Euskal Herriko baserrietan belaunaldien arteko errelebo falta da arazo nagusietako bat, eta hori baserriaren errentagarritasun eskasari lotuta dago. Arazo horri irtenbidea emateko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala programa aurkeztu zuen iazko urtarrilean. Programa horren bitartez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duenak bere aurreko enpleguan %50eko lanaldi murrizketa eskatu ahal izango du, eta aldundiaren laguntza ekonomikoa jasoko du, baserriko eta enpresako lana uztartu ahal izateko. Foru erakundeak atzo egindako agerraldi batean esan zuen «oso harrera ona» izan duela programak, eta ondorioz, beste deialdi bat abiatu duela berriki. Eskaerak aurkezteko epea urte osoan egongo da zabalik.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak esan zuen Baserritar Misto Profesionalaren parte diren baserritarrek ontzat jo dutela programa. «Ekinaldiaren parte direnek diote lehen sektorean aurrera egiteko edo proiektua abian jartzeko erraztasuna ematen duela, eta nolabaiteko lasaitasuna ematen diela horrek. Beraz, izandako harrera onak eta beste baserritar batzuengan sortutako interesak programarekin aurrera jarraitzera animatu gaitu». Iaz ez bezala, eskaerak aurkezteko epea urte osoan egongo da zabalik, eta «lehiarik gabeko prozeduraren bidez» gauzatuko dira, eskaeren jasotze hurrenkeraren arabera.
Izan ere, Arrutik azaldu zuen berrikuntza horren helburua dela programan interesa dutenei «urteko edozein garaitan» eskaera aurkezten laguntzea. «Gerta liteke hilabeteak igarotzea pertsona batek programan aurkezteko urratsa egitea erabakitzen duenetik enpresarekin egindako akordioaren baldintzak onartzen diren arte, eta guk ez diogu inori aterik itxi nahi».
Deialdi honetarako 600.000 euro jarri ditu foru aldundiak, eta jakinarazi dute eskaera gehiago egonez gero kopuru hori handitzeko aukera izango dela.
Erabiltzaileen balorazioa
Mikel Igartua oñatiarra atzoko agerraldian izan zen. Cartonajes Arregi enpresan egiten du lan, eta bere baserriko lanez ere arduratzen da. Azaldu zuen gurasoek erretiroa hartu zutenean bere gain hartu zituela baserriko lanak, eta zaila zitzaiola enpresako eta baserriko lanak uztartzea. «Konplexua da fabrikako zortzi lanorduak eta baserriko lanak bateratzea. Aldundiaren ekinaldi honi esker, egunean lau ordu gehiago dauzkat familiaren ondarea den baserriari jarraipena emateko».
Igartuaren enpresako gerente Endika Uriondok kontatu zuenenez, Igartuak Baserritar Misto Profesionala programan izena eman nahi zuela esan zienean, ez zuen zalantzarik izan. «Gure enpresaren helburuetako bat da langileak gustura aritzea. Gainera, gure ustez, langileei eskatu ahal izateko, ematea ere beharrezkoa da». Uriondo bera ere baserrian hazitakoa da, eta ongi ezagutzen ditu Igartuarena bezalako egoerak. «Badakit zer den lehen sektorean aritzea, etxean bizi izan dut. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen dut tokiko ekoizleei laguntzea».
Miren Izarra ere Baserritar Misto Profesionala programan dago izena emanda. FECIN enpresan egiten du lan, eta, Igartuaren gisan, baserriko lanekin uztartu behar izaten du. Izarrak ere ontzat jo du programa; izan ere, iruditzen zaio bidea errazten diela lehen sektorean aritu nahi duten gazteei. «Hutsetik hastea oso zaila da, eta programa horrek modua ematen du lehen pauso hori emateko. Aukera ona da lehen sektorea maite eta bizi duenarentzat, zalantzarik gabe».
Izarraren gerente Amaia Iparragirrek aitortu zuenez, Izarrak programan parte hartzeko asmoa zuela esan zienean, «bertigoa» sentitu zuten enpresan. «Hala ere, harreman estua dugu baserriarekin, eta, beraz, garrantzitsua iruditu zitzaigun Mireni bere helburuan laguntzea», esan zuen Iparragirrek.