Arrasateko Osasun Zentroak erorikoak saihesteko tailerrak antolatu ditu, erorikoek eragindako ondorioak murrizteko asmoz. Bi saio egingo dituzte, eta teorikoak eta praktikoak izango dira: otsailaren 25ean eta 26an, 10:30etik 12:00etara, Etxaluze eraikinean. Adinekoentzako saioak izango dira, bai eta euren senide eta zaintzaileentzat ere. Interesa duen orok joan ahal izango du, doan, baina osasun zentroan izena eman beharko dute aurrez.
Osakidetzaren arabera, erorikoak «mehatxu handia» dira adineko pertsonen osasunerako eta ongizaterako. «Nazioarteko datuen arabera, 65 urtetik gorako pertsonen %30 eta 80 urtetik gorakoen %50 gutxienez behin erortzen dira urtean». Are, dio erorikoek «min fisiko eta psikikoa» eragin dezaketela, eta kasurik larrienetan, baita heriotza ere. «Inpaktu sozioekonomiko nabarmena sortzen dute erorikoek, galtzen diren bizi urteengatik eta eragin ditzaketen muga eta desgaitasunengatik».
Tailerretan gisa horretako istripuen arrazoiak landuko dituzte, baita halakoak saihesteko gomendioak eman ere. Bizi ohitura osasungarrien eta ariketa fisikoaren garrantziaz ere arituko dira, eta erabil daitezkeen laguntza teknikoen berri emango dute, besteak beste.