Aitor Azurki kazetaria eta Aitzol Arroyo historialaria 36ko gerran Gipuzkoara etorritako boluntario internazionalistak ikertzen ari dira, eta ohartu dira boluntario internazionalistena ez zela «kasu bakan» bat soilik. Datorren urtean ikerketa liburua argitaratuko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Azurkik eta Arroyok azaldu dutenez, Miguel Usabiaga donostiarraren Flores de la República. Los olvidados de Pikoketa liburua izan zen ikerketaren abiapuntu, idazleak gerran laguntzera etorritako atzerritarren izen batzuk aipatzen baititu. Orain artxiboetan murgilduta dabiltza.
Ikusi gehiago
1936ko uztailean hasi zen gerra, eta boluntario internazionalistak abuztua hasieraz geroztik hasi ziren Euskal Herrira etortzen; hain zuzen, Brigada Internazionalak sortu baino lehen, urrian sortu baitziren. Abuztuan iritsitako boluntarioena «aztertu gabeko lagina» dela diote Azurkik eta Arroyok. Hala, Frantziatik, Italiatik, Belgikatik eta Poloniatik trenez iristen ziren boluntarioak Hendaiara (Lapurdi), eta Irunekin lotura duen Etorbidearen zubian egiten zieten harrera Fronte Popularreko kideek; hortik zuzenean frontera eramaten zituzten. «Gertatutakoa historiografiak dioena baino haratago» doala adierazi du Arroyo historialariak.
Kide internazionalistak
Batik bat, 15 eta 30 urte bitartekoak ziren laguntzera etorritako internazionalistak, baina Lehen Mundu Gerrako beteranoak ere bazeuden, gehienbat Frantziatik etorriak. Bi ikerlari gipuzkoarrek azaldu dutenez, Italia, Polonia eta Belgika jatorri zutenak, berriz, nagusiki oso gazteak ziren, baina esperientzia zuten eta zerbitzu militarra egindakoak ziren: «Faxismoa hedatzen ari zen Europan, eta, beraz, komunistek klandestinitatean edo erbestean egon behar izan zuten. Trebatu egin ziren: bazekiten mundu gerra bat zetorrela eta faxismoaren gorakada geldiarazi behar zela. Horregatik etorri ziren hona». Hauek izan ziren laguntzera etorritako batzuk: Estera Zilberberg Estoucha eta Abram Gostynski komunistak, baita Rene Pasque, Louis Boulanger eta Pierre Schavitz ere, Belgikatik etorritako troskistak.

Historiografiak zioenez, Gostynski Irungo frontean hil zen, baina artxiboan arakatuta, Dolores Ibarruri Pasionaria-ri 1939ko urrian Ukrainatik idatzitako eskutitz bat topatu dute Azurkik eta Arroyok. Komunistaren gutunaren bitartez jakin dute Gostynskiren ibilbidea uste baino luzeagoa izan zela. «Euzkadiko borrokalarietako bat naiz», esan zion Gostynskik Ibarruriri. «Espainiara etorri nintzen ulertu nuelako Espainiako herria laguntzeko ez dela nahikoa dirua lortzea edo propaganda egitea; bertara joan behar da gerra bizitzera». Ezizen batekin sinatu bazuen ere, hiru orrialdeko eskutitz bat idatzi zion Gostynskik Ibarruriri, Pierre Martel-ek Pasionaria-ri.
Louis Boulanger troskistak Belgikako burkide bati bidali zion eskutitza. «Idazten ari naizen momentutik, 24 ordu pasatu dira heriotza ziur bati ihes egin diodanetik», zioen Boulangerek. Gainera, haren kideen berri eman zuen: «Rene Pasque hila dago. Diodana idazteko behar dudan denbora baino azkarrago hil eta lurperatu dute. (...) Pierre Schavitz ospitalean dago larri zauritua, eta galdua dagoela uste dut, dagoeneko hilik ez badago, konponezina izango baita haren egoera». Gerraren krudeltasuna deskribatu zuen Boulangerek, eta desilusioa igartzen da haren hitzetan.

Sobietar Batasuneko artxiboan (RGASPI), Amsterdamgoan, Salamancakoan (Espainia) eta Bartzelonako artxiboan (SIDBRINT) ikertzen aritu dira Azurki eta Arroyo. Sobietar Batasunekoan hamar miloi dokumentu baino gehiago daude, eta ikerlari gipuzkoarren interesekoak, 200.000 inguru. Horiek denak arakatu ditu Arroyok, eta aitortu du eskertzekoa dela sobietarren diziplina eta zehaztasuna: «Gerratik itzultzean ziurtagiri bat eskatzen zieten: lekuko bat. Zehaztu behar izaten zuten Espainiara noiz iritsi ziren, nola eta zeinekin, zer frontetan aritu ziren, formakuntza militarra jaso ote zuten, zaurituak edo atxilotuak izan al ziren... Baita zer filiazio zuten, zer aurrekari eta zer kultura maila zuten ere». Gainera, gerran garrantzia nabaria izandakoei autobiografia bat idazteko eskatzen zieten: «Gertatutakoa zehatz-mehatz kontatzen duten autobiografiak topatu ditugu, eskuz idatzitako bost edo zazpi orritakoak». RGASPI artxiboa duela urte gutxi desklasifikatu zuten, eta jende oso gutxik aztertu du geroztik; hortaz, ziurtatu dute Euskal Herrian «berrikuntza» ekarriko duela martxan dagoen ikerketa liburuak.
Artxiboak iturburu
Sobietar Batasuneko artxiboan edo Amsterdamgoan boluntario internazionalisten izen bat topatu orduko Bartzelonako eta Salamancako artxiboetara jotzen dute ikerlariek: Bartzelonan 2010. urtean sortu zuten SIDBRINT Brigada Internazionalen artxiboa, eta Salamancan dago Espainiako Errepublikari buruzko artxibo nagusia, Arroyok dioenez, «kolpistek konfiskatutakoa, baina ezin izan zutena kanpora eraman». Pixkanaka, historia osatzen doaz hariari tiraka.
Boluntario internazionalistak identifikatzeko hiru ardatz nagusi izan dituzte: frontea, presoen arteko trukeak eta Irungo kontzentrazio esparrua. Hain zuzen, 4.500 eta 6.000 pertsona inguru pasatu ziren Irungo kontzentrazio esparrutik; horietatik, bostehun baino gehiago izan ziren internazionalistak.
Ikerketa osatzeko, herritarren parte hartzea ere eskatu dute. Horregatik, Gipuzkoara iritsitako boluntario internazionalisten berri izango balu norbaitek, +34 665-72 47 52 telefono zenbakira edo internazionalistak@gmail.com helbidera idazteko deia egin dute.