Donostiako Bretxako plaza «Parte Zaharraren bihotza da» Jon Insausti alkatearen irudiko, eta hargatik, beharrezkotzat du hura eraldatzea. Proiektuaren proposamena aurkeztu du berriki, eta aurreratu eguzki lore forma izango duela. «Bizileku bat, topaleku bat eta arima duen gune bat izatea nahi dugu, Parte Zaharra bizitzeko baita, eta ez ekitaldiak hartzeko toki bat», dio. «Hiri osoarentzat izango da, baina auzotarrentzat, batez ere. Plazak elkartzeko leku bat izan behar du bertakoentzat eta handik pasatzen direnentzat. Leku ikonikoa da Bretxa, Parte Zaharrera sartzeko atea, eta arkitektura berezia izan behar du». 2027 erdialdean abiatuko dituzte plaza eraikitzeko lanak.
Plaza berriaren diseinua Donostiako Parte Zaharreko Javier Zubiria arkitektoak egina da, eta alkateak azaldu du propio jo dutela harengana: «Begirada lokala du, bai eta munduari begirakoa ere». Arkitektoak ez du ausaz hautatu plaza horrentzat eguzki lorearen forma. «Parte Zaharra eta hiri osoa babestuko duen sinbolo gisa aukeratu du eguzki lorea. Gainera, ingurunearekin lotuko du auzoa».
Alkateak Bretxako plaza izango denaren gaineko xehetasun gehiago ere eman ditu. Esate baterako, azaldu du plaza osatzen duten bi diagonalek eta lau sarrerek inguruko kaleak lotuko dituztela, eta hartara, plazaren perimetroa eta erdialdea bereiziko dituztela. «Perimetroan zamalanak egin ahal izango dira, eta erdialdea, berriz, lasai egoteko gune bat izango da».
Auzokoekin elkarlanean
Udalak ez du bere kasa hartu plaza eraldatzeko erabakia. Izan ere, Insaustik esan du auzoko bizilagunekin, merkatariekin eta hainbat eragilerekin adostu dutela proiektua. Apirilaren 13an bildu ziren eurekin, eta Parte Zaharreko 30 bat lagun izan ziren han. «Haiekin batera landu dugu, behin betiko proiektuari amaiera emateko ekarpenak egin zitzaten. Bizilagunek denbora luzez transmititutako sentimendua jaso ondotik jaio da proiektua. Plaza publiko handi bat eskatu dute, azken hamarkadetan izan ez dutena. Hortaz, arnasgune bat eta hiri espazioa osatuko duen gune bat eraikitzea lehenetsi dugu». Maiatza amaieran aurkeztuko dute plazaren behin betiko diseinua.