Maddi Aiestaran
Iritzia

Egingo dugu pogo bat?

2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gutako asko eta asko nekeak eramaten gaitu asteburuetan toki berberetara. Larunbatera nekatuta iristen denak jende maitearekin juntatu nahi izaten du, nekeaz ahazteko. Deskantsu traza izaten du konpainia onak; baina plan denak ez dira onak deskantsurako.

Astelehenera nekatuta iristen den jendea gara. Lanorduak bukatzen ditugun ordu berberean adosten ditugu bilerak; «justu iritsiko naiz». Aspaldi ikusi gabeko norbaitekin kafe bat hartzeko ordua adosten dugu entrenamendutik asanbladara bidean sobratzen zaizkigun berrogeita bost minutuetan. Autobusa harrapatzen ez badugu, beste autobus bat bilatzen dugu inguruan, lehenbailehen etorriko dena. Batetik besterako hamar minutuko ibilaldiak aprobetxatzen ditugu gertukoei zer moduz dauden galdetzeko. Afaritan bideo deia sartzen zaigu mobilean; «barkatu, bilera bat daukat». Gaueko ez-dakit-ze ordutan bukatzen dugu —pisukideak jada haien logeletan— esku batekin sardexkari heltzen eta bestearekin zutabe bat idazten. Eta alarma jartzen dugu hurrengo goizean goiz jaikitzeko, dutxatzeko denborarik ez dugulako izan egun osoan.

Etxekoekin komentatzen ari gara ze azkar iritsi den ekaina, eta badugula gogoa, beharra, udako oporrak etor daitezen; deskantsatzeko beharra omen dugu. Pentsatzen dut, baina, udak ere ez ote duen asteburuen tankeran funtzionatuko: nekatu, jende maitearekin juntatu, nekeaz ahaztu, konpainia onarekin despistatu, plan hau eta beste egin, eta gehiago nekatu. Nik honezkero joan-etorri mordoa dauzkat planeatuta udarako. Nekeak eramaten gaitu hara eta hona, nekeaz ahaztu nahiak; sorgin-gurpil bat da.

Dantza egiteak ez du izaten deskantsu traza handirik; baina dantza ia beti da plan ona buru nekatuentzat

Lehengoan, MEFSST (Musika Errebolta Feminista) jaialdian izan ginen. Jende maitearekin juntatzeko toki ona zen. Zarauzko Hiruputzu gaztetxearen kanpoko aldean, irribarre txikiarekin begiratu nion momentu batean inguruari: korro txikiak osatu zituen lurrean eseritako jendeak. Nekearen sintoma iruditu izan zait beti lurrean esertzea. Haietako batean nintzen ni. Ondoko lagunarekin komentatu nuen nekatuta nengoela eta ez nuela gaua asko luzatuko. Pixka batean hantxe geratzeko eskatu zidan lagunak. Igarotako astea deskribatu genion elkarri, gorputzaldia justifikatzen saiatu ginen. Elkarren sorbalden gainean erdi-etzan ginen momentu batean, eta begiak itxi zitzaizkigun konturatzerako. Barre egin genuen; «lo geratuko nintzateke horrelaxe». Eta altxatzea erabaki genuen, gorputza mugitzea pixka bat, jarrera aldatzea.

Lurrean eserita egoteak deskantsatzearen antza du. Beraz, indarberrituta-edo bueltatu ginen gaztetxera korro txikietatik tentetutakook; nekeaz ahazteko prest. Musika ona ari zuen. Buruen goitik beherako mugimenduak bateriaren pam bakoitzarekin bat zetozen. Eta argiek, doinuek, saltoek, oihuek, lagunek... eraman gintuzten neketik beste norabait. Dantza egiteak ez du izaten deskantsu traza handirik; baina dantza ia beti da plan ona buru nekatuentzat.

Eskua ukitu zidan lagunak: «Nik ja buelta eman diot». Gorputzak beheratu genituen musikaren erritmoarekin bat. Irribarre txikiarekin erantzun nion: «Egingo dugu pogo bat?».

Eta astelehenera nekatuta iritsi ginen berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.