Kultura

40 urteko hegaldi nekaezina

Beasaingo Arrano kultur elkarteak 40 urte bete ditu, eta egitarau zabala antolatu dute efemeridea ospatzeko. Hitzaldiak, ikastaroak, kirol eta kultur jarduerak izango dira, besteak beste

(ID_17127797950375) (/EZEZAGUNA)
Beasaingo Arrano kultur elkarteko kideak, joan den astean, elkartearen kanpoaldean. HITZA
Kerman Garralda Zubimendi.
Beasain
2024ko apirilaren 15a
05:00
Entzun

Beasaingo Arrano kultur elkartearentzat «mugarri» izan zen 1984. urtea, orduan ireki baitzuten Oriamendi kaleko lokala. Berrogei urte pasatu dira orduz geroztik, eta bihartik larunbatera bitarte ospatuko dute urtemuga.

Lokala eskuratu baino urtebete lehenago sortu zuten elkartea, bi helburu «oso argirekin»: Beasainen euskara eta euskal kultura sustatzeko, eta herriko beste eragileekin eta udalarekin harremanak lantzeko. 1986ko San Joan egunaren bezperan jendaurreko lehen ekitaldia egin zuten: Mari-munduko dama izeneko antzezlana. Askotarikoak izan dira Arranok bere ibilbidean antolatu dituen ekitaldiak: bertso saioak, marrazki lehiaketak, erakusketak, Loinatz jaietako Mariren jaitsiera eta Baserritar Eguna.

Elkarteko kide Maite Biainek kontatu du lau hamarkada egin dituzten arren indartsu egiten duela hegan arranoak. «Arrano, aurretik, kuadrillatxo bat zen, eta gazteei erreleboa emateko apustua egin zuten. Taldea dezente zabaldu da, eta indarrarekin dago orain, gauza asko egiteko gogotsu». Komunikazioaz arduratzen den kideetako bat da Biain. «Proposatutako gehiena aurrera ateratzen ari gara, trabak ere eduki arren. Asko pozten gaitu horrek. Eta harrera ona izaten dute, gainera, guk antolatutakoek. Jendearen eskertza ere jasotzen dugu». Horrek, beste berrogei urte betetzeko indarra ematen diela esan du.

Indar horri helduta, lantaldea eta antolatzeko modua eraberritzeko beharra sentitu zuten elkarteko kideek orain bi urte. Parte hartze prozesu bat hasi zuten orduan. Antolaketa eredua aldatzea izan da emaitza. Ekintzen araberako lan taldeetan daude orain banatuta. Lau multzotan, zehazki: ingurumena —ekologiari buruzko hitzaldiak, mendi ibilaldiak, ukenduak egiteko tailerrak…—, poltsikoko taldea —liburu aurkezpenak, solasaldi filosofikoak, bakarrizketak, antzerkiak…—, jarraipen taldea —lehendik egindako lanari jarraipena emango diona—, eta sasoiko taldea dira —aisialdiaz eta kultur agendaz arduratzen dena—. Talde motor edo eragile batek koordinatzen ditu talde guztiak, eta pare bat batzar antolatzen ditu urtean talde guztiak batzeko. «Euskalduna, kohesionatua, ekologista, feminista eta burujabea», Arrano ezaugarri horiekin guztiekin eraiki nahi zuten, eta horretan ari dira.

Efemeridea

Bihartik hasita, aste osorako egitaraua antolatu dute Beasaingo elkartearen berrogei urteak ospatzeko. Hitzaldiak, ikastaroak, kirol eta kultur jarduerak eta jai giroa izango ditu egitarauak. Iraganari begira jarriko dira bihar; 40 urteko hegaldian, nondik gatoz? mahai ingurua antolatu baitute. Jone Goirizelaiak eta Tasio Erkiziak parte hartuko dute. «Adin desberdineko jendea elkartu nahi dugu. Gazteenek jakin dezatela nondik gatozen, nora goazen jakiteko. Horretarako, guretzako euskal politikako erreferente diren bi hizlari izango ditugu», esan du Biainek.

«Trabak eduki arren, proposatutako gehiena aurrera ateratzen ari gara, eta asko pozten gaitu horrek».

MAITE BIAIN Beasaingo Arrano Kultur Elkarteko kidea

Biharamunean, Iker Markinez sukaldariak ikastaro gastronomiko bat eskainiko du. Parte hartzeko, baina, izena eman behar da aurrez, [email protected] helbidera, eta zer plater prestatzea gustatuko litzaiokeen adierazi behar du parte hartzaile bakoitzak. «Modu horretan, Markinezen saioa interesgarriagoa izango da».

Ostegunean, berriz, pilota txapelketa antolatu dute, eta aurrekanporaketak jokatuko dira egun horretan, eta larunbatean, final-laurdenak. Maiatzaren 13an izango da finala, Loinatz jaietako kuadrilla egunean. Biainek uste du jende asko bilduko dela egun horietan. Izan ere, Beasainen indartsu dago pilota. Pilota txapelketa herrikoian emakumezkoen maila sortu dute aurten, eta hamalau bikotek eman dute izena. «Oso partaidetza altua da hori», dio elkarteko kideak.

Herri kirolei tartea egingo diete larunbatean, eta beasaindarren, lazkaotarren eta ordiziarren arteko desafioa jokatuko dute. Bazkaria egingo dute ondotik, «indarrak berreskuratzeko». Aitor Alvarezen eta Aritz Markinezen trikiti soinuek girotuko dute eguna.

Hormak, zuri

Mural margoketa egitekoak ziren ostiralean. Hain zuzen ere, talde eraberritua irudikatzeko, Jokin Tellerriak logo berria egin zien iaz: hegalka ari den arrano bat eta kulturaren K hizkia ageri dira logoan. Oraingoan, okasiorako, 40 zenbakia eta Kulturaren sugarra hauspotuz leloa gehitu diote logoari, eta horrekin mural bat margotzeko asmotan ziren Bernedo Enearako bidean dagoen tunelean. Beasaingo Udalak, ordea, ez die murala margotzeko baimenik eman, elkarteren bati horretarako aukera emanez gero, «eskatzen duten guztiekin berdin jokatu» behar dela eta hori «jasangaitza» dela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.