Hontza liburudendako arduradunak

Ramon Tatiegi eta Esther Moiua: «Hontzan hasi ginenean ilusioa genuen, eta hori ez dugu inoiz galdu»

Martxoaren 31n itxiko dute Donostiako Hontza liburu denda. Moiua eta Tatiegi 42 urtez arduratu dira dendaz; pozik daude egindako bidearekin, nahiz eta pena ere sentitzen duten.

Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi andre daude Donostiako Hontza liburu dendaren erakusleihoari begira. «Laster itxiko omen dute», esan dio batak besteari. Lagunak badaki, periodikoan-edo irakurri du: «Ze pena!». Barnean ere bada jendea, liburuak eskuetan, kontrazaleko sinopsia irakurtzen. Ramon Tatiegi eta Esther Moiua liburu dendako arduradunek orain urtebete iragarri zuten denda ixteko asmotan zirela, eta dagoeneko jarri dute itxiera data: martxoaren 31. «Eskerrak eman nahi dizkiegu gurean izan diren bezero guztiei, haiengatik egon garelako gu hemen».

Zer moduz zaudete?

ESTHER MOIUA: Ondo eta txarto. Jubilatzeak pozten nau, baina pena ere badut, gure proiektu honi atea itxi behar diogulako. Martxoaren 31n amaituko da gure bizitzako garai garrantzitsu bat. 

RAMON TATIEGI: Nik urrutixeagotik bizi dut, orain hiru urte jubilatu nintzelako. Ez dut dendakoekin kontakturik galdu, baina ez naiz Esther bezainbeste egon. Duela pare bat urte hartu genuen denda ixteko erabakia, eta nik orduan pasatu nuen gaizki. Uste nuen dolua pasatua nuela, baina itxiera data jartzeak berriro ekarri dit min hori. Hemen lanean aritzen nintzenean, urduritu egiten nintzen jendearekin, eta hemendik ateratzen nintzenean, mendira joaten nintzen bakarrik. Orain faltan sumatzen dut jendea.

«Guk askotan jