Abian dira Zumarragako Ospitalean bloke kirurgiko bat eraikitzeko prestaketa lanak

Eraikinak bederatzi ebakuntza gela, minaren unitate bat, hemodialisirako hemezortzi postu, endoskopietarako hamalau postu eta esterilizazio gela bat izango ditu. 2028ko abenduan irekiko dute.

Zumarragako Ospitalea izango denaren maketa. BERRIA
Zumarragako Ospitalea izango denaren maketa. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
Zumarraga
2025eko azaroaren 13a
11:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzak abiatu ditu Zumarragako Ospitalean beste bloke kirurgiko bat eraikitzeko prestaketa lanak. «Arreta asistentziala indartu» nahi dute proiektu horren bidez, Goierri eta Urola Garaiko eskualdeetako 100.000 bat lagun artatu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan duen «osasun arloko proiekturik handienetako bat» da; izan ere, Osasun Sailak 75 milioi euro erabiliko ditu horretarako —58 milioi obra egiteko eta udal lizentzietarako, eta 17 milioi ekipamendu teknologikoetarako—. Osasun Sailak aurreikusten du 2028ko abenduan irekiko dutela.

Egungo ospitalearen fatxada nagusiaren aurrean eraikiko dute bloke berria, eta pasabideen bidez lotuko dituzte, bi eraikinen arteko komunikazioa errazte aldera. Zortzi solairu izango ditu, horietatik bi lur azpian: bederatzi ebakuntza gela izango ditu, hemodialisirako hemezortzi postu, endoskopietarako hamalau eta esterilizazio gela bat. Minaren Unitatea ere izango du —zenbait kontsulta izango ditu—, bai eta barruan aparkaleku bat ere.

Aparkalekuan hirurogei ibilgailurentzako tokia izango da, eta lurrazpiko bi solairuetan egongo da, eraikinaren instalazio tekniko nagusiekin batera. Pazienteak kaletik zuzenean sartu ahal izango dira beheko solairura, eta bertan izango dira harrera eta erabiltzaileak artatzeko gunea, baita hemodialisirako hemezortzi postuak ere. Solairu horrek hiru kontsulta mediko ere izango ditu, erizaintzako kontrola, biltegi teknikoak, langileentzako guneak, administrazio bulegoak, itxaron gelak, 150 metro koadroko kafetegi bat eta berrehun lagunentzako moduko ekitaldi areto bat.

(ID_17630213818175) (/EZEZAGUNA)
Zumarragako Ospitalea izango denaren maketa. BERRIA

Lehen solairuan Minaren Unitatea egongo da. Bi kontsulta izango ditu unitate horrek, eta sei pazienterentzako tratamendu gela bat. Eguneko Ospitale Mediko bat ere izango da solairu horretan —zortzi postu izango ditu—, bai eta endoskopietarako hamalau postu ere. 

Bigarren solairuan egongo dira kirurgia eta kirurgia osteko eremuak. Lau ebakuntza gela izango ditu guztira, eta bertan egingo dira kirurgia txikiak eta kirurgia handi anbulatorioak. Esterilizazio gela hurrengo solairuan egongo da, hirugarrengoan. Laugarrenak edukiera handiko beste bost ebakuntza gela izango ditu, anestesia ondoko hamalau errekuperazio postu eta guzti. Pazienteak prestatzeko gune bat ere izango du; gune horrek bost postu izango ditu.

Atzo aurkeztu zuten azpiegitura berria, Zumarragan, eta Alberto Martinez Osasun sailburua izan zen han. Esan zuen «apustu irmoa» egin dutela osasun arreta «etengabe» hobetzeko. «Ospitale modernoago bat, funtzionalagoa eta herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko prestatuagoa sortu nahi dugu».

Lanen lehen fasea

Proiektua lehen fasean da dagoeneko, lursaila prestatzeko hasierako lanetan. Obrako etxolak instalatuko dituzte aurrena, kanalizazioak aztertu eta desbideratu, zuhaitzak inausi eta sarbideko beste biribilgune bat eraiki. Osasun sailburuak azaldu zuen ospitaleko egungo asistentzia jarduerak ohiko martxa izango duela eraikuntza prozesu osoan, nahiz eta eraikinaz kanpoko gune batzuei eragingo dien «momentu jakin batzuetan» —aparkalekuei, bideei eta autobus geralekuei—.

Nolanahi ere, Martinezek argitu zuen Goierri eta Urola Garaiko ESIak «etengabe» emango duela obren bilakaeraren, proiektuaren aurrerapenen eta eragin posibleen berri, komunikazio kanal ofizialen bidez. «Gardentasuna, koordinazioa eta segurtasuna bermatuko ditugu. Jauzi kualitatibo bat emango dugu Goierriko eta Urola Garaiko biztanleei ematen zaien arreta kirurgiko, mediko eta asistentzialean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.