Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko uztailean hasi zituen Elgoibarko Urazandi auzoan Errezabal egoitza publikoa eraikitzeko lanak. Sei hilabete pasatu dira ordutik, eta lanek hainbat pitzadura eragin dituzte, hala auzo horretako errepideetan nola inguruko etxebizitza blokeetan. Auzotarrak kezkatuta daude, eta, zalantzak argitze aldera, udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bildu ziren atzo iluntzean. Aldundiak argitu zien garaiz hartu zituztela hartu beharreko neurriak. «Pitzadurak agertu zirela jakin genuenetik, inguru osoan segurtasuna bermatzeko neurri egokiak hartu ziren, horixe baitzen gure lehentasuna».Â
Foru Aldundiak jakinarazi du kaltetutako eremua «etengabe monitorizatu» dutela abendutik hona, lanak egiten ari diren ingurua kontrolpean izateko. «Horri esker egiaztatu ahal izan dugu ez dela mugimendu berririk erregistratu. Izan ere, lanen ondorioz gerta daitekeen mugimendurik txikienaren berri ere izan dezakegu une oro».
Lanak abiatu zituztenean, Eider Mendoza diputatu nagusiak esan zuen egoitza 2027rako egongo zela erabilgarri, baina, aldundiak gaur jakinarazi duenez, lanetan izandako arazoak direla-eta baliteke «hiruzpalau» urte luzatzea epea. «Egindako azterlan teknikoek agerian utzi dute lurrak hasieran aurreikusi baino kohesio gutxiago duela, eta aurretiazko azterlan geoteknikoetan identifikatu gabeko ur fluxuak ere badaudela. Hori dela eta, gehiago aztertu behar dugu, konponbide espezifikoak bilatu eta finkatze jarduera berriak landu».
«Proiektu estrategikoa»
Foru Aldundiaren arabera, Errezabal egoitza publikoa «proiektu estrategiko bat» da, Debabarrena eskualdean arreta «pertsonalizatuagoa» eta «komunitarioagoa» eman asmo duena. Zentroak adinekoentzako 108 toki izango ditu, bost bizikidetza unitatetan antolatuta, eta haietako bat hogei lagunentzako unitate psikogeriatriko bat izango da. «Nahasmendu mental larria» dutenentzako unitate espezializatu bat ere izango da, 21 lagunentzat. Horrez gain, berrogei lagunentzako moduko eguneko zentro bat ere izango du.