Abian dira Orioko hondartzan aterpe klimatiko bat sortzeko lanak

Bizpahiru hektarea dituen lur eremu batean sortuko dute. Asmoa da klima aldaketari aurre egitea.

Orioko Antilla hondartza. BERRIA
Orioko Antilla hondartza. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 16a
15:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Klima aldaketari aurre egiteko asmoz, Orioko Udalak abiatu berri ditu Antilla hondartza inguruan aterpe klimatiko bat sortzeko lanak. Udalak 2024ko urrian egin zuen herria klima aldaketara egokitzeko plana, eta bertan jaso zuten eremu horretan aterpe klimatiko bat egiteko proposamena. Izan ere, udalak ahaleginak eta bi egin ditu gune horretan dauden dunak berreskuratzeko, baina ez dute esperotako emaitzarik lortu; are, landare inbaditzaile ugari agertzen ari ziren inguru horretan. Hain zuzen ere, horregatik erabaki dute bizpahiru hektarea dituen eremu hori eraldatzea. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Naturklima Fundazioaren laguntza jaso du.

Inguruko sastrakak garbitzeko lanak egin dituzte azken asteotan, bai eta kirol portuaren eta kanpinaren arteko lur eremuan laurehun zuhaixka landatu ere. Hala, bizpahiru urteren buruan, indartu eta hazi egingo dira landatu berri dituzten arbolak, eta hazitakoan, itzala sortuko dute inguruan. Lanak amaitutakoan, hurrengo faseak diseinatzeari ekingo dio udalak; herritarrentzako egonaldi guneak sortzeari, alegia.

Udalak gaineratu duenez, hondartza ondoan dagoen duna eremuko gune jakin batzuetan Linaria supina izeneko babestutako landare espeziea hazi ohi da, eta, Herrio natur elkartearen laguntzarekin, landare horien kokapen zehatza identifikatu dute, hura babesteko eta aterpe klimatikoan txertatzeko, gainerako zuhaitzekin batera.

Eremua aterpe klimatiko bihurtzeko erabakiak zuzenean eragingo die parapentelariei, oraintsu hasi baitira eremu horretako gune batean lur hartzen. Aurrerantzean beste eremu batean lurreratu beharko dute, eta udalak jakinarazi du gune berria «behar bezala mugatuta eta seinaleztatuta» egongo dela, istripurik ez gertatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.