Uholderik ez izateko lanak amaitu dituzte Ibaizabalen eta Nerbioin

Lanek 11 urte iraun dute, eta 36,2 milioi euroren inbertsioa egin dute. Uraren Euskal Agentzia eta Zaratamoko, Basauriko eta Galdakaoko udalak ibili dira elkarlanean.

(ID: 17008432206105) Bengoetxe zubia
Galdakaoko Bengoetxe zubia, Ura proiektuagatik zaharberritua. IREKIA
Mikel Garcia Martikorena.
2023ko abenduaren 01a
05:05
Entzun

Ibaizabal eta Nerbioi ibaietan uholderik ez izateko lanak amaitutzat eman ditu Uraren Euskal Agentziak. 11 urte eta hiru faseren ostean, bukatu dira lanak, 36,2 milioi euroko inbertsioarekin. Lan horiei esker, Basauriko eta Galdakaoko 5.200 herritar bizi diren eremu horretan ez da uholderik izango, orain «ohikoak» baitira. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak esan du lan orokorrak abenduan amaituko dituztela.

Obrak «funtsezkoak» izan dira, ur goraldiak era naturalean izaten baitira behin eta berriz. Inguruan bizitzen hamarkadak daramatzaten bizilagunek gogoan dituzte 1983an pairatutako uholdeak; hala ere, ez dago berrogei urte atzera joan beharrik urak pasealekuak hartu dituen egunak oroitzeko. Ohikoa da euria indartsu egiten duenean Basauriko Fleming Doktorearen pasealekua urez gainezka ikustea. Ur agentziaren arabera, «ehun urtean uholdeek ez dituzte kalteak eragingo inguruan». Hau da, lanei esker, Ibaizabal eta Nerbioi ibaiek ez dute halako kalterik eragingo 2123ra arte. Proiektuaren lehen emaitzak jadanik ikusgai daudela dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Haren aburuz, Zuhatzu inguruan «urtero» uholdeak zeuden, baina, obren ondoren, azken bi urteetan ura ez da espaloira heldu.

Galdakaoko alkatea ere obren garrantziaz aritu da, eta baieztatu du Ibaizabalen ingurua «segurua» dela. Lanei esker Galdakaoko, Basauriko eta Zaratamoko bizilagunek bizi kalitate hobea izango dutela uste du Hernandok: «Hemendik aurrerako neguak lasaiago igaroko dituzte bizilagunek, etengabe ibaira begira egon beharrik gabe». Basauriko, Galdakaoko eta Zaratamoko udalekin ibili da elkarlanean Uraren Agentziaren proiektua aurrera eramateko. Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak esan du haienaren moduko herri txiki batentzat zein garrantzitsua den inguruko udalerri handiagoekin lan egitea. Haren ustez, «ezinezkoa» litzateke horrelako proiektu bat gauzatzea elkarlanik gabe. «Ibaiari bizkarra eman beharrean, hari begira jar gaitezke hemendik aurrera», gaineratu du Ugarrizak.

«Hemendik aurrerako neguak lasaiago igaroko dituzte bizilagunek, ibaira etengabe begira egon beharrik gabe».IÑIGO HERNANDOGaldakaoko alkatea

Obrek sekzio hidraulikoa –ibaiaren bidearen sakonera– handitu dute 5,3 kilometroan zehar. Gudarien hiribidea, Urbi eta Bridgestone zubiak ordezkatu dituzte (Basauri), eta Bengoetxekoa zaharberritu (Galdakao). Tapiak gaineratu du lanak bukatutzat dituzten arren oraindik «erremateak eta osatzeko xehetasunak» geratzen direla. Lanei esker «pertsonen eta inguruko jarduera ekonomikoaren» segurtasuna areagotu dela uste du Uraren Agentziak.

Hiru fase

2012an hasi zen Uraren Agentziak hiru udalerriekin batera elkarlanean egindako proiektua. Urte hartan jarri zuten abian lehenengo fasea, Nerbioi ibaian. Lehen lanen helburua ibaiaren ahalmena handitzea izan da; horretarako, 2.020 metroko ibilbidean –antzina Etxebarriko Bandas fabrika zegoen lekutik Basauriko Arizko zubiraino– 2,5 metro gehitu dizkiote ibaiaren ibilguaren sakonerari. Gainera, Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek bat egiten duten tokian 28 metro zabal den kanal bat egokitu zen. Lehen faseko lanak urte bakarrean egin zituzten, hamasei milioi euro inbertituta.

Bigarren faseak urte bete baino gehiago behar izan zuen, 2017an amaitu baitzituzten lanak. 1.270 metroko tartean egin zituzten, Nerbioi eta Ibaizabal ibaien arteko elkargunetik Ibaizabalen dagoen Bengoetxeko (Galdakao) presaraino. Bestelako lanak egin behar izan zituzten, ikusi baitzuten tarteak ez zuela ahalmenik «ur askoko gertakarietan» hainbeste ur garraiatzeko. Urbiko eta Bridgestoneko zubiak aldatu behar izan dituzte. Bigarren fasearen aurrekontua 7,7 milioi eurokoa izan da.

6,3

Aurreztutako dirua, milioi eurotan. Uraren Agentziak egindako proiektuak uholdeek urtean eragiten dituzten kalte materialak gutxituko ditu. Aurreikusitakoaren arabera, kalte horiek zazpi milioi eurotik 700.000ra igaroko dira.

Hirugarren eta azken faseak Bengoetxeko presatik Plazakoetxekora arteko 1.640 metroak hartzen ditu. 12,5 milioiko inbertsioa egin da azken fasean, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren finantzaketari esker.

Hirugarren fasea amaituta, hemendik aurrera udalen esku dago herriak Ibaizabal eta Nerbioi ibaiekin duten harremana nola garatu erabakitzea. Basauriri dagokionez, esaterako, Asier Iragorri alkateak dio urteak daramatzatela ibaia «herrian txertatzen»: «Ibaia eguneroko bizitzan integratuta dago». Galdakaok adierazi du Torrezabaleko zubiaren inguruko ibaiertzean aisialdirako gune berri bat egiteko asmoa duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.