Amaia Agirre alpinista omendu dute Urnietan

Duela hamar hilabete zendu zen Amaia Agirre alpinista, Argentinako Fitz Roy mendia igotzen ari zela. Aste honetan omendu dute, Sarobe antzokian.

\'Abriendo camino\' dokumentaleko fotograma bat
'Abriendo camino' dokumentalaren fotograma bat.
Miren Mujika Telleria.
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Aurtengo urtarrilaren 20an zabaldu zen albistea: Amaia Agirre urnietarra eta Iker Bilbao abadiñarra desagertu zirela Argentinako Fitz Roy mendian. Salbamendu taldeak bertan behera utzia zuen bi alpinisten erreskatea, denboralearen ondorioz, hurrengo egunean berriz hasteko asmoz. Hainbat ikerketa egin ostean, hiltzat eman zituzten. «Desagertuta ez, arrail batean lurperatuta daude», esan zuen orduan El Chaltengo (Argentina) Sorospen Batzordeak. Eskalatu ostean, bi mendizaleek ezbeharra izan zuten jaisten ari zirela, mendiko glaziarrean: elur jausi batek harrapatu zituen. Hiru lagun zihoazen soka batean, halako igoeretan arituak denak. Bakarra irten zen onik ezbeharretik.

Hamar hilabete igaro dira ordutik, eta asteon omendu dute Agirre, Urnietan. Zanpatuz Mendi Elkarteak antolatuta, bi dokumental proiektatu dituzte Sarobe antzokian: FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak egindako Abriendo camino, eta Joseba Iztueta eta Ekaitz Maiz mendizaleak protagonista dituenAmaiur.

Abriendo camino dokumentalean, FEDME taldeko kirolariak dira protagonista. Bi ataletan dago bereizita; taldeak egindako bi espediziotan, hain zuzen ere. Aurrenekoan, taldeak iaz Jordaniako Wadi Rum basamortuko hareharrizko hormetan gora bizi izandakoak kontatzen dituzte. Espedizio horretan dozena bat bide ireki ondotik, Groenlandiako kostaldera joan ziren orain hiruzpalau hilabete, bigarren espedizioari ekiteko. Goi mailako zortzi bide berri zabaldu zituzten han.

«Oso harreman ona eta estua neukan Amaiarekin. Oso pertsona berezia zen, umila, bihotz onekoa eta kirolari paregabea».

AMAIA SEGUROLA FEDME taldeko alpinista

Amaia Segurola alpinistak parte hartu zuen bidaia hartan, eta hark kontatu du sorbaldako lesio baten ondorioz ezin izan zela joan dokumentala grabatu zen lehenengo bidaiara: «Pena handia eman zidan lehenengo bidaian parte hartu ez izanak. Sorbaldako lesioak urtebetez eduki ninduen minez». Segurolak, nolanahi ere, lortu zuen bigarren bidaian parte hartzea, eta horrexek pozten du. «Operazio baten eta errehabilitazio luze baten ondoren guztiz suspertu naiz, eta Groenlandiara joateko aukera izan nuen». Azaldu duenez, «eskaladako bide berriak irekitzea» zen espedizioen asmoa. «Emakumezko alpinistak badirela erakustea eta haurrentzat emakumezko erreferenteak sortzea da dokumentalaren helburua», gaineratu du.

Omenaldian izan da Segurola, Uxue Loizu kidearekin batera. Agirreren alpinista talde bereko kide izateaz gainera, «oso hurbileko» zuten biek ala biek urnietarra. «Oso harreman ona eta estua neukan Amaiarekin. Oso pertsona berezia zen. Oso azkarra, bihotz onekoa, umila eta kirolari paregabea. Gutxi dira hura bezalakoak. Horregatik miresten nuen», azaldu du Segurolak. Nabarmendu du, halaber, egiten duten bidaia bakoitzean asko oroitzen direla harekin. «Egia esan, urte hau oso gogorra izan da kide guztiontzat. Asko gogoratzen gara harekin. Hala ere, beti izaten dugu gurekin». Segurolak jakinarazi du, gainera, Groenlandian irekitako zortzi bideetako hiru Agirreren omenez ireki zituztela. Hala izendatu zituzten hiru bideak: Jubi —ezizen horrekin izendatzen zuen taldeak Agirre—, Izar askea eta Gure gidari.

«Urte hau oso gogorra izan da kide guztiontzat. Asko gogoratzen gara harekin. Halere, beti izaten dugu gurekin».

AMAIA SEGUROLAFEDME taldeko alpinista

'Amaiur' ere, Saroben

Nafarroako eta Gipuzkoako eskalatzaile gazte batzuek, hamazazpi bide ireki, eta Amaiur Peak mendira igotzea lortu zuten lehen aldiz. Haien artean ziren Ekaitz Maiz eta Joseba Iztueta mendizaleak. Egun batzuk Ladakh inguruan eskalatzen eman ondotik, Himalaiako mendebaldeko tontor bat igotzea planteatzen hasi ziren bien artean, baina, hainbat mendizalek esan zietenez, ez zegoen hura igotzerik. Tontor hari ezin begirik kenduta, senari jarraitu eta mendia igotzea erabaki zuten.

Abentura hori kontatzen du gaur arratsaldean Saroben proiektatuko duten dokumentalak, Amaiur lanak, eta hain zuzen, Maiz eta Iztueta bertan izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.