Bakardadeari aurre egiteko dekalogo bat osatu dute Debagoieneko udalek

Nork bere bakardadeari aurre egiteko eta gainerakoena arintzen laguntzeko gomendio sorta bat da. Haran osoko herritarren artean banatuko dute datozen egunetan.

Debagoieneko Mankomunitatea osatzen duten udaletako ordezkariak gaur, Arrasaten. DEBAGOIENA EHUNTZEN
Debagoieneko Mankomunitatea osatzen duten udaletako ordezkariak gaur, Arrasaten. DEBAGOIENA EHUNTZEN
Miren Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 6a
15:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Debagoieneko Mankomunitatea osatzen duten zortzi udaletatik zazpik —Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza eta Oñati— bakardadeari aurre egiteko dekalogo bat aurkeztu dute gaur, Arrasaten: Bakardadearen korapiloa askatu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hariak estrategiaren Ekintza Planaren barruan prestatu dute proiektua, eskualdeko udalerrien erantzukizunei «indarrak batuta» heltzeko asmoz. «Nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko ekosistema bat» eraikitzea da dekalogoaren helburua.

Zihortza Mazan Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak esan du «harreman osasuntsuak sortzeko, mantentzeko eta sendotzeko» sortu dutela dekalogoa. «Nork bere bakardadeari aurre egiteko eta besteen bakardadea arintzen laguntzeko gomendio sorta bat da».

Jasone Giraldo Arrasateko Udaleko Ongizate zinegotziak esan du mankomunitateak badakiela badagoela bakardadea sentitzen duenik, eta hortaz, eurei dagokiela sentimendu horri aurre egiteko erremintak ematea. «Onartu dugu bakardadea existitzen dela, eta onartzen dugu komunitatean eta kolektibo gisa badugula aukera horri erantzuna emateko. Beraz, osatu dugun bide orrian zera irudikatu dugu: esku hartze zuzena egin behar dela, eta denon artean erantzun behar diogula bakardade horri». 

Behin dekalogoa aurkeztuta, prest dute hurrengo urratsa: zazpi herrietako biztanleei banatzea. Giraldok aurreratu du «datozen asteetan» helduko diotela banaketari. «Uste dugu oso modu adierazgarrian eta bisualean eginda dagoela, eta zuzenak eta argiak direla jasotzen diren hamar gakoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA