Zabalik dago atea. Margolanak daude nonahi, hala asto gainetan jarrita, nola hormetan eskegita. Zuri-beltzak dira gehienak, baina badira tonu gorri eta berdexkak dituztenak ere. Denek dute atzealde bera: beltza. Lurrean ez dago paperik, ez eta pintura arrastorik ere. Dena dago bere lekuan, apaletan eta kutxetan ordenatuta. Kako batetik zintzilik tarlatana izeneko oihal fin batzuk, pintura gorriz, urdinez eta berdez zikinduta. Hamaika klasetako borragomak daude, eta bakoitzak bere txokoa du. Lapitzak ere dozenaka, eta olio potoak beste hainbeste. Ordenagailuaren aurrean dago Josean Fermin Gorosabel artista, eta kazetaria bere tailerreko atarira inguratu orduko jaiki da, irribarre batez: «Sartu, sartu. Hauxe da nire sukaldea».
Orduak eta orduak pasatzen ditu han. Etxetzat du kasik. Izan ere, mende erdiz aritu da han askotariko margolanak sortzen. «Ni burbuila batean sartzen naiz hemen barruan nagoenean».Â
Estilo eta teknika ugari erabili ditu urte hauetan guztietan, denboraren joanarekin «esperimentatu» dituenak. «Ez dakit teknika hauek guztiak nik deskubritu ditudan edo eurek deskubritu nauten ni, baina orain ikuspegi zabalagoa dut, heterogeneoagoa, eta hala jakin dut artea interpretatzeko modu asko daudela». Gora eta behera ibili da estudioan, artelan bakoitza xehetasunez azalduz.
«Zatoz nirekin» esan, eta pauso arinean joan da tailerraren atarira. Tarlatana bati heldu dio bi eskuekin. «Zer ikusten duzu hemen?». Gardena da, eta begiratu batean, behintzat, ez da ezer ikusten. «Zer? Ez da ezertxo ere ikusten, ezta?», segitu du. «Orain hartu linterna hau, eta egin argi tarlatanari». Andre baten irudia agertu da orduan, burka urdin bat soinean duela eta begiak besterik ikusten ez zaizkiola. «Hau akrilikoarekin margotu nuen. Nire asmoa zen nolabait erakustea burka daramaten emakumeak ikusezinak direla beren gizarteetan».Â
Artistak esan du erabiltzen duen material oro gordetzen duela, badaezpada ere. «Nik ez dut ezer botatzen. Gauza guztiei aurkitzen diet txokoren bat hemen. Noizbait erabiliko ditut zerbaitetarako...». Hain justu, hala otu zitzaion tarlatanetan akrilikoarekin margotzeko ideia. «Ez da denbora asko zera pentsatu nuela: ‘Eta mihise batean pintatu beharrean, tarlatanetan pintatuko banu?'».

Era beltza izendatzen duen teknika erabili du, batez ere, azken urteetan. Hondo beltz batetik abiatzen ditu halakoak, eta, ondoren, geruzaz geruza ezabatzen du askotariko borragomak erabiliz, harik eta irudiak agerrarazten dituen arte.Â
Gisa horretan sortu ditu argazkiak diruditen hainbat aurpegi. Ñabardura guztiak eransten dizkie: zimurrak, bizarrak, ezpainak, keinuak, espresioak, begiak... «Behin esan zidaten nik ez ditudala begiak marrazten, begiradak baizik. Eta egia da».
Naturaren 'antojuak'
Azken boladan baditu bestelako «obsesio» batzuk ere: naturaren apetak. «Inoiz jarri al zara zerura begira eta pentsatu hango hodei horrek bihotz forma duela? Edo ezagutzen duzun norbaiten aurpegiarena? Horiexek dira naturaren antojuak, naturak nahi gabe sortzen dituen irudiak». Ferminek argazkiak ateratzen dizkie halako formei, eta gogorarazten dion irudiarekin alderatu, obra bihurtzeraino. «Imajinazioa behar da, baina ez dauka meritu handirik: ingurura begiratzean dago gakoa, naturak ematen dizkigun oparietan», dio.
«Begira, zatoz, zatoz». Estudioan duen mahai baten aurrera eraman du kazetaria, eta irudi bat atera du mahaigain horretan duen paper sorta batetik. Begietatik metro eskasera jarri du: «Tomate baten ipurdia da, baina ez esan aktore frantses baten antza hartzen ez diozunik!».
Txakurra paseatzera ateratzen denetan ikusten ditu horrelakoak, zuhaitzen enborretan, hostoetan, fruituetan, itzaletan... Eta klak: argazkia egiten die. «Nire txakurrak dagoeneko ondo ezagutzen nau: badaki paseoan goazela gelditu eta mugikorra ateratzen badut zerbait ikusi diodala hango zuhaitz horri edo hemengo hosto honi, eta nire alboan esertzen da, ondo dakielako denboratxo bat pasatuko dudala ikusi dudan horri argazkiak ateratzen», esan du. «Nik ere badakit berak noiz usaindu duen zerbait, eta haren ondoan gelditzen naiz egin behar dituenak egin bitartean. Ederki konpontzen gara».
Tailerreko bazter guztiak erakutsi ditu Ferminek, eta eman dituen azalpen guztiak irudi batez lagundu. «Irudiekin hitzekin baino hobeto adierazten ditut gauzak».