ander uzelai

Ukabilkada sabelaldean

2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Medikuntza ikasi nuen EHUren Leioako campusean. Bide luzea eta malkartsua izan arren, azkenean iritsi ginen helmugara; arnasestuka, baina zeharkatu genuen tituluaren marra. Sei urteko gradua da, eta horietako hiru Leioan ematen ditugu; batez ere, teoria baita hasierako urteen zutabea. Ondoren, karrerako bigarren erdia ospitalean ikasten dugu; zehazki, ospitaleetako dozentzia-unitateetan. Beraz, guztiok gune bakar batean egotetik ospitaleetako unitateetara banatzen gara graduaren bigarren erdia egiteko: Gurutzetako, Basurtuko, Donostiako edo Gasteizko ospitaleetara. Nik Gurutzetara joatea hautatu nuen, bizkaitarra naizelako eta ordura arte hari buruz entzundakoa gustatu zitzaidalako.

Graduaren ostean, ordea, espezialitate bat aukeratu behar izaten dugu, eta orduan Santanderko Valdecilla ospitalera joan behar izan nuen, Euskal Herrian ez baitzegoen nahi nuen plaza. Urte batzuez egon naiz han lanean, eta hango errealitatera ohitua nagoela esango nuke. Norbera kanpoan egoteak baditu abantailak; izan ere, barrukoaren perspektiba ezberdin bat ematen dizu. Lehen hilabeteak pasatutakoan, kontu bitxi batez konturatu nintzen: hizkuntza aldetik ez zegoen ezberdintasun handirik Gurutzetaren eta Valdecillaren artean. Gogorra egin zitzaidan hori digeritzea, baina egia gordina da. Eguna «buenos días» batekin hasten da bietan. Jardunaren gehiengo handi bat gaztelania hutsean jorratzen da bietan. Sabelaldean ukabilkada lehor bat sentitu nuen horretaz ohartu nintzen unean. Mina ematen dit, egia esan. 

Pazientearen eskubideak ipini behar dira zentroan; hots, euskaraz artatua izan nahi duen pertsona orori euskarazko arreta emateak behar luke lehentasuna

Beti sinistu izan dut egunen batean gure lurraldean euskarazko arreta eskaintzeko gai izango garela osasun alorrean ere; alegia, hala nahiago duenarentzat kalitatezko arreta eskaintzeko gai izango garela. Aitzitik, neure burua zahartzat ez dudan arren, urteak igaro ahala gero eta urrunago ikusten dut ideia hori. Fantasia hutsa den susmoa dut. Hemengo ospitaleetan gaztelania hutsean jarduten da, oro har; bai profesionalen arteko harremanean, bai profesional-paziente harremanean. Eta ez naiz sentsazioez ari, osasun zentroetan bizi izan ditudan urteez baizik. Pazientearen (bai, gu ere gaixotzen gara) eta profesionalaren ikuspegietatik bizitako esperientziez, hain zuzen ere. 

Ez dut esan nahi euskarazko hitz bakar bat ere entzuten ez denik ospitaleetan edo euskarazko arreta bultzatzeko ekimenik ez dagoenik martxan. Jakin badakit norabide horretan egindako lana ez dela makala izan. Besterik gabe, errealitatearen erradiografia bat egin nahi nuen; nire begien X-izpietatik, noski. Kontziente naiz, jarrera kritikoaz aparte, hobe dela ekimen berrietan sinestea edota kritika eraikitzaileak egitea, baina gaur pixka bat ezkor esnatu naiz. Gauzak sekula aldatuko ez direla esaten didan ahots mingots hori besterik ez dut entzuten. 

Nire barne iraultza beti ipintzen nuen profesionalaren ikuspegitik; hau da, gradu osoa euskaraz ikasteko eskubidea edo profesionalek gure jarduna euskaraz betetzeko eskubidea izaten nituen aldarrikapen. Klasekide batek esaten zidanaz ohartzen hasi naiz azkenaldian: pazientearen eskubideak ipini behar dira zentroan; hots, euskaraz artatua izan nahi duen pertsona orori euskarazko arreta emateak behar luke lehentasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.