Asteburuan bukatu zuten denboraldia Espainiako ACB ligan, eta Bilbo Basketek hamaseigarren bukatu du, jaitsieratik gertu. Irudi lezake denboraldi txarra izan duela, baina, oro har, ez da larri sentitu, ez du-eta izan mailaz jaitsi zitezkeen beldurrik. Gainera, 2024-2025eko denboraldia jokalarien eta zaleen gogoan iltzatuta geratuko da, eta ez bakarrik kluba sortu zen 25. urteurrena ospatu dutelako; izan ere, Bilbo Basketek lehenengoz irabazi du txapelketa bat: FIBAren Europako Kopa irabazi zuen apirilaren 23an, Tesalonikan (Grezia), PAOKen aurka. Zaleek ez dute ahaztuko handik bi egunera Bilboko kaleetan ospatutako jai jendetsua.
Hala ere, taldearen jarraitzaileek badituzte beste denboraldi kutun batzuk. Berbarako, Deabruak zaleen taldeko kide Asier Mugidak LEB ligan jokatu zuten 2018-2019ko denboraldia nabarmendu du. «Oso gaitza zen lehen urtean bertan ACBra bueltatzea, baina lortu genuen. Denboraldiko bigarren partea zoragarria izan zen; oso polita». Mugidak gogoratu du zaleek sendo jarraitu zutela taldea babesten; hamabostero, 6.000 lagun biltzen ziren Bilbo Arenan. Urte gehiago ere aipatu ditu: 2010-2011ko denboraldian ACBko txapeldunorde izan ziren, eta 2011-2012koan Euroligan jokatu zuten.
Bilbo Basketen historia «harrigarria» izan da, Mugidaren ustetan. «25 urte asko direla irudi lezake, baina kirol klub batentzat ez da horrenbeste, eta ikusi zenbat gauza lortu ditugun hain denbora gutxian». Ibilbide gorabeheratsua izan du klubak. Desagertzeko zorian ere egon zen, 2012an hasitako arazo ekonomikoen ondorioz. «Erakunde batzuek modu artifizialean puztu zuten kluba, munduko txapelketa BECera ekarri ahal izateko. Hori lortu zutenean, kluba bertan behera utzi nahi izan zuten», esan du Deabruak taldeko kideak. Zaleek manifestazioak egin zituzten, eta han egon ziren zaleen taldeak ere. «Ez zen zilegi kluba horrela abandonatzea».
Gazteak eta familiak
Bilbo Basketen inguruan sortutako zaleen taldeen artean zaharrena Hirukoa da. Duela 21 urte ipini zuten martxan. Gaur egun dauden bospasei taldeen artean handiena ere bada: 105 bat kide ditu. Azken bi urteetan Jon Ander Asua izan da presidentea. Taldean izena eman zuenean hartu zuen kargua. Asuak kontatu duenez, COVID-19aren pandemiaren ondorioz zaleen mugimendua motelduta zegoen. «Hainbat jende gazte batu ginen animazioa berpizteko».
Asuak esan du azken urteetan egindako lanari esker lortu dutela gazteak erakartzea; 20 eta 35 urte artekoak, bereziki. «Animazioari buelta bat eman diogu. Hainbeste urte zeramatzaten beti abesti berak abesten, beti gauza berak egiten. Lehengoari ere eutsi diogu, baina animatzeko modu berriak sortu ditugu». Gura lukete Bilbo Basketeko zaleak ACB ligako «animatuenak» izatea. Asuak zaleen bi talde jo ditu eredutzat: Lugoko (Galizia) Breogan klubaren Embreogados eta Lleidako (Herrialde Katalanak) Nucli Bordeus.

Athleticek San Mamesen nola, Bilbo Basketek ere animaziorako harmaila dauka Bilbo Arenan. Bilbo Basketeko jokalarien aulkiaren atzean dago. Asuak azaldu duenez, gehienbat Hirukoa taldeko kideak egoten dira han jokalariak animatzen. Deabruak taldeko Mugidak aitortu du haiek, oro har, ez direla harmaila horretara joaten: «Gure taldean eta besteetan jendeak gurago izaten du bere txokoan egon, betiko lagunekin eta familiarekin».
Hain zuzen ere, hori da Bilbo Basketeko zaleen beste ezaugarrietako bat: familia asko joaten dira kantxara, umeekin. Mugidaren esanetan, askorentzat domeka eguerdirako plana da saskibaloia ikustea, «plan lasaia baita». Horren ondorioz, taldeak kanpoan jokatzen duenean «gutxi» joaten dira jokalariak animatzera, baita astegunetan etxean jokatzen duenean ere.
25. urteurrena ospatuta, lehen garaikurra lortuta eta zor ekonomikoa kitatu berri, Bilbo Basket ondo dago hurrengo mende laurdena hasteko. Zaleen aldetik ere babes itzela dauka. Baina Asuak kezka agertu du, ez baitaki zer gertatuko den sostengu horrekin egunen batean egoera okertzen bada. «Aurten ere ikusi dugu pare bat partida segidan galdu dituztenean zale batzuk ez zirela Miribillara joaten, eta harmailetan zurrumurruak entzuten ziren. Jarraitzaileok beti babestu behar dugu taldea, onean eta txarrean».