Lurra eta zaintza, andre baserritarren erronkak

Andre gazte bat berotegian, Gamiz-Fikan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Andre gazte bat berotegian, Gamiz-Fikan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko urriaren 14a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ama izan nintzenean, laguntza barik topatu nuen neure burua, esnetarako behiak hazten». Amets Ladislaok hainbat urte egin ditu Errigoitiko Bizkaigane kooperatiban. Behiak, ardiak eta txerriak hazten dituzte, eta bertan egiten dituzte esnekiak eta prestatzen dute haragia. Eskualdean dauden asteroko merkatuetan eta hainbat dendatan saltzen dute. «Elkarte bat gara. Gurea ez da familia ustiategi bat. Ondo moldatu naiz beti, baina, ama izan nintzenean, katarsi bat bizi izan nuen». Ez du lortu zaintza eta baserritar lana bateragarri egitea. Oraintsu, Meñakako okindegi batean hasi da beharrean. «Antzinako gari motekin egiten dugu lan, eta modu ekologikoan ekoizten dugu. Hemen ere zuzeneko salmenta egiten dugu». Dioenez, lan honetan errazago uztartu ditu zaintza eta soldatapeko beharra.

Bihar, urriak 15, Emakume Baserritarren Nazioarteko Eguna izango da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak omenaldia egin die gaur. Ladislaok ekitaldian parte hartu du, Etxalde andre baserritarren taldeko eta Bizkaiko EHNE sindikatuko kide modura. Harekin batera egon dira Landa XXI elkarteko presidenteorde Nieves Martinez de Morentin eta Saskia elkarteko presidente Lorea Momeñe ere. Hirurek nabarmendu dute zaintza dela andre baserritarren erronka handienetako bat. Lanaren ordutegiek ez dute askorik laguntzen. Momeñeren esanetan, landa ingurua gogorragoa da zaintza lanetarako, batez ere zerbitzu publikoen eskasiaren eraginez: «Hainbat adibide aipatu ditzakegu. Etxetik zortzi kilometrora dugu autobus geltokia. 16 urtetik gora hezkuntza ez da derrigorrezkoa, eta adin hori betetzen dutenetik ez dugu autobus publikorik gure seme-alabak ikastetxera eroateko».

769160559 202510141058224763147 27115
Lorea Momeñe, Arantza Atutxa, Amets Ladislao eta Nieves Martinez de Morentin, gaur, Bilbon. BERRIA 

Bizkaiko ustiategien erdietan daude andreak kudeaketan: 4.799 andre dira titular, titularkide edo bazkide. Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuaren esanetan, azken bost urteetan %6 hazi da emakume baten izenean dauden ustiategien kopurua. Hala ere, oraindik bide luzea egin behar dute ikusgarritasuna lortzeko, Martinez de Morentinen esanetan. Gogoratu duenez, oraintsu hasi dira ustiategien jabetza lortzen. Apurka, gero eta esku hartze handiagoa dute ustiategien kudeaketan eta erabaki politikoetan. Bere etxean jazotakoa aipatu du adibide gisa.

Zamudioko familia baserrian dute ustiategia senarrak eta biek. Martinez de Morentinen amaren aldeko arbasoengandik jaso dute. «Nire amarena izan arren, aitaren izenean zegoen». Gurasoek eredu tradizionalean jardun zuten, nekazaritza eta abeltzaintza uztartuta, baina Martinez de Morentinek eta bikotekideak «gogorregia» dela erabaki zuten, eta iratzeetan oinarritutako landare apaingarriak ekoizteari ekin zioten lehenengo. Gero landetxe bat ere ipini zuten, baina duela urte bi zarratu zuten. Orain, landare apaingarriekin aurrera jarraitzen dute, eta kiwiak ere ekoizten dituzte, eta merkatuetara joaten dira saltzera. Batzuetan alabak ere laguntzen die, baina gurasoek ikasteko esaten diote, baserritarrena ogibide «gogorra» delako.

Momeñek ere alaba bi ditu, eta biak daude unibertsitatean, erizaintza eta ingeles filologia ikasten. «Biek diote guk ordu asko egiten ditugula lanean, eta ez dutela horrela lan egin nahi», ohartarazi du. Berak ere unibertsitate ikasketak ditu, eta aurretik ez zuen harremanik lehen sektorearekin. «Bizitzak Orozkora eroan ninduen, baserri batera, eta alaben zaintzarekin bateragarri egiteko hasi nintzen abeltzaintzan. Landa inguruan etxetik kanpo egiten baduzu lan, oso zaila da umeak zaintzea».

Hasieran, Momeñerena zen ustiategia; gaur egun, bere bikotekidearena ere bada. Txerriak hazten dituzte modu estentsiboan, eta txerrikia saltzen dute. Urigoitiko txorizoak du izena enpresak. 2020an minbizia izan zuen Momeñek, eta ordutik lan fisikoa utzi behar izan du. Saskia landa inguruko emakume enpresarien elkarteko burua da, eta, besteak beste, Gure Lurreko Merkatuak antolatzen ibiltzen da. ENBA sindikatuko kide ere bada.

Belaunaldi gazteak

Emakume titularren batez besteko adina 63 urtekoa da. «Datu horrek agerian uzten du belaunaldi erreleboan lan egiten jarraitu behar dugula», ohartarazi du diputatuak. Azken bost urteetan, foru aldundiak 73 gazteri lagundu die nekazaritzan hasten; horietatik 27 izan dira emakumeak. Ez dute erraza zerotik hastea, Ladislaok nabarmendu duenez. Bereziki zaila da lursailik ez dutenentzat, eta salatu du emakumeek gizonek baino gaitzago dutela lurra lortzea eta kredituak eskuratzea.

Etxaldeko kidearen arabera, andreen esku dauden ustiategiek honelakoak izaten dira nagusiki: nekazaritza eta abeltzaintza uztartzen dituzte; tamainaz txikiak dira, jasangarriak, lurrari lotutakoak, eta zuzeneko salmenta egiten dute. Ladislaok ohartarazi du eredu hori politika publikoetan baztertuta egon dela, eta hori aldatzeko eskatu du. Iruditzen zaio gaur hiru elkarteetako kideek diputatuarekin izan duten topaketak lagunduko duela etorkizunerako bidea zehazten. «Mahai hau guretzat oso garrantzitsua da, entzuteko mahai bat delako. Lortu behar dugu politika publikoetan emakumea galtzaile ez izatea lurra lortzeko orduan».

Hiru ekoizleek ezinbestekotzat jo dute gizarteak haien lana ezagutzea. «Ezin dugu jarraitu orain arte bezala bizitzen. Europan, Euskal Herrian, Bizkaian uste badugu munduaren beste erdiak, hegoaldeak emango digula jaten, oker gaude. Hori amaitu egingo da, eta herri gisa prestatu behar dugu», adierazi du Ladislaok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.