Ez dakit jendeak, nik ez dut beti berdin gidatzen. Ez dakit noiz konturatu nintzen: unean uneko aldartearen eta gorputzaldiaren arabera, kotxe gidari mota batekoa edo bestekoa izan ohi naiz, hori uste dut. Baldin banago ez-dakit-nola, eta erabakitzen baldin badut entzungo dudala Olaia Inziarteren azkeneko diskoa bukatu arte, eta bukatzen bada ba berriz hasieratik, agian keinukariei emateari ez diot hainbeste-hainbeste garrantzi ematen. Baldin banago ez-dakit-nola, eta erabakitzen baldin badut «Nakar, eta bolumena altu-altu», biribilguneetan behar beste pentsatu gabe sartzen naiz batzuetan. Erabakitzen baldin badut «Euskadi Irratia eta tokatzen dena», radarretan ez dut gehiegi frenatu beharrik izaten, normalean. Erabakitzen baldin badut jendeari deitzea eta hizketan egitea bidaia, ahaztu egin dakidake ez-dakit-zer irteeratan ateratzea eta peajea ordaindu dezaket bi aldiz. Erabakitzen baldin badut isiltasuna, ez dut erreparatzen zer kotxe gidari mota naizen. Ez dira igual justu gauza horiek gertatzen, baina bai antzekoak. Gero, batzuetan iruditzen zait badagoela jende multzo bat beti-beti besteak aurreratuz eta ondokoei bozinaka gidatzen duena, edo beti-beti eskuineko erreitik, parean jarritako kamioi pisutsuaren abiadurara egokituta. Baina ez, ez da beti jende multzo bera izango. Pentsatzen dut inork ez duela beti berdin-berdin gidatzen.
Akordatzen naiz, karneta atera eta ez-dakit-zenbat denborara, aldendu nintzenean autoeskolako kotxe gidari ikasitik, hori pentsatu nuela: asko aldatzen nuela bolanteari heltzeko modua, egun batetik bestera. Eta gero pentsatu nuen normala izango dela, dena egiten dugula diferente, penatuta gaudenean edo euforiko gaudenean. Baina bueno, hori.
Akordatzen naiz, karneta atera eta ez-dakit-zenbat denborara, pentsatu nuela asko aldatzen nuela bolanteari heltzeko modua egun batetik bestera
Kontua da kontua ez dela bakarrik gu nola gauden, baizik norekin, non, zer girotan, zer ordutan, zer kotxetan, zenbat gasolinarekin. Edo zer errepidetan; eta horrek berekin dakarren guztia. Adibidez, irratiko partea eman behar den ordu jakin bakoitzean komentatzeko zeozer eskaintzen duen N-1 errepidean gidatzeak dakarren guztia. Beasaindik Donostiara joateak, goizeko zortzietarako. Tolosatik Lasartera abiatzeak, goizeko zazpiak eta hogeita bostean. Itzultzeak arratsaldeko hiru eta erdietan, Andoaindik Aramara. Bidaia izatez arrunt horiek dakarten guztia da kontua. Ze egon gaitezke penatuta bezalaxe euforiko, kezkatuta bezain zirraratuta; baina eskuineko erreiaren eskuinagoko tartetik hasten denean aurrera egiten kamioi bat ziztuan, atzeragotik etorri delako motor bat seinaleek diotena baino azkarrago, kurba itxi batean, baina ezkerreko erreitik iristen ari badira beste bi kotxe, eta lankidearen deia sartzen denean telefonoan, eta aurreraxeago bat-batean keinukariak jarri dituenean autobusak, eta joan beharra daukagunean atzekoak jan ez gaitzan erdi-azkar, baina aurrekoa jan ez dezagun erdi-poliki, momentu horretan, kontua ez da gu nola gauden. Kontua da ez daukagula pazientziarik eta ez garela dena delako tokira garaiz iritsiko.
Batari eta besteari entzun diot azken boladan nazkatu direla N-1 errepidean atzera eta aurrera ibiltzeaz. Nik-ez-dakit-zer arrazoirengatik ez omen dutela trenean, busean joaterik nik-ez-dakit-nora, eta hantxe bukatzen dutela goizero, argi keinukari, frenatze eta itxaronaldi luzeen artean, hasperenka. Ez naiz ni errepide horrek amorratutako kotxe gidarien multzokoa, baina esango nuke konprobatu ahalko litzatekeela testuinguru horretan ere, nola bakoitza kotxe gidari bat edo beste bihurtzen den, unean uneko aldartearen eta gorputzaldiaren arabera.