«Zentro berria ireki eta Martutene itxita, euskal espetxe eredua sendotuko dugu». Zubietako kartzelan izan dira gaur Eusko Jaurlaritzako Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua eta Alfredo Gomez Martuteneko eta Zubietako espetxeetako zuzendaria, eta azaldu dute kartzela berria irekitzea «jauzi kualitatibo bat» izango dela euskal espetxe ereduan. «Segurtasunera eta banakako tratamendura bideratutako guneak izango ditu, betiere gizarteratzera begirakoak». Astelehenean inauguratuko dute, eta ondoko egunetan lekualdatuko dituzte presoak, nahiz eta, «segurtasunagatik», ez duten zehaztu zein egunetan izango den. Nolanahi ere, esan dute noiz itxiko dituzten Martuteneko ateak: hilaren 24an.
Sailburuaren hitzetan, eraikin berriaren asmoa zera da, «bizikidetza bermatzea» eta «delitu bat egiten dutenengan benetako aldaketa prozesu bat» sortzea. Horretarako, nahi izan dute instalazioak «espetxealdia era modernoagoan eta espezializatuagoan betearazteko modukoak eta pertsonak artatzeko gaitasun handiagokoak» izatea.
284.255,43 metro koadroko eremu bat hartzen du, nahiz eta horietatik 80.714 baino ez dagozkion espetxearen eraikinari. San Josek esan du Zubietako kartzela irekitzeak edukiera «nabarmen» handitzeko modua emango duela. Izan ere, laurehun pertsonarentzako lekua izango du —Martutenen 250 bat lagun daude orain—, eta 255 langile arituko dira han lanean —Martutenen 220 langile zeuden—.
Sei modulu
Hamar metro koadroko horma zuriko gelak, eta barnean litera bat, ikasmahai pare bat hori koloreko aulki banarekin, aterik gabeko komun bat eta barrote berdeak dituen leiho txiki bat. «Halakoxeak dira espetxe honetako gela guztiak», esan du zuzendariak. «Bi lagunentzat dira denak».

Eraikina sei modulutan banatuta dago, eta emakumeentzat da horietako bat. Goiko solairua 3 urte arteko haurrak dituzten amentzako sortu dute, eta besteak baino gela handixeagoak dituzte. «Modulu horretan dauden amek ez dute gela inorekin partekatuko. Espazio komun bat dute, egongela, jolasak eta sukaldea dituena».
Beste moduluetako bat presoek «askotariko jarduerak» egiteko prestatu dute, eta enplegura bideratutako formakuntza gelak ditu. Zuzendariak esplikatu du presoak sukaldeko, garbitegiko eta ile apainketarako lanetan trebatu ahal izango direla han, besteak beste. «Lanbidek finantzatutako formakuntzak jaso ahal izango dituzte, hemendik kanpo lan egiten lagunduko dietenak gerora».
Erizaindegia ere badu zentroak, farmazia, psikiatria, ginekologia eta bestelako kontsultetarako gelak dituena. «Anbulatorio bat da, azken finean. Osakidetzako langileak arituko dira hemen lanean, eta, gune horri esker, presoek lehen mailako arreta jaso ahal izango dute», esan du Gomez zuzendariak. Erizaindegiaren gaineko solairuan zenbait gela daude, eta han ospitaleratuko dituzte gaixo dauden presoak. «Ospitaleetako gelen oso antzekoak dira».

Bestelako gune batzuk ere baditu, hala nola kiroldegia, gimnasioa, frontoia, liburutegia, irakurketa gela eta ekitaldietarako aretoa. Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren irudiko, Zubietako kartzelaren antolaketa «Euskal Herriko espetxe ereduaren bilakaeraren adierazle» da. «Bizikidetzarako gune hobeak ditu, bai eta prestakuntza eta enplegurako aukera gehiago ere. Helburua da presoei gizarteratzen laguntzea, segurtasun eta erantzukizun esparru batetik abiatuta».