Adinekoak artatzeko zentro soziosanitario bat ireki dute Aretxabaletan

Helburua da 70 urtetik gorako pertsonen bizi kalitatea hobetzea eta pertsonen ongizate integrala sustatzea.

(ID_15701682) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-01-21, Aretxabaleta. POBA Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik proiektu pilotua aurkeztu d...
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako osasun sailburua, Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkatea eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi, gaur, Aretxabaletan, GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Aretxabaleta
2026ko urtarrilaren 21a
14:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

POBA Pertsonen Ongizatea Begirada Anitzetik Aretxabaleta proiektua inauguratu dute gaur Aretxabaletan (Gipuzkoa), arreta sanitarioa, soziala eta komunitarioa biltzen dituen zentro soziosanitario bat. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aretxabaletako Udalak sustatu dute proiektua, 70 urtetik gorako pertsonen ongizatea hobetzeko asmoz. Hiru erakundeetako ordezkariek azaldu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetan eredu bihurtu daitekeelakoan sortu dutela. «Helburua da egoera zaurgarrian daudenak artatzea, bizi kalitatea hobetzea eta pertsonen ongizate integrala sustatzea».

Aretxabaletako osasun zentroa dagoen eraikin berean dago zentro soziosanitario berria. Eraikina lau solairutan banatuta dago: lehen hiruretan 21 kontsulta gela daude, eta familia medikuek, pediatrek eta erizainek erabiltzen dituzte, besteak beste. Azken solairua udaleko gizarte zerbitzuetarako erabiliko dute, «arreta integrala eskaintzeko, prebentzioaren ikuspegia aintzat hartuta eta pertsonei zuzenduta». Guztira 2.000 metro koadro baino gehiago ditu eraikinak, aurrekoak halako lau.

Pertsonen balorazio integrala eta bateratua egin nahi dute proiektuaren bitartez, alderdi sanitarioak, funtzionalak, kognitiboak, emozionalak eta sozialak barne hartuko dituena. Horretarako, erabiltzaileak jarri nahi dituzte erdigunean, «euren benetako beharretara egokitutako erantzunak» eman ahal izateko. Gainera, prebentzioan ere lagundu nahi dute zentroan, hala nola erorikoak, narriadura kognitiboak eta bakardade egoerak garaiz identifikatzen eta erabiltzaileen mendekotasun egoerak atzeratzen.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du Aretxabaletako proiektuak «ate bat» irekiko diola beste zaintza eredu bati. «Etorkizunari begiratzen dio zentro honek, osasuna eta ongizatea eskubideak direla sinetsita. POBAn prebentzioa oinarri hartuta, hurbiltasunez eta lankidetzaren bidez egingo dute lan».

«Ahalegin kolektiboa»

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia ere izan da gaur goizeko agerraldian, eta azaldu du foru aldundia «ahalegin kolektibo handia» egiten ari dela zaintza eredua eraldatzeko, eta horren erakusle dela gaur abiatu duten proiektua. «Arreta pertsonalizatuagoa eskaini nahi dugu, berritzaileagoa, komunitatearekin konektatuagoa egongo dena».

Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbek dio udalak ere herriko adinekoen ongizatearen alde egiten duela lan, eta hain zuzen ere, proiektu horrek «ekarpen handia» egiten diola udalaren ahaleginari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.