Gorbeialde landa garapenerako elkartea Hego Uribeko hainbat eraikin esanguratsu zaharberritzea bultzatzen ari da, turismo azpiegiturak eraginkorrak izateko bidean. Astelehenetik, Orduña Hiria museoa eraldatzen ari dira, eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko. Europako Next Generation funtsetatik jasotako 238.600 euro erabiliko dituzte; besteak beste, aerotermia sistema ezartzeko. Horri esker, orain arte erabiltzen zituzten bost butano berogailuak kenduko dituzte, eta aurrerantzean eraikin osoa berotu ahal izango dute. Horrez gain, kanpoko zurezko material guztiak berrituko dituzte, klimatizazioa hobetzeko. Obrak bukatutakoan, museoak %71 energia gutxiago kontsumituko du, eta karbono dioxido isuriak «nabarmen» urritu. Asmoa da museoa Aste Santurako zabaltzea.
Iker Santocildes alkateak esan du lan horiek «estrategikoak» direla Urduñarentzat. «Hiri hau zer den eta nondik datorren aitortzen duten lekuetako bat da museoa». Haren arabera, iazko datuek erakusten dute azpiegituraren garrantzia: ia 10.000 lagunek bisitatu zuten, eta jendaurreko 58 ekitaldi egin ziren hango aretoetan. Horrez gain, hamabi erakusketa iraunkor ditu, eta aldi baterako beste hamahiru egon ziren ikusgai 2025ean. Hain zuzen, Etxekoak izeneko aretoa inauguratu zuten, aldi baterako bildumentzako gunea: ezkontza tradizionaletako piezak izan dituzte ikusgai. Bestalde, museoak laurogei pieza jaso zituen iaz dohaintzan. Christopher & Etienne harmoniuma zaharberritzen bukatu zuten, eta Rossell-Elexalde familiak lagatako Vespa moto sidekardun bat ere konpondu dute.
Urduñako museoko lanak bukatutakoan, Orozkoko Museo Etnografikoa, Zeberioko Taberna Zaharra eta Ubideko Olalde aterpetxea ere berrituko ditu Gorbeialdek, Europako funtsak erabilita.