Medikua eta ikertzailea

Maitane Alonso Monasterio: «Zoritxarrez, pazientea ezin da beti sendatu, baina beti zaindu daiteke»

Maitane Alonso Monasteriok prostata minbiziaren inguruko gradu amaierako lana aurkeztu du San Frantziskoko nazioarteko konferentzia batean.

Maitane Alonso Monasterio Medikuntzan graduatua eta ikerlaria, Bilbon, maiatzean. BIZKAIKO HITZA
Maitane Alonso Monasterio Medikuntzan graduatua eta ikerlaria, Bilbon, maiatzean. BIZKAIKO HITZA
Leire Rodero
2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jakin-minak eta laguntzeko grinak mugitzen dute Maitane Alonso Monasterio (Sodupe, 2001). Medikuntza gradua amaitu berri du, eta, orain, Barakaldoko Gurutzetako ospitalean hasi da onkologia medikoko zerbitzuan, egoiliar moduan. Gradu amaierako lanean egindako ikerketak mugak zeharkatu ditu, eta otsailean San Frantziskoko (AEB) American Society of Clinical Oncology GU25 onkologia genitourinarioko munduko kongresurik ospetsuenean aurkeztu zuen.

Zertan oinarritu da zure ikerketa lana?

Nire gradu amaierako lana atzera begirako ikerketa deskriptiboa izan da. Prostata metastasikoko minbizia duten Gurutzetako ospitaleko pazienteak aztertu nituen. Orain arte pentsatzen zen DNA konpontzeaz arduratzen diren geneen alterazio genetiko germinalek ez zeukatela eraginik gaixotasunean, baina, ikerlanari esker, frogatu da alterazio horiek mugatu egin lezaketela pazienteen iraupena. 

Ikerketaren emaitzek prostatako minbizia duten pazienteen bizitza aldatuko dute?

Oraindik oso goiz da hori esateko. Azkenean, hau gradu amaierako lan bat besterik ez da. Ondorio bat ateratzeko aukera eman digu, eta, aldi berean, hipotesi bihurtu da. Espero dut lana hemen ez amaitzea eta egunen batean norbait laguntzeko balio izatea. Baina egun hori oso urrun dago. Denbora asko eta ahalegin eta pazientzia handia behar da benetako inpaktua duten ikerketak aurrera ateratzeko. Hori bai, esperientzia honek bide bat ireki du. Pertsonengatik eta pertsonentzat ikertzen dugu, eta, zalantzarik gabe, lanean jarraituko dugu.

«Pertsonengatik eta pertsonentzat ikertzen dugu, eta, zalantzarik gabe, lanean jarraituko dugu»

Nolakoa izan da zuretzat gradu amaierako lanak izan duen bilakaera ikustea?

BAME azterketarako ikasten ari nintzela jakin nuen San Frantziskon aurkeztuko nuela. Izugarri hunkitu nintzen. Azken finean, zientzialari askok bizitza osoa eman dezakete ikertzen, isilean lan egiten, inolako errekonozimendu publikorik gabe; horregatik, zorionekoa sentitzen naiz. Beti esan dut ikerketak galdera soil batekin hasten direla, eta hortik gutxinaka-gutxinaka gehiago ateratzen direla. Hori da agian, hain zuzen ere, zientziaren ikuspegirik politena. 

Urte hauetan hitzaldiak eman dituzu hainbat ikastetxetan. Zerk bultzatu zaitu hori egitera?

Oso lotsatia izan naiz beti, baina konturatu nintzen lotsa gainditu egin behar nuela. Beti sentitu dut nire familiaren babesa aurrera eramaten nituen proiektu guztietan. Beti lagundu eta babestu naute gurasoek. Baina badakit jende asko ez dagoela berdin. Gustatuko litzaidake gazteek, beren familia egoera edozein dela ere, sostengu hori sentitzea hezkuntza sistemaren partetik. Beraz, lotsa alde batera utzi eta ikastetxeetan hitzaldiak ematera animatu nintzen, nik jasotako laguntza hori besteei emateko. Nire ustez, denok dugu zientzialari txiki bat barruan. Haurrek galdera asko egiten dituzte. Argi dago haiek mundu hobea nahi dutela.

Nola ikusten duzu zientziaren eta gazteen arteko harremana? 

