Eguneko ospitale bat irekiko dute Gipuzkoan anorexia edo bulimia duten adingabeentzat

Zentro horretan eguneko errehabilitazio programa intentsiboak eskainiko dituzte, «beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak saihesteko».

Bi lagun, ospitalean sartzen, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Bi lagun, ospitalean sartzen, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2025eko azaroaren 19a
15:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteon argitaratu duen txosten batek dioenez, Osakidetzak astero elikadura nahasmenduekin lotutako zortzi kasu detektatzen ditu nerabeetan Gipuzkoan. Orain arte, herrialdean baliabide gutxi batzuk baino ez zeuden buru gaixotasunak sendatzeko, Donostia Ospitaleko Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Unitatean. Hori dela eta, elikadura nahasmenduetan espezializatutako Haur eta Gazteentzako Eguneko Ospitalea irekiko dute, Haurren eta Gazteen Osasun Mentaleko Sarearekin eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuarekin batera. Zentro horretan eguneko errehabilitazio programa intentsiboak eskainiko dituzte, «beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak saihesteko».

Elikadura nahasmenduen diagnostikoek nabarmen egin dute gora pandemiaz geroztik —%77—. 2020an, Osakidetzak 241 anorexia edo bulimia kasu detektatu zituen lurraldeko haur eta nerabeen artean; iaz, berriz, 427. Orain, egunean kasu bat baino gehiago atzematen ditu. Osasun sailak berriki argitaratu duen txostenaren arabera, emakume gazteak dira gaixoen %90, eta asko eta asko adingabeak.

Osakidetzak uste du gaixotasuna goiz detektatzean dagoela sendatzeko gakoa, bai eta terapia lehenbailehen hastean ere. Txostenean diotenez, modu horretan, elikadura nahasmenduren bat dutenen %80 inguruk «modu egokian» erantzuten diote tratamenduari, pare bat urteko epean. Hain zuzen ere, funtzio horixe izango du Haur eta Gazteentzako Eguneko Ospitaleak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.