Gipuzkoako 59 herrik hartuko dute parte Euskaraldia Hikan

ZirHika taldeak antolatu du ekinbidea, lehenengoz, hitanoaren erabilera sustatzeko. Parte hartuko duten herrietako biztanleek izena emateko aukera dute oraindik.

(ID_17465219235045) (/EZEZAGUNA) Euskaraldia hika
Euskaraldia Hikan parte hartuko dutenek jasoko duten H pegatina. EUSKARALDIA
Odile Bourguignon Goñi
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

ZirHika taldeak Euskaraldia Hika antolatu du lehenengoz, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin batera. Herri batzordeek martxoa bitarte izan zuten izena emateko aukera, eta 83 animatu dira; horietatik 59Gipuzkoakoak dira. Herri parte hartzaileetako biztanleek galdera bati erantzun behar izan diote Euskaraldian izena ematean: «Euskaraldia Hikan ere parte hartu nahi al duzu?». Baiezkoa erantzunez gero, H daraman pegatina jasoko dute. Oraindik bada aukera izena emateko. Egitasmoaren bidez, hitanoaren erabilera sustatu nahi dute.

2023an Euskal Herriko I. Hika Topaketa izan zen Oñatin, eta hitanoa sustatzen duten laurogei eragile baino gehiago elkartu ziren. Patxi Saez ZirHikako kideak kontatu duenez, han sortu zen taldea sortzeko ideia: «Hika aritzea sustatzeko talde eragile bat sortzea erabaki zen». Datorren azaroan egingo dute II. Hika Topaketa, Markina-Xemeinen (Bizkaia).

Orain hiru urteko III. Euskaraldiaren garaian Hikaldia antolatu zen, baina egitasmo orokorretik aparte. Hitanoa erakusteko ikastaroak antolatu ziren orduan, eta, batez ere, Gipuzkoako herriek hartu zuten parte; haien artean izan ziren Beasain, Usurbil, Bergara eta Oñati. Hitanoaren sustapena lehenengoz txertatu dute Euskaraldiaren dinamikan, eta ZirHikak hartu du Euskaraldia Hikaren ardura.

Saezek dioenez, hikari «ikusgarritasuna» ematea da helburu nagusia, eta, aldi berean, hitanoa «gizarteratzea». «Teknologia berriekin ere hitz egiten dugun garai hauetan, ahaztu egiten zaigu hika ere egin daitekeela». Hortaz, izena eman duten herrietako biztanleek hitanoa erabiltzeko aukera izango dute; horretarako, Euskaraldiaren oinarriak mantenduta, beharrezkoa izango da ahobizi edo belarriprest izango diren erabakitzea. Halere, Saezek jakinarazi du hika jakitea ez dela ezinbesteko baldintza: «Euskaraldia Hikan parte hartuta, solaskideari aukera emango zaio norberari hika egiteko».

Herritarren parte hartzea

Herrientzat itxia dago izena emateko epea, baina herritarrek oraindik badute aukera egitasmoan parte hartzeko. ZirHikako kideak azaldu duenez, erantzun ona izan du egitasmoak: «Oraingoz, Euskaraldian izena eman duten herritarren %30ek edo %40k eman dute izena Euskaraldia Hikan». Erantzunarekin pozik daudela adierazi du Saezek.

Baina ez daude egoera berean toka —mutilei egiten zaien hika— eta noka —neskei egiten zaiena—, noka ez baita horrenbeste entzuten hika maiz egiten dutenen artean ere. Hortaz, Euskaraldiaren antolatzaileek garrantzia eman nahi izan diote desberdintasun horri, eta gomendio bat eman dute: hasteko, «kontziente izateko» tokaren eta nokaren arteko bereizketaz, nokaren inguruko «ezezagutzaz» eta «sozializazio faltaz», eta, errealitatearen kontzientzia hartuta, «hauspoa emateko» nokari. Hala, aurten ere ikastaroak antolatu dituzte herrietan; esaterako, Orion martxan dago nokari buruzko ikastaro labur bat.

Hikaren sustapenerako bestelako egitasmoei dagokienez, sona izan ohi du Hikadromoak, taldean hika egiteko jarduerak. Azpeitian otar bat osatuko dute Euskaraldian izena eman duten entitateek, saltokietan hika egiten duten herritarren artean zozketatzeko. Musean hika egiteko jarduerak ere antolatu dituzte, eta 2023an Segurako Xirika antzerki taldeak estreinatutako Zopa antzezlana herriz herri ibiliko da berriz ere; bihar Oiartzunen izango da. Antzezlana hitanoa biziberritzeko asmoz sortu zuten.

Euskaraldia Hikan izena eman duten Gipuzkoako herriak

Abaltzisketa, Aduna, Aia, Aizarnazabal, Alegia, Albiztur, Altzo, Alkiza, Anoeta, Amasa-Villabona, Amezketa, Arrasate, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azpeitia, Azkoitia, Baliarrain, Beasain, Belauntza, Berastegi, Bergara, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Elgeta, Errenteria, Eskoriatza, Gaztelu, Getaria, Hernani, Hernialde, Ibarra, Idiazabal, Irun, Irura, Itsaso, Ikaztegieta, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Oiartzun, Orendain, Orexa, Orio, Ordizia, Ormaiztegi, Oñati, Segura, Soraluze, Tolosa, Usurbil, Urretxu, Zaldibia, Zarautz, Zestoa, Zizurkil, Zumaia eta Zumarraga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.