Galderei galderak, ezagutza lortzeko bidean

Jakin-minak eragindako galderak egitearen beharraz aritu dira Kutxa fundazioak antolatutako 'Itzulera, jakin-minetik ezagutzara' mahai inguruan.

Ezker-eskuin, Mikel Rotaetxe, Ana Galarraga, Oihana Arana, Ander Mujika eta Maddi Iñarra, gaur, Bergarako Laboratoriumean. GORKA RUBIO / FOKU
Ezker-eskuin, Mikel Rotaetxe, Ana Galarraga, Oihana Arana, Ander Mujika eta Maddi Iñarra, gaur, Bergarako Laboratoriumean. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Bergara
2026ko ekainaren 12a
21:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Norberaren jakindurian arakatu, hura zalantzan jarri, galderak egin —hala nork bere buruari nola aldamenekoei—, eta galdera horiei galdera gehiago. Ariketa horretan dago jakin-minak eragindako azkura baretzeko eta «ezagutza osoago bat» lortzeko giltza Oihana Arana idazle eta bertsolariarentzat, Ana Galarraga dibulgatzaile zientifikoarentzat, Ander Mujika musikariarentzat eta Maddi Iñarra irakaslearentzat. Jakin-minaz aritu dira Kutxa fundazioak Jakingura jaialdiaren baitan antolatutako Itzulera, jakin-minetik ezagutzara mahai inguruan. Amorantek girotu du solasaldiaren ondoko unea, eta mokadu bat jateko beta ere izan dute han izan direnek.

Jakin-mina «bizirik mantentzea» funtsezkotzat du Kutxa fundazioak, galderak egiteko ohiturari eusteko, lehen erantzunarekin ez konformatzeko, eta bestelako ikuspegi batzuk kontuan hartzeko, besteak beste. «Jakin-mina ez da soilik jakiteko gogoa. Mundua beste perspektiba batetik ulertzeko saiakera bat da, galdera deserosoak egiteko bulkada, norberak oso irmotzat dituen ideiak zalantzan jartzea». Gizarteari galderak eta pentsamendu berrietarako bidea zabaldu asmo diote, eta hargatik abiatu dute jaialdia.

«Komunitatean lan egin behar da, gainerakoei galdetu. Izan ere, ez da akatsa ikuspuntu bat edukitzea, baizik eta ikuspuntu hori bakarra dela pentsatzea»

MADDI IÑARRA Irakaslea

Hausnarketarako plaza bihurtu da gaur arratsaldean Bergarako Laboratoriumaren kanpoaldea (Gipuzkoa). Mikel Rotaetxe kazetaria aritu da dinamizatzaile lanetan, eta zera galdetu die oholtzan lagun izan dituen lau kideei, noiz sentitu ote zuten lehen aldiz jakingura. Pentsakor gelditu dira denak, baina Iñarra irakasleak ziztuan hartu du hitza, ondo gogoan baitu egun hura. Bere lagunak jaunartzea egiten ari zirela sentitu zuen, apaizak heriotza zuela hizpide. «Zera pentsatu nuen: 'Ai ama, ni ere hil egingo naiz...’. Momentu horretan izan nuen lehen harremana jakin-minarekin. Heriotzaren gainean hausnartzen hasi nintzen: noiz hilko naizen, hil eta gero zer ote dagoen...».

Aranak ere oso umetan ekin zion galderak egiteari, jakin-minak eraginda. «Ni oso ume astuna nintzen. Galdera asko egiten nituen. Zerua urdin bazegoen, 'zergatik da zerua urdina?', galdetzen nuen. Bada, horixe egiten nuen gauza guztiekin». Hain justu, bide horretxetik jardun zuen Lazunak azkazaletan bere lehen poema liburuan (Susa, 2021). Jakin-minetik, zalantzatik eta galderetatik sortutako poemak dira Aranak lan horretarako ondutakoak. «Galderak izan ziren nire abiapuntua, sekula erantzunik emateko intentziorik gabeak». 

Galderak, jakingura asetzeko

Nola bizi dute, baina, jakin-min hori euren egunerokoan? Mujikak, esaterako, musika du lanabes, eta dio «ilun dagoen pasabide batean aurrera egitea bezalako zerbait» dela. «Nora ez dakizun norabait joatea da, itsu-itsuan aurrera egitea. Jakin-minak piztutako prozesua izaten da ederrena». Arana bat dator musikariarekin, eta iruditzen zaio galderak «beharrezkoak» direla pasabide ilun horretan aurrera egiteko. BERRIAn egunero idazten dituen zutabeak jarri ditu adibide gisa: «Zutabeek aukera ematen didate nire burutazio desberdinei orrialde erdi eskaintzeko. Galdera txiki pila bati erantzun bat bilatzea bezalako zerbait da». 

Galarrak, berriz, bestela bizi du jakin-mina. «Adibidez, gizartearentzat gauza garrantzitsu bat gertatzen denean, gertatu den horri esplikazio bat bilatzen ahalegintzen naiz ni». Hortaz, galderetan eta jakin-minean aztarrika aritzen da jardun horretan. Iñarrak, gizartearen zalantzak baino gehiago, ikasleenak argitzen saiatzen da. Bere irudiko, «gauza oso txikietatik hausnarketa potoloak» atera daitezke. «Ariketa sinpleetatik ezagutza eraikitzen saiatzen naiz nire ikasleekin».

«Kolektibotasuna oso inportantea da. Zenbat eta anitzagoa izan ikerketa talde bat, orduan eta osoagoa izango da ikerketa. Hori frogatuta dago»

ANA GALARRAGA Dibulgatzaile zientifikoa

Nolanahi ere, uste dute jakin-mina sozializatzeko tresna bat ere badela. «Paseoan goazenean, musikarekin eta beste ezertan pentsatu gabe joanez gero, ziurrenik, ez zaizkigu galderak otuko», esan du Aranak. «Ordea, poliki joanda, ingurukoa behatzen eta aldamenekoei galdetuz, galdera eta zalantza asko etorriko zaizkigu burura». Hala uste du Galarragak ere; dio hausnarketa eta jakin-mina ez direla bakarka egitekoak. «Kolektibotasuna oso inportantea da. Zenbat eta anitzagoa izan ikerketa talde bat, orduan eta osoagoa izango da ikerketa. Hori frogatuta dago».

Iñarrak eta Mujikak ere albokoekin partekatzen dituzte barruan pizten zaizkien zalantzak. Lehenak lankide dituen irakasleei galdetzen dizkie ikasgelan otutzen zaizkion galderak: «Komunitatean lan egin behar da, gainerakoei galdetu. Izan ere, ez da akatsa ikuspuntu bat edukitzea, baizik eta ikuspuntu hori bakarra dela pentsatzea». Mujikak ere taldean hausnartzearen alde egin du. Izan ere, musika sortzeko garaian, bakarrik baino gehiago, nahiago izaten du kideekin jardun. «Nork bere ideiak argi izan ditzake hasieratik, baina taldean lan egiteak hasiera batean espero zenituenak baino ideia interesgarriagoak ekar ditzake».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA