko irudi batean. JON GOIKOURIA / GEURIA
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko abenduaren 03a
05:00
Entzun

«Gazte askoren egunerokoan ez dago euskararik, eta hori irauli nahi genuke», adierazi du Asier Kortajarena Ugaoko Kirol zinegotziak: «Egunerokoan, euskara ikasgai bat gehiago besterik ez da haientzat. Ez dute motibaziorik aurkitzen, eta ez dute lortzen egoera positiboekin lotzea. Horregatik, proiektu honen bidez, batez ere, euskara egoera positiboekin lotu eta hizkuntza ohiturak aldatu ahal izatea landuko dugu». Eskola kirolean dauden haurrekin hasi nahi dute proba.

Euskara eta kirola batzen dituen proiektua baita hasierako hau. Kortajarenak esan duenez, euskara eskolarekin bakarrik ez lotzea nahi lukete: «Eskolatik kanpo euskararen erabilpena errazten eta hizkuntza egoera positiboekin lotzen saiatuko gara».

Hala, azken urteetan Ugaoko Udalak kirol klubarekin egin duen harremanarengatik sortu du proiektua, Ebete hizkuntza zerbitzuko teknikariekin. Proiektua 2020an jarri zuen martxan Ebetek lehen aldiz, gazteek eta nerabeek euskararen erabileran dituzten gabeziak arintzeko asmoz. «Klubeko zuzendaritza taldeekin egiten dute lan lehendabizi, azpimarratuz kirolak eduki dezakeen garrantzia gazteek euskararekiko duten ikuspegia aldatzeko. Hurrengo urteetan, erronka formatuen bidez, klubak egingo dituen aurrerapausoak zehazten dira. Beraz, emaitzen zain gaude oraindik. Errotuago eduki nahi genuke kontua».

Sistemaren funtzionamenduari dagokionez, Kortajarenak dio entrenatzaileen formazio praktikoak eskaintzen dituela proiektuak, «euskarak lekua eduki dezan entrenamenduetan». Kirol kluben komunikazio sareetan arreta jartzeko eta ele bitan idazteko baliabideak eskainiko dizkiete. Gainera, kirolariekin partidu osteko bideo elkarrizketak sortuko dituzte, hizkuntzaren erabilpena jorratzeko, eta gertuko erreferenteekin dinamikak proposatuko dizkiete.

Ugaokoaz gain, beste hainbat herritako kirol klub ere proiektu honen parte izango dira: Basauri, Enkarterri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Urduña eta Santurtzi. Herri batzuk orain aurkeztu dira proiektura, eta hau dute estreinako aldia; beste batzuek, berriz, bigarren edo hirugarren urteko jarraipenean segituko dute, Ebete hizkuntza zerbitzuen aholkularitza eta laguntzarekin, betiere.

Epaileekin

Bizkaiko Foru Aldundiak badu halako programa bat Bizkaian, Kirola ere euskaraz deiturikoa. Horren bidez, euskararen erabilera normalizatzea dute helburu. Orain, besoko identifikazioaren bidez, arbitroen arteko komunikazioa euskaraz izateko aukera emango du.

Haien kargu dagoen kirol sisteman euskararen presentzia handitzeko xedez, euskaraz hitz egiten duten eta euskara ulertzen duten arbitroak identifikatzeko sistema da. Borondatezkoa izango da: nahi duen orok partidetan besokoa erabili ahalko du. Gorria euskara ulertzeko eta euskaraz erantzuteko gai direnentzat izango da. Berdea, berriz, euskara ulertu baina euskaraz erantzuteko zailtasunak dituztenentzat.

Denboraldi honetan, saskibaloian, eskubaloian, futbolean, arku tiroan, pilotan, herri kiroletan, surfean eta errugbian probatuko dute. 30.000 gazteri eragingo die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.