Aztarnetan aztarrika

Gordean dagoena ezagutzera emateko lanetan ari da Jasotako Haurrak elkarte sortu berria. Kideak dibulgazio lanetan ari dira orain, eta astelehenean mahai inguru bat antolatu zuten, XIX. mendean utzitako haurrei eta Zizurkilgo Fraisoro etxeari buruzkoa.

Jende ugari Zizurkilgo Fraisoro sehaska etxeari buruzko hitzaldi bat aditzen, astelehenean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. BATIX EZEIZA
Jende ugari Zizurkilgo Fraisoro sehaska etxeari buruzko hitzaldi bat aditzen, astelehenean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. BATIX EZEIZA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ilunean dagoena argitara ateratzea: horixe desio dute Jasotako Haurrak elkarteko kideek. Hiru hilabete baino ez dira taldea sortu zutela, baina urteak eta urteak daramatzate euren arbasoen aztarnen bila. Gipuzkoako Foru Aldundiak gordeak ditu haien senitartekoen hainbat artxibo eta datu, baina ez diete dokumentuok eskuratzeko baimenik ematen. «Esaten digute ez dugula horretarako eskubiderik», dio Maribi Gorosmendi elkarteko kideak. Diputazioak azaldu die utzitako haur izandakoek soilik eska dezaketela gurasoei buruzko informazioa. Elkarteko kideek Arartekora jo dute laguntza eske, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere izan dira oraintsu; esan dute «borrokan» jarraituko dutela harik eta euren familiei buruzko dokumentuak lortu arte. Dibulgazio lanetan ari dira orain, eta astelehenean mahai inguru bat egin zuten Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Lola Valverde Lamsfus historialariak eta Eva Garcia Magriña ikerlariak parte hartu zuten, eta XIX. mendeko «haur abandonatuak» eta Zizurkilgo (Gipuzkoa) Fraisoro sehaska etxea izan zituzten hizpide. Leporaino bete zen aretoa.

Fraisoro ireki aurretik Gipuzkoan «abandonatu» ziren haurren errealitateaz aritu zen Valverde batez ere. Kontatu zuen XIX. mende hasieran haur ugari «abandonatu» zituztela, eta erruki etxeetan utzi, han artatu zitzaten. «Egoera horretan zeuden ume asko eta asko hiltzen ziren orduan». Diputazioak erabaki zuen parrokoena izango zela ume horien ardura, eta apaizen haserrea eragin zuen horrek. «Parrokoek esaten zuten erantzukizun handiegia zela, eta ordaindu ezean ez zutela haurrik hartuko», esplikatu zuen Valverdek.

Handik urte batzuetara hasi zen ume horien gaineko laguntza sarea osatzen, horretarako neurriak hartu baitzituen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosan, Donostian, Azkoitian, Azpeitian eta Arrasaten tornu bana jarrita. Komentuetako atarian haurrak uzteko erabiltzen zen ate birakariari esaten zitzaion tornu. Horman sartuta egoten zen kutxa bat zen, pisua atzematen zuenean kanpaitxoa jotzen zuena. Hala, haurra bertan uztean, kanpoko kanpaitxoaren soinuak abisua ematen zien barnean zirenei.

1903ko uztailaren 30ean ireki zuten Fraisoro sehaska etxea, baina, urte gutxiren buruan, txiki geratu zen. Hortaz, 1913ko otsailean, beste gela bat egin zuten, erditzear ziren emakumeentzat eta ama izan berrientzat. 1921ean, berriz, ama etxea estreinatu zuten. Biak bihurtu ziren eredu Europan, hala sehaska etxea nola ama etxea. Hain justu, Fraisororen funtzionamendua ikertu du Eva Garcia Magriñak, eta asteleheneko solasaldian azaldu zuen 12.000 bat haur eta erditzear ziren 3.500 andre inguru igaro zirela handik —emakumezkoen erdiak ziren gipuzkoarrak—. Baziren haurra utzi eta etxera bueltatzen zirenak, bai eta Fraisoron geratzeko hautua egiten zutenak ere. Andre ezkongabe haiek bost urtez inude gisa geratzeko aukera izaten zuten, soldata baten truke. Handik atera behar izaten zuten gero, haurrarekin edo haurra bertan utzita.

(ID_17514478370265) Casa Cuna Fraisoro (Zizurkil) 1944
Emakume talde bat Zizurkilgo Fraisoro etxean haurrekin, 1944an. PASCUAL MARÍN / KUTXATEKA

Garciak Fraisororen bilakaeraren berri eman zuen. Haren hitzetan, urteen joanarekin, nabarmen hobetu zen han zeuden haurren egoera; izan ere, Fraisoroko instalazioak lehendik zeudenak baino «modernoagoak» ziren, eta aurrerapauso ugari eman zituzten haurren elikadurari dagokionez. Are, 1930eko hamarkadan sehaska etxean zeuden umeen heriotza tasa erdira murriztu zen kasik. «1903an sehaska etxearen helburua zen abandonatutako umeek iraun zezatela bermatzea eta haien osasunean, garbiketan eta oinarrizko zaintzetan arreta jartzea. 1970ean, berriz, beste ikuspegi bat zegoen, behar afektiboak, emozionalak eta psikologikoak zaintzen zituena». Azaldu zuen handik gutxira haurrek Zizurkilgo Elbarrena eskolan eman zutela izena, eta hortaz, sehaska etxetik kanpoko jendearekin harremana izaten hasi zirela. «Bizimodu normalizatuago bat izaten hasi ziren urteek aurrera egin ahala».

Diputazioan ate joka

Karmele Agirrezabala Jasotako Haurrak elkarteko kideak azaldu zuen Gipuzkoan jasotako umeen ondorengo eta senideen talde bat direla, irabazi-asmorik gabekoa. «Egiaren, erreparazioaren eta nortasun eskubidearen alde egin nahi dugu, eta, horretarako, ikerketa sustatu eta politikan eragin nahi dugu». Zera dute helburu: XIX. mendearen amaieran hasi eta XX. mendearen erdialdera arte «Gipuzkoako ongintza sistemak hartu zituen milaka haurren estigma sozial eta historikoa deuseztatzea, eta haien jatorri biologikoaren bilaketan laguntzea». 

Haur horien ondorengoak batu nahi dituzte hala, elkar babesteko. «Badakigu kasu guztiak ez direla berdinak, baina indarrak batzea eta antolatzea da gure asmoa, erakundeek gordetzen dituzten espedienteak legez eskuratu ahal izateko», esan du Agirrezabalak. Uste dute dibulgazio lanak funtsezkoak direla bide horretan: «Jasotako haurren eta haien ama biologikoen memoria historikoa eta soziala leheneratu behar ditugu, eta horretarako, beharrezkoa da haien inguruan oraindik ere badiren tabuak eta estigma haustea». 

Elkarteko kideek jakinarazi dute gisa horretako egoera bizi duen oro batu daitekeela taldera, jasotakohaurrak@gmail.com helbidera idatzita. «Uste dugu denon artean lortuko dugula. Ez gara profesionalak, baina bideak gauza asko irakatsi dizkigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA