Babes publikoko zortzi etxebizitza tasatu eraikiko dituzte Bidania-Goiatzen

Proiektua herrigunean garatu asmo dute, eta bi eta hiru logelako etxebizitzak izango dira. Etorlur sozietate publikoaren bidez egingo dute etxe horien sustapena.

Bidania-Goiatzen babes publikoko zortzi etxebizitza tasatu eraiki nahi dituzten gunea. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Bidania-Goiatzen babes publikoko zortzi etxebizitza tasatu eraiki nahi dituzten gunea. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 21a
12:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Babes publikoko zortzi etxebizitza tasatu eraikiko dituzte Bidania-Goiatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta. Helburua da etxebizitza eskuratzeko bidea ematea eta landa eremuen despopulatzea geldiaraztea. Etorlur sozietate publikoaren bidez egingo dute etxe horien sustapena.

Proiektua Bidania-Goiazko herrigunean garatu asmo dute, eta aldundiak iragarri du bi eta hiru logelako etxebizitzak izango direla, «kalitatea, funtzionaltasuna eta prezio eskuragarriak eskaintzeko diseinatuak» eta «udalerrian bizi nahi dutenen eskaerari erantzuteko» sortuak. Gainera, trastelekuak eta aparkalekuak ere izango dira. «Etxebizitzen funtzionaltasuna indartzea da ideia, bai eta eraikin berria ingurunean modu egokian integratzea ere».

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023an egindako diagnostikotik abiatu da etxebizitza publikoak garatzeko ekinaldia. Izan ere, lortutako datuek erakusten dute azken urteetan landa eremuko biztanleria apaldu izanak neurri batean lotura duela etxebizitzak egiteko behar beste proiektu ez sustatzearekin. Hortaz, diputazioak asmoa du herrialdeko beste bost udalerri txikitan ere antzeko proiektuak garatu eta jabetza erregimeneko etxebizitza publikoak sustatzeko: lau Beizaman, hamar Abaltzisketan, hamabi Altzon eta zortzi Alkizan. Beizamak dagoeneko sinatuak ditu udal ordenantza eta lankidetza akordioa, eta espero dute 2026aren amaieran abiatuko dituztela eraikuntza lanak.

Gipuzkoako Foru Aldundia hasia da herrialdeko beste udalerri batzuekin harremanetan jartzen (Leintz-Gatzaga, Orendain, Larraul, Zerain, Errezil, Albiztur, Orexa, Gaintza, Mutiloa, Belauntza eta Itsasondo), jabetzako etxebizitza publikoen eredu hori zabaltzeko helburuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA