Pasaiako Udalak Finiren Txokoa izeneko zentro bat ireki du asteon Pasai Antxoko Eskalantegi kaleko 53. zenbakian, «egoera zaurgarrian» edo «mendekotasun moderatuan» dauden 60 urtetik gorako herritarrentzako eguneko arreta zentroa. Hilaren 24an inauguratuko dute Finiren Txokoa, eta dagoeneko zerbitzua erabiltzen ari direnak izango dira han. Proiektua Josefina Rubio Tio zenari esker sortu du udalak; 2015. urtean hil zen, eta Andoaingo, Hernaniko, Errenteriako eta Pasaiako udalak izendatu zituen bere ondasunen oinordeko. Dohaintza hartatik, 930.000 euro baino gehiago egokitu zitzaizkion Pasaiari, eta diru horri esker jaio da Finiren Txokoa.

Pasaiako Udala adinekoei arreta komunitarioa emateko garatzen ari den estrategiaren barnean sortu dute zenbitzua, eta «pertsona erdigunean» jarriko duen eredu baten alde egiten du, «prebentzioa, autonomia pertsonala, hurbiltasuna eta komunitate sarea» oinarri hartuta. Zerbitzuaren helburu nagusia zera da: egoera zaurgarrian dauden Pasaiako adinekoei laguntzea, «beren ohiko bizimoduan jarraitu ahal izan dezaten» eta «komunitatean modu aktiboan egon daitezen», bakardadean bizitzeak dituen ondorioak arintzeko. Horretarako, erabiltzaileen askotariko jarduerak egingo dituzte, dinamizatzaile bat lagun dutela: osasun kognitiboa estimulatzeko ekintzak, osasun fisiko eta psikikoa lantzekoak eta gizarte harremanak eta komunitatean integratzea sustatzen dutenak.Â
Nolanahi ere, Aintzane Taberna Ezkurra Pasaiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak esan du Finiren Txokoaren balio nagusia ez dela han eskaintzen diren jarduerak, baizik eta sortzen diren harreman sareak. «Adinekoen autonomia eta duintasuna errespetatzen dituen gune bat da, erabiltzaileei entzunak izateko eta komunitatearen parte sentitzeko modua emango diena». Zinegotziak esan duenez, Finiren Txokoa ez da arretagune hutsa. «Pasaiak zaintzari buruz duen ikuspegiaren erakusle da, bakardadeari aurre egiteko eta adinekoek komunitatean duten tokia indartzeko tresna bat». Izan ere, zinegotziak uste du adinekoen zaintza ezin dela «zerbitzu soil gisa» ulertu: «Harremanetan, auzoan eta komunitatean sustraitutako eredu bat behar dugu, pertsonek beren bizi proiektua ingurune ezagunean garatzen jarraitu ahal izan dezaten».
Erabiltzaileen baldintzak
Zerbitzuaren erabiltzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte, hala nola Pasaian erroldatuta egotea, 60 urte baino gehiago izatea eta «hauskortasun, kalteberatasun, bakardade edo mendetasun» egoeran egotea.
Zentroa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez. Bi talde egongo dira: goizekoa, 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldekoa, 15:30etik 18:30era. Erabiltzaileek astean bi egunetan parte hartu ahal izango dute, «beren lehentasunen eta beharren arabera», arreta pertsonalizatua eta malgua jaso dezaten. Talde bakoitzean hemezortzi plaza egongo dira gehienez, eta izena emateko bi bide izango dira: 943 344 034 telefonora deituta edo Pasaiako Gelasio Aranburu kaleko 8. zenbakian, Trintxerpeko Euskadi etorbideko 27. zenbakian edo Pasai Donibaneko Arizabalo jauregian aurrez aurreko hitzordua hartuta.
Â