Abian dira Donostiako Txara I zentroa eraberritzeko lanak

Lanen helburua da erabiltzaileak «etxean bezala» sentitzea eta zaintza beharra duen nornahik kalitatezko arreta jaso ahal izatea. Egoitza bi urte barru izango da erabiltzeko moduan.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, ostiralean, Donostiako Txara I zentroan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, ostiralean, Donostiako Txara I zentroan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko martxoaren 9a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira aste batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Txara I adinekoen egoitzako erabiltzaileak herrialdeko beste zentro batzuetara aldatu zituela. Izan ere, egoitza eraberritu nahi dute, instalazioak «pertsonak oinarrian» izango dituen arreta eredu batera egokitzeko. Hain justu, gaur abiatu dituzte eraberritzeko lanak, eta foru aldundiak aurreratu du 136 leku izango dituela denera —banakako 102 logela, hamahiru metro koadrokoak, eta bi lagunentzako hamazazpi logela, hemeretzi metro koadrokoak—. Bi urte barru izango da erabiltzeko moduan.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak esplikatu du Txara I egoitzaren helburua erabiltzaileak «etxean bezala» sentitzea dela, eta horretarako «gune etxekoagoak» sortuko dituztela, arreta pertsonalizatuagoa emateko eta bizikidetza, intimitatea eta autonomia sustatzeko. «Gure lurraldean zaintzaren arloan gertatzen ari den eraldaketaren adibide izango da Txara I». Diputatu nagusiak uste du horrek guztiak egoiliarren «ongizate integrala» hobetzeko modua emango duela. «Lurralde osoan hedatzen ari gara Gipuzkoako zaintza eredu berria, pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin lotuagoa dagoena. Etorkizuneko zaintza eta babes sozialeko beharrei aurrea hartzen ari gara, eta helburua da zaintza beharra duen nornahik kalitatezko zaintza eduki ahal izatea». 

Zentroko lehen solairuan psikogeriatria unitatea egongo da, «zahartzaroan osasun mentalaren arloan premia espezifikoak» dituzten pertsonentzako arreta espezializatua indartzeko. Beheko solairuan harremanetarako guneak egongo dira, bai eta erabilera anitzeko gelak, bisita gelak eta balorazio gela ere. -1 solairua, berriz, ekipamenduak egoki funtzionatu dezan beharrezkoak diren kontu teknikoetarako erabiliko dute.

Txara I eraikinean, hirugarren sektore sozialeko hainbat elkarte aritzen ziren lanean, herritarrei zuzeneko arreta ematen. Zentroaren eraberritze lanen ondotik, baina, adinekoentzako zentro gisa soilik funtzionatuko du. Nolanahi ere, orain arte han lanean aritu diren elkarteek beren jardunari eutsiko diotela bermatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Antigua auzoan duen lokal batean jarduteko baimena eman die. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA