Adimen artifiziala gorabehera jakin-minari eusteaz

Adimen artifizialak ordezka dezakeenaz eta ordezkatu ezin duenaz aritu dira 'AA eta pentsamendu kritikoa' mahai inguruan, Kutxa fundazioak antolaturik.

Ezker-eskuin, Aitor Arregi, Garbiñe Manterola, Niko Cuenca eta June Fernandez, gaur, Donostiako Tabakaleran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ezker-eskuin, Aitor Arregi, Garbiñe Manterola, Niko Cuenca eta June Fernandez, gaur, Donostiako Tabakaleran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko ekainaren 19a
14:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer gertatzen zaio jakin-minari adimen artifizialak erantzun guztiak ematen dituenean? Galdera horixe izan dute abiapuntu Aitor Arregi zinema zuzendari eta gidoigileak, Garbiñe Manterola BRTAko Ezagutzaren Transferentziaren zuzendariak, Niko Cuenca analista ekonomikoak eta June Fernandez kazetari eta Pikara magazine aldizkariko zuzendariak Kutxa fundazioak Jakingura jaialdian antolatutako AA eta pentsamendu kritikoa mahai inguruan. Kepa Errastik girotu du solasaldiaren ondokoa, bakarrizketa batekin.

Arregik uste du galderak «inoiz baino garrantzitsuagoak» direla adimen artifizialaren hazkundearen garaiotan. «Ez dago erantzunik, eta ez da egongo. Beti izango dira galdera gehiago». Azaldu du zinema munduan eta beste arlo batzuetan izua zabaldu dela adimen artifiziala dela-eta, eta iruditzen zaio «hemen gelditzeko etorri den iraultza bat» dela. «Ondo dago erresistentzia egotea, baina horren aurka egitea absurdoa da». Adimen artifiziala tresnatzat du Arregik, eta ez da zinema munduari ekarriko dion horren beldur. «Adimen artifizialak pelikula bat egin ahal izango du hemendik hamar urtera? Bada, agian bai, baina ez modu berean, ezingo baititu ordezkatu gizakiak egin dezakeena eta haren jakin-mina».

Manterolak azaldu du gizakia dela adimen artifizialaren garatzailea, eta, hortaz, gizakiak duela hura nolabait mugatzeko eta haren eraginkortasuna zer-nolakoa izango den erabakitzeko ardura. «Nolanahi ere, hor bada kontu garrantzitsu bat: autonomia teknologikoa. Ahaldunak al gara eraginkortasun horren gainean erabakitzeko? Teknologia guk garatu beharko genuke guk nahi dugun eraginkortasuna izan dezan, baina, gaur egun, ez dut uste horretan gabiltzanik, plataforma handiak baitira garatzaile 'mainstream'-ak». Hala eta guztiz ere, Manterolak uste du badirela adimen artifizialak ordezkatu ezingo dituenak, hala nola galderak egiteko gaitasuna eta erantzunak zalantzan jartzekoa. 

Langabeziak gora

Hala uste du Cuencak ere, baina esan du badirela ordezkatu ahalko dituen zenbait ofizio, eta horrexen izu da. «Beti izango da sortzaileen beharra. Ni, Aitorren gisan [Arregi], ez naiz beldurtia, baina badira zenbait kontu ikaratzen nautenak». Izan ere, iruditzen zaio izugarri azkar hazten ari dela adimen artifiziala. «Esponentzialki hazten ari da. Pentsa: 100.000 erabiltzaile izateko, Facebookek 54 hilabete behar izan zituen, Whatsappek 42, eta ChatGPTk 2. Estatu Batuetan, adibidez, ikertu dute langileen %12 inguru automatizatu egin daitekeela, eta, hortaz, hemendik hiruzpalau urtera %15 handituko dela langabezia tasa. Horrek gatazka soziala ekarriko du».

Fernandez bat dator oholtzan izan dituen kideekin, eta uste du oraingoa garai egokia dela kazetaritza ofizioa defendatzeko eta dituen balioak zabaltzeko, garrantzitsutzat baitauka galderak egitea, informazioa zalantzan jartzea, kontrastatzea, jendearekin hitz egitea... Nabarmendu du maskulinitate hegemonikoaren estiloa darabilela adimen artifizialak, «orojakintasunaren performance» bat. «Beraz, konfiantza izan dezagun. Izan ere, bai, adimen artifizialak datu asko ditu, baina ezagutza geuk daukagu, tokiko ezagutza komunitarioa batez, ere». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA