Udazkeneko eguraldia leundu egin da azken urteetan, eta, Bizkaian, tenperatura atseginak izaten dira azaroan ere, Carlos Alzaga Azpiegituretako diputatuaren esanetan. Hala ere, neguko bidezaintza planak ohiko datari eusten dio oraindik, eta zapatuan sartuko da indarrean aurtengoa. Apirilaren 30era bitartean, 431 behargin eta elurra kentzeko 90 makina lanerako prest egongo dira. Planak 1,8 milioi euroko aurrekontua du.
Bizkaiko Foru Aldundiak gatzuna eta gatza ere prest dauzka, elurra edo izotza ailegatzen direnerako. Hogei silo, bederatzi bilketa toki eta lau gatzun biltegi ditu lurralde osoan zehar. Horrez gain, sei estazio meteorologiko egongo dira martxan leku estrategikoetan: Cadaguako korridorean (Balmaseda), Erletxen, Bilbo-Mungia errepidean, Arteagan, eta Autzagana eta Barazar gainetan.
Aurtengo berrikuntzen artean, bat azpimarratu du diputatuak. N-240 errepidean, Barazarren, instalazio fotovoltaiko bat ipini dute, urgarriak biltegiratzeko erabiltzen diren instalazioak energiaz hornitzeko. Hogei eguzki panelek osatzen dute.
Aurreko neguan, 29 alerta aktibatu zituzten elurragatik eta hotzagatik; guztiak, maila horikoak. Horietatik 21 muturreko hotzagatiko alertak izan ziren, eta batez ere urtarrilean eta otsailean ezarri zituzten. Elurra kentzeko makinak 2.997 orduz ibili ziren beharrean. 1.852 tona gatz banatu zituzten Bizkaiko errepideetan.
 
     
    