Zientzia munduan erreferenterik ez dagoela errepikatzen da maiz, baina ez da egia. Gure inguruan jende bikaina dago, baina ez ditugu ezagutzen; gertu daude, baina inork ez ditu ikusarazten. Horiek dira, hain zuzen, behar ditugun ereduak. Marie Curie, adibidez, oso figura garrantzitsua da, baina urrunekoa ere bai. Batzuetan badirudi zientzialaria izateko Nobel sariak irabazi behar direla, eta horrek beldurra eta presioa sorrarazten du. Hala ere, gazteekin hitz egiten dudanean, beti esaten didate euren benetako erreferenteak ama, osaba edo lagunak direla. Inguruan dituztenak, alegia. Azkeneko asteetan asko hitz egin da unibertsitatera sartzeko probari buruz, eta horrek erakutsi digu gazteek ikasten jarraitu nahi dutela. Askok ideia izugarriak dituzte, eta aurrera eramateko laguntza baino ez dute behar.

Zuk egindako bidean, inoiz sentitu al duzu jarraitzeko laguntza edo baliabideak falta zitzaizkizula?

Oro har, ez dut laguntza falta sentitu. Baina San Frantziskora joateko aukera eman zidatenean, diru laguntzen bila hasi nintzen, eta beka guztietarako ezinbestekoa zen egoiliar izatea. Orduan ezinezkoa zen, graduatu berria nintzelako. Oso gogorra da laguntza guztien kanpo geratzea adin nahikoa ez izateagatik. Nik zorte handia izan dut nire familiak izugarrizko esfortzua egin duelako bidaia egin ahal izateko. Hala ere, nik uste jakin-min zientifikoak ez duela adinarekin zerikusirik. Zientziak irekita egon beharko luke lan egin nahi duen ororentzat. Gainera, beti esan dut ni ikerketaren aurpegia naizela, baina zientzia talde lana da. Horregatik, biziki eskertu nahi diet Gurutzetako ospitaleko onkologia medikoko zerbitzuari, Biobizkaiko plataforma genetikoari eta gradu amaierako laneko zuzendaria izan den Eneko Novori, haiek gabe ezer ez baitzen posible izango.

«Beti esan dut ni ikerketaren aurpegia naizela, baina zientzia talde lana da»

Nolakoa izan zen lana nazioarteko ingurune zientifikoan aurkezteko esperientzia?

Sekulako esperientzia izan zen. Urteetan zehar irakurri ditudan artikuluen idazleekin egotea eta miresten ditudan zientzialariekin egotea sinestezina izan zen. Oso gertukoak dira, eta asko harritu ninduen zientzialariek elkar laguntzeko eta partekatzeko daukaten nahiak. Hori da, niretzat, zientziaren benetako mezua; guztiok norabide berean arraun egitea. Inoiz ahaztuko ez dudan bizipen bat izan da.

Hainbatetan esan duzu zaintza ikerketa bera bezain garrantzitsua dela. Zer esan nahi duzu horrekin?

Ni Medikuntza graduan sartu nintzen ikerlari izateko asmotan, baina, ikasketek aurrera egin ahala, zaintzaz maitemindu nintzen. Niretzat, besteak zaintzea pribilegio handia da. Onartu behar dugu, zoritxarrez, pazientea ezin dela beti sendatu, baina beti zaindu daitekeela. Argi daukat medikuntza ehuneko ehunean zaintza dela, zaintzak egiten gaituelako benetan gizaki.

Hainbat sari jaso dituzu, hau guztia ikasketekin uztartzeaz gain. Nola lortu duzu bizitza akademiko zorrotza gainontzeko erantzukizunekin orekatzea?

Oso eskertuta nago, baina sariak paperak direla esaten dut beti. Eskertu egiten dut, noski, baina eskaintzen duten plataforma da niretzat baliotsuena. Garrantzitsuena hori da: pertsonei laguntzeko ematen dizuten aukera. Ikasketekin uztartzea zaila izan da. Oso zorrotz aritu naiz, eta gogorra izan da. Orain ikusi dut ikasten ari nintzen bitartean lan egiteak beste ikuspegi bat eman didala. Ikasi eta bizitako guztia ezin dit inork kendu; hori izan da saririk handiena.

Nola imajinatzen duzu zeure burua etorkizunean: praktika medikotik hurbilago edo ikerketara bideratuta?

Nik beti ikusi dut neure burua onkologia medikoan. Baina posible da pazienteengandik hurbil egotea eta, aldi berean, ikertzea. Aukeratu behar badut, medikua izatea hautatuko dut, zalantzarik gabe. Gaur edo hamar urte barru erantzun berbera izango dut: pertsonak zaindu nahi ditut. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.