Gizartea

Barkardadeari aurre egiteko ekintza komunitarioak antolatuko ditu Hondarribiko Udalak

AuzoEKIN proiektuaren helburua da Hondarribian nahi gabeko bakardadean bizi diren 60 urtetik gorako lagunen ongizatea sustatzea. Ekinbidea azken faseetan da, eta udalak boluntarioak nahi ditu.

Hondarribiko Udaleko, Zabalduz kooperatibako eta herriko eragile batzuetako ordezkariak, otsailean, Hondarribian. HITZA
Hondarribiko Udaleko, Zabalduz kooperatibako eta herriko eragile batzuetako ordezkariak, otsailean, Hondarribian. HITZA
urko iridoy alzelai
HONDARRIBIA
2025eko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hondarribian, herritarren %26k 60 urtetik gora dituzte. Gipuzkoako beste hainbat herritan baino handiagoa da ehuneko hori, eta, hain justu, horrexek kezkaturik, Hondarribiko Udalak AuzoEKIN egitasmoa aurkeztu zuen otsailean, «helduen ongizatea sustatzea» helburu duen proiektua. Hiru fase ditu ekinbideak, eta, lehenengoa amaituta, beste biei helduko diete orain. «Ekintza komunitarioak» antolatzeari ekingo diete, 60 urtetik gorakoen bakardade ez-hautatuari konponbidea emateko asmoz.

Otsailean egin zuten Hondarribiko egoeraren diagnostikoa, eta hala osatu zuten proiektuaren lehen fasea. Urrats horretan, udalak Zabalduz kooperatibako hiru teknikari izan ditu lanean, eta Naiara Franco kooperatibako kideak esan du bi bide erabili zituztela diagnostikoa egiteko. «Aurrena, herriko eragileekin elkartu ginen, eta elkarrizketa pertsonalak egin genizkien, modu anonimoan. gero, herritarrei galdetegiak bidali genizkien, anonimoki erantzun zezaten». Francok dio galdetegien helburua «herriko errealitatearen berri izatea» zela; izan ere, bakardade ez-hautatuari buruzko galderak egin zizkieten, hala nola hauek: «Bakardade ez-hautatuak pertsonen ongizateari eragiten diola uste duzu?»; «Hondarribiko bizilagunak bakardade egoera ez-hautatuan dauden pertsonen beharren inguruan sentsibilizatuta daudela uste duzu?».

«Bakardade ez-hautatuari aurre egiteko, hasieratik izan dugu argi beharrezkoa dela ekintza komunitarioa, bizilagunok elkarri lagundu behar diogula»

JOSU PEÑAHondarribiko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia

Lehen fase hartan bildutako datuak aintzat hartuta, egoera kezkagarritzat jo zuten, Josu Peña Hondarribiko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak esan duenez. «Portua auzoan, adibidez, baditugu bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako ehun bat emakume. Auzo horretan, 80 urtekoak bizilagunen %11 dira, eta kopuru handia da. Arkolla auzoan gauza bera gertatzen da».

Martxan dute bigarren fasea, eta Zabalduz kooperatibako hiru teknikariak 60 urtetik gora dituzten eta bakarrik bizi diren hondarribiarrekin harremanetan jartzen ari dira, udalak martxan jarritako egitasmoan parte hartu nahi ote duten jakiteko.

Peña zinegotziak dio AuzoEKIN egitasmoak «herritarren laguntzaren beharra» duela. «Bakardade ez hautatuari aurre egiteko, hasieratik izan dugu argi beharrezkoa dela ekintza komunitarioa; bizilagunok elkarri lagundu behar diogula, alegia. Pandemia garaian, modan jarri zen goiko bizilagunari erosketak egitea edo bestelako beharrak egiten laguntzea, eta horixe egin nahi dugu berriz ere, helburu argi batekin: helduenak laguntzea». Lehen fasean, herri eragileekin elkartu ziren, eta, orain, herritarren borondatea eskatzen dutela esan du Francok. «Galdetegian herritarrei galdetu genien ea prest egongo liratekeen bakarrik bizi direnei laguntza eskaintzeko, eta, erantzunak anonimoki eman arren, %60 inguruk baiezkoa eman zuten».

Peñak kontatu du hainbat ekintza egitea aurreikusten dutela AuzoEKINen barnean. «Adibidez, gerta daiteke herrikide batek soilik astean behin edo bitan kafe tertulia bat behar izatea, norbaitekin hitz egin nahi izateko. Hala balitz, hori egiteko prest diren boluntarioak bilatuko genituzke. Beste norbaitek erosketak egiten beharko du laguntza, eta beste batek nahikoa izango du liburutegitik liburu bat ekartzea». Kasuistika handia dela dio Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, eta uste du horretarako ezinbestekoa izango dela auzo elkarteen lankidetza. «Auzo elkarteekin harremanetan gaude, eta haien bitartez saiatuko gara boluntarioak lortzen».

Bakardadea, tabua

Zabalduz kooperatibako teknikari Francori iruditzen zaio sarri zaila dela bakardade hitza erabiltzea. «Askotan ez dakigu bakardadean bizi garela edo gure inguruko norbait egoera horretan dagoela. Horregatik, bakardade hitza, estigmatizatuta dagoen bitartean, ez dugu erabiltzen, jendeak parte hartzeari ezezkoa ematen baitio arrazoi horregatik». Peñaren ustez, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko, komertzioek izan behar dute «udalaren begiak». «Normalki, helduek erosketak beti leku berean egiten dituzte, eta, beraz, uste dugu ezinbestekoa dela komertzioek AuzoEKIN proiektuan parte hartzea. Adibidez, haiek ikusten badute herritar bat ez dela agertzen bi edo hiru egunetan, guri abisua pasako digute, eta gu harekin harremanetan jarriko gara».

«Auzoetan, aktibazioa beharrezkoa da, bertako bizilagunen beharrak asetzeko, eta hori AuzoEKINen barnean ere sartzen da»

NAIARA FRANCOZabalduz kooperatibako teknikaria

Azken bi faseetan hiru urrats egingo dituzte. Francok jakinarazi du hiru teknikarietako bakoitzak herriko eremu bat hartuko duela. «Batek Mendelu eta Gibeleta auzoak hartuko ditu; beste batek, Amute, Kosta eta Arkolla, eta besteak, Alde Zaharra eta Puntala. Auzo horietan beharrezkoa da aktibazioa, hango bizilagunen beharrak asetzeko, eta hori AuzoEKINen helburuen barnean sartzen da». Duela bi urte udal gobernura iritsi zenetik, Abotsanitz herri batzarrak garrantzia eman nahi izan dio auzoen aktibazioari. «Auzo Bihotzak kanpaina auzoetan oinarritu da; bereziki, hirigintza arloan. AuzoEKIN egitasmoa ildo horretan doa», esan du zinegotziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.