Turismoa

Donostiaren turistifikazioaren aurka mobilizatuko dira bihar

Bizilagunekin plataformak deituta, hiriburuko turismoaren egoera salatzera aterako dira kalera. 48 eragilek egin dute bat mobilizazioarekin.

Turista talde bat, iaz, Donostiako Alderdi Ederren. MAIALEN ANDRES / FOKU
Turista talde bat, iaz, Donostiako Alderdi Ederren. MAIALEN ANDRES / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2025eko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europa Hegoaldean turistifikazioaren aurka borrokan ari diren hainbat hiritan kalera aterako dira bihar, eta hala egingo dute Donostian ere. Izan ere, Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu! lelopean, desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak manifestaziora deitu du biharko. Turismoaren industria «kontroletik kanpo» dagoela diote, «lurraldeak, bizitzak eta planeta neurririk gabe ustiatzen eta hondatzen» ari direla. «Gizateriaren ondare komun den elementu natural eta kultural oro pribatizatu eta salgai bihurtzen ari dira», esan dute plataformako kideek. «Hiriaren turistifikazioa era beldurgarrian azeleratu da azken urteotan, eta gero eta larriagoak eta nabarmenagoak dira hiri eredu honek bizilagunengan dituen eragin kaltegarriak». Bizilagunekin taldeari iruditzen zaio turistifikazioak eragin zuzena duela Donostiako etxebizitza larrialdian.

Hiriburuko 48 eragilek egin dute bat deialdiarekin, eta plataformak jakinarazi du herritarren «bizi baldintzak arriskuan jartzen dituen turistifikazioa» salatzeko hartuko dituztela kaleak, «herritarren beharrak erdigunean» jarriko dituen hiri eredu «bizigarri» baten alde. 12:00etan abiatuko da manifestazioa, Kontxako hondartzako pasealekutik.

Plataformak dio pisu turistikoen ugaritzeak, bigarren etxeen kopuruaren gorakadak eta etxeak turismorako alokatzeak donostiarren bizileku aukerak murriztu egin dituztela. «Herritar askok beren auzoan bizitzeari utzi behar izan diote». Egoera hori iraultzeko, uste dute «ezinbestekoa» dela alokairuak erregulatzea. «Eraikuntza berriak aipatzen dituzte irtenbide bakar gisa, baina babes publikoko etxebizitzak gutxieneko legaletara mugatzen dituzte, eraikitzaileen negozioa lehenesten dute, eta herritarren beharrak horren menpe jarri».

«Politika eraginkorrak»

Bizilagunekin-ek iritzi dio pisu turistikoak deuseztatu beharko lituzketela, eta «politika eraginkorrak» ezarri beharko liratekeela bigarren etxebizitzen erabilera mugatzeko. «Hiriaren bizigarritasuna bermatu nahi bada, etxebizitzak ezin du merkantzia izan, eskubide izan behar du, eta horretarako politika publiko ausartak behar dira, eta interes orokorra lehenesten duten erabakiak».

Plataformaren ustez, gaur egungo hiri ereduak «kalteak» eragiten ditu, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen du desazkunde turistikoa «helburu komun gisa» planteatzea. «Turismoari baliabide eta espazio gehiago eskaintzea ez da bideragarria, ez ekologikoki, ez sozialki ez eta ekonomikoki ere. Turistak erakartzea ez da helburu kolektibo desiragarri bat donostiarron gehiengoaren interesei dagokienez. Herritarren bizi baldintzak lehenetsi behar dira, eta turismoari muga erreal eta zorrotzak ezartzea eskatzen du horrek».

Donostiako hainbat biztanle, elkarte eta mugimendu turistifikazioa gelditzeko borrokan dabiltza aspalditik,eta Bizilagunekin plataformak esan du horixe aldarrikatu nahi duela biharko mobilizazioan ere. «Dirua lortzeko helburuz hiri hau aldatzen ari direnengandik aske izan nahi dugu; horrela irudikatu nahi dugu etorkizuna. Herritar antolatuen ahotsa errespetatu, entzun eta entzunarazi behar da».

%90

ZENBAT HERRITAR KEZKATZEN DITUEN DONOSTIAKO TURISMOAREN EGOERAK. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gune Irekiak ikerketa taldeak, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, donostiarrek turismoaz eta hiri ereduaz duten pertzepzioa aztertu zuen iaz, inkesta baten bidez. Lanketaren arabera, donostiarren %90i «kezka» eragiten die turismoaren egoerak, eta %80k uste dute turismoak hirian eragindako arazoak «oso larriak» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.