«Euskaraldia ez da helburua, tresna bat baizik»

Maiatzaren 15etik 25era bitarte iraungo du Euskaraldiak. Herriz herri dabil gune ibiltaria, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte Gipuzkoako herrietan. Hamaikako taldeak osatzen ari dira.

(ID_17466905104095) (/EZEZAGUNA) Euskaraldiaren gune ibiltaria, maiatzaren 7an, Oñatin
Euskaraldiaren gune ibiltaria, asteazkenean, Oñatin. HITZA
Odile Bourguignon Goñi
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaraldiak maiatzaren 15etik 25era bitarte iraungo du aurten, eta oraindik zabalik da izena emateko epea. Hainbat modutan egin daiteke: Euskaraldia.eus webgunearen bitartez edo herriz herri dabilen gune ibiltariaren bitartez. Gaur Zarautzen izango da postua, eta bihar Hondarribian eta Irunen. Euskararen erabilera sustatu nahi dute, hizkuntza ohiturak-eta aldatuz. Horretarako «tresna» bat da Euskaraldia.

Ekinbidearen hazia 2015ekoa da, Lutxo Egiaren Bi-lingual: Transitoak performancearekin batera. Bilbon hilabete batez euskara hutsean bizitzeko hautua egin zuen Egiak, eta esperimentuaren ondorioak plazaratu zituen gero. Egiaren lana abiapuntu, Donostiako Egia auzoan euskaraz bizitzeko zazpi asteko egitasmoa antolatu zuten, eta parte hartzaileek identifikazio txapak erabili zituzten soinean. Aurrerago, Lasarte-Oriako herritarren eskutik ahobizi eta belarriprest kategoriak sortu ziren, berrogei egunez euskaraz aritzeko hautua egin baitzuten; haiek ere, txapak soinean.

Haizea Solagurenbeaskoa Euskaraldiaren Gipuzkoako sustatzaileak dio herritar ugari bildu zirela euskararen alde antolatutako ekinaldi haietan, eta Euskaraldia sortzeko ideia atera zela. «Aurreneko esperientzia positibo haietatik eratorri zen Euskal Herri osorako proposamena». Hain zuzen, 2018an antolatu zen lehenengo Euskaraldia, eta 225.000 lagunek eman zuten izena. Aurtengoa laugarren edizioa da, eta, «are ikusgarriagoa izan dadin», udaberrian egingo da lehenengoz; udazkenean izaten zen lehen.

Zertarako Euskaraldia?

Solagurenbeaskoak kontatu du euskararen erabileran eragiteko egitasmoa dela Euskaraldia, «hizkuntza portaeretan aldaketa bat eragitea ardatz». Izan ere, datuek diotena azpimarratu du Gipuzkoako sustatzaileak: euskararen ezagutzak ez duela erabilera bermatzen. Hori aldatzeko, esan du eguneroko ohiturei erreparatu behar zaiela: «Jendartean ohituta gaude erdaraz ulertuko gaituztenez erdarara jotzera edo, beharbada, lehenengo hitza euskaraz baina beste guztia erdaraz egitera. Egoera horietan eragiteko ariketa kontziente bat da Euskaraldia, erdaraz gailentzen diren inertziak iraultzeko proposamen bat».

Izena ematen dutenek txapa jasoko dute, aukeratu duten rolaren araberakoa: ahobizi edo belarriprest. Ahobizi direnek lehenengo hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta belarriprest direnek, berriz, eurekin euskaraz egin daitekeela adieraziko dute. Solagurenbeaskoak txapa janzteak duen garrantzia azpimarratu du, norberaren jarrera zein den adierazten duelako: «Modu batera edo bestera, baina egin ezazu nirekin euskaraz». 

«Kontua ez da maiatzaren 15ean txapa jartzea. Norbanako eta entitate bakoitzak hizkuntza joeren inguruan hausnartu behar du, erronka propioak eta errealak jartzeko»

HAIZEA SOLAGURENBEASKOAEuskaraldiaren Gipuzkoako sustatzailea

Datuek garrantzia dute, baina Haizea Solagurenbeaskoak esan du «ariketan» jarri nahi dutela arreta: «Euskaraldia ez da helburua, tresna bat baizik». Gipuzkoako sustatzaileak uste du erronka eta urrats txikiekin posible dela hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretarako, norberak bere buruari helburu lorgarriak ezarri behar dizkiola adierazi du: «Kontua ez da, besterik gabe, maiatzaren 15ean txapa jartzea. Norbanako eta entitate bakoitzak hizkuntza joeren inguruan hausnartu behar du, erronka propioak eta errealak jartzeko».

16 urtetik beherakoei «xaxatzaile» izateko deia egin diete Euskaraldiaren antolatzaileek: «Jarrera aktiboa izan dezatela nahi dugu, zirikatzailea». Hala, antolatzaileek adierazi dute gaztetxoek Euskaraldian rol aktiboa jokatuko ez badute ere gurasoei, familiari edo lagun helduagoei eragin diezaieketela, betiere «euskararen garrantzia azpimarratuz». 

Herriz herriko egitasmoa

Igandean Donostian izan zen Euskaraldiaren gune ibiltaria; asteazkenean, Oñatin, eta ostegunean, Azkoitian. Solagurenbeaskoak dioenez, gune ibiltariaren helburua da Euskaraldia sozializatzen laguntzea, izen ematea sustatzea eta baliabideak partekatzea —kamisetak, poltsak eta gisakoak—. «Euskaraldiaren dinamika presente dagoen lekuetan, gune ibiltaria hauspo bat izan daiteke ekimena herrian sozializatzeko». 

Herri bakoitzak bere nortasuna eta ohiturak ditu, eta hori mantentzeko saiakera egin dute Euskaraldiaren dinamizatzaileek. Solagurenbeaskoak aitortu du ez dutela sortu nahi izan leku guztietan «modu berean erreproduzituko den ekimen bat», eta herri eta auzo bakoitzaren «izaera» mantendu nahi izan dutela. Esaterako, Zegaman eta Olaberrian gazte taldeak dira herrian Euskaraldia sustatzen ari direnak; Elgoibarren, berriz, ardatza herriko entitateak dira —komertzio txikiak, mendi taldea, euskara taldea, ikastola...—, herritarrak entitate horietan elkartzen baitira. Eragileek eta norbanakoek batzarrak osatu dituzte beste herri batzuetan.

(ID_17465377716325) (/EZEZAGUNA) Pasaiako hamaikakoa, Euskaraldian
Euskaraldiaren Pasaiako hamaikakoa aurkezteko ekitaldia, martxoaren 14an. EUSKARALDIA

Askotarikoak dira Euskaraldiaren bueltan antolatutako ekinbideak. Eibarren eta Zumaian koreografiak sortu dituzte aurten Bulegok plazaratutako abestiarekin, eta mendi martxak ere antolatu dira gailurrera bidean euskaraz egiteko. Beste adibide bat: Oiartzualdean martxan da Euskaparate lehiaketa. Atzo bukatu zen izena emateko epea; hortaz, gaurtik aurrera saltokiak eta erakusleihoak apainduta egongo dira maiatzaren 25era bitarte Errenterian, Lezon, Oiartzunen eta Pasaian. Euskaraldia hitzak derrigor agertu behar du dekorazioan, eta apaingarriek zerikusia eduki beharko dute gaiarekin. Bi sari nagusi dituzte: 400 euro irabazlearentzat, eta 300 euro herri bakoitzeko onenarentzat.

Haizea Solagurenbeaskoak dioenez, proposamen bat egin zioten herri bakoitzari: hamaikakoak osatzeko. Hala, Ordizian kirol klubek osatu dute hamaikako taldea, eta Orion, hamaikakoa ez baizik hamalaukoa osatu dute, «traineruan hala behar delako».

Euskaraldiaren Gipuzkoako sustatzaileak gogorarazi du bakoitzaren hizkuntza hautuek ez diotela norberari soilik eragiten, eta, horregatik, garrantzitsua dela ikusgaitasuna: «Gipuzkoan euskarak baditu arnasguneak. Badaude euskaraz bizi diren herri eta auzoak, baina hizkuntza mantendu egin behar da, eta kontzientzia hartu. Gainera, euskararen arnasguneek inguruko herrietan eragina izan dezakete». Ondorioz, erronkak «elkar mugituz» lortuko direla baieztatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.