Juan Luis Zabala

Bandoz aldatzen ari den errebeldia

2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Ezkertiar edo/eta abertzale —edo, bestela, akrata punk antisistema— errebelde eta erradikal izateko modu bat galtzeko zorian dagoela uste dut, duela jada hamarkada batzuk jaiotakook geure artean nahiko ugarituta ezagutu dugun modu bat, aski testosteronikoa, taberna-zuloko marmar orojakileari emanagoa, informazioan eta azterketan oinarritutako gogoetari edo/eta lan militante serioari baino. Uste dut horrela esanda ulertzen dela zertaz ari naizen. Esaten hasita, esan dezadan era horretako ezkertiar edo/eta abertzale  —edo, bestela, akrata punk antisistema— errebelde eta erradikal horietako askorengandik gertu izan naizela batzuetan, eta neu ere halakotzat hartua izateko merituak egina naizela noiz edo noiz.

Baina, energia aienatu ez baina eraldatu egiten den modu berean, arestian aipatutako errebelde erradikal izateko modu hori, erabat desagertu gabe, eraldatzen ari da, desplazatzen zehazki, ezkerretik, abertzaletasunetik eta akraziatik eskuinera eta espainolismora, bi horien ohiko osagai deitoragarrienak bereganatuta: matxismoa, LGTB+fobia, arrazakeria, euskarafobia, militarismoa... Beldurra bandoz aldatu beharra aldarrikatzen entzun ditugu, oraindik orain, feminista batzuk. Ez dakit halakorik lortu duten. Aipatu dudan errebeldia mota hori, aldiz, hori bai, hori bandoz aldatzen ari da, ez bada dagoeneko erabat aldatu. Horra neure txokotik begira, oker edo zuzen, ateratzen dudan ondorioa.

Ez da hemengo kontua soilik. Eskuinak, ultraeskuinak, are faxismoak ere, gero eta atxikimendu handiagoa dute, eta horien agerpen erradikal eta burugabeenak bereziki gazteen artean ari dira irabazten, antza denez, indarra.

«Errebelde erradikal izateko modu hori, desagertu gabe, eraldatzen ari da, desplazatzen zehazki, ezkerretik, abertzaletasunetik eta akraziatik eskuinera eta espainolismora».

Errebeldia eskuindar hori ez ote da berez fikzio hutsa den ezkerraren hegemonia baten aurkakoa? Ez ote da Mendebaldeko gizarteetan gaur egun politikoki zuzentzat onartzen denaren aurkakoa: generoen eta arrazen arteko berdintasuna, jasangarritasun ekologikoa, hizkuntza minorizatuen aitortza...? Inor ez da publikoki matxista agertzen, ezta arrazista edo euskarafobo, baina eguneroko errealitatean, eta eguneroko politikan, urruti gaude, bai legeen aldetik eta bai gizartearen joera eta jokabide nagusien aldetik, politikoki zuzentzat jotzen diren ideien arabera antolatutako gizartea izatetik.

Eskola gizartearen ispilu argigarria da: politikoki zuzenak diren ideiak dira, teorian, nagusi, baina praktikan ikasle askoren artean ideia horien aurkako joera errebeldeek jarraipen eta zabalkunde handia dute, era guztietako jolas didaktiko, kanpaina pedagogiko, ikastaro praktiko eta abarren despit. D ereduko ikasle asko, adibidez, euskararen aurkako jarrerarekin, erreala ez den izendapen hutsezko hegemonia fikziozko baten aurka errebelatzen ari dira.

Berez, pozgarria da politikoki zuzentzat joa izatea gaur egun halakotzat jotzen dena, hau da, 2023ko Agendako GHJ Garapen Jasangarrirako Helburuetan ageri eta Europako Next Generation Funtsetako laguntzak jasotzeko egin beharreko txostenetan frogatu behar den guztia: inklusioa generoaren, arrazaren, jatorriaren, kapazitateen eta abarren aldetik —«inor atzean utzi gabe»—, jasangarritasuna ekologiaren ikuspuntutik...

Baina hainbeste jolas didaktiko, kanpaina pedagogiko, ikastaro praktiko eta washing-txosten politikoki zuzen ez ote dira ari aurkakotasun eta errebeldia aski erreala aktibatzen duen fikzio bat sortzen?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.