Irailaren 6an ospatuko dute, Legazpin, Gipuzkoako Artzain Eguna, eta egun osoko egitaraua osatu dute antolatzaileek, artzaintzari eta lehen sektorearen lanari bultzada emateko asmoz. Horretarako, ohiko eginbeharrak utzi, eta landatik Legazpiko kaleetara jaisten dira artzainak, jendeak euren ogibidea gertutik ezagutu dezan. Ohi bezala, honako hauek izango dira egun horretako ekitaldi nagusiak: Gipuzkoako Artzain Gaztaren Lehiaketa, artzain munduari loturiko pertsonei egingo dizkieten omenaldiak eta artzain txakurren txapelketa.
Igande goizean izango dira ekitaldi gehienak. 10:00etan zabalduko dituzte postuak, eta gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izango da. Musika ere ez da faltako, 11:00etatik aurrera Legazpiko Musika Banda arituko baita kalejiran. 12:15ean, berriz, ardi mozketa erakustaldia izango da. Ondotik, Gipuzkoako hiru artzain omenduko dituzte: Iñigo Eizagirre, Juan Carlos Olasagasti eta Miguel Taberna.
Euskal Herriko latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa izango da goiz osoan zehar, bai eta haur jolasak, zintzarriei buruzko erakusketa bat eta artisau azoka ere. Hori guztia Legazpiko Elustondo anai-arreben trikiti doinuek girotuko dute. Goizeko lehiaketetako irabazleen sari banaketarekin amaituko dira eguerdira artekoak. Eta, ondotik, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, Aitxuri jatetxean.Â
Arratsaldean, urteroko moduan, Gipuzkoako artzain-txakur txapelketa egingo dute, 17:30ean, Urtatzako zelaietan.Â