Trapagarango Zugaztieta auzoko abeltzainak Bizkaiko Batzar Nagusietan izan dira gaur. Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean haien jardunean eragiten duten hainbat arazo azaldu dituzte. Ganadua babesteko neurriak eskatu dituzte: gura dute golf zelaiko hesia hobetzea eta BI-757 errepidean istripuak saihesteko hobekuntzak egitea.
Hiru abeltzain joan dira batzordera; haien behiek Zugaztietako larreetan bazkatzen dute. Jose Antonio Quintana Linazak egin du berba hiruren izenean. Azaldu duenez, Meaztegi golf zelaia inguratzen duen hesia ez da behar bezain sendoa, eta sarritan behiak golf zelaira sartzen zaizkie, ez dutelako traba eraginkorrik topatzen. Ondorioz, golf zelaiak salaketak jartzen dizkie. Kudeaketa esleituta daukan arren, golf zelaiaren jabea Bizkaiko Foru Aldundia da. Horregatik, behar bezalako hesia jartzeko eskatu diote; hau da, ganadua pasatzea eragotziko duen alanbre arantzaduna duena.
Aldi berean, BI-757 errepidean sarri istripuak izaten direla kontatu du Quintanak, argi faltagatik gauetan ez delako behar bezala ikusten. Batzuetan abeltzain horien ganadua harrapatzen dute ibilgailuek, ez dutelako garaiz ikusi. Diputazioak dagoeneko hartu ditu neurri batzuk, eta 20.000 euroko inbertsioa egin du. Quintanak salatu du diru horren gehiengoa gehiegizko seinaleztapenerako erabili dela, errepideak dituen zoladura arazoak konpontzeko eta zebra bideak jartzeko erabili ordez. Gainera, salatu dutenez, gauetan legez kanpoko auto lasterketak egiten dira bide horretan, eta horrek arriskua handitzen du, eta, gainera, zarataren ondorioz inguruko bizilagunen atsedena eragozten dute.
Bide batez, Meatzaldeko Ekoetxean hobekuntzak egiteko ere eskatu dute abeltzainek. Besteak beste, kexatu dira taberna zarratuta dagoela eta interpretazio zentroa neguan asteburuetan baino ez dela zabaltzen. Iruditzen zaie lekua degradatuta dagoela, eta itxura hobetzeko, besteak beste, umeentzako jolasleku bat ipintzeko eskatu dute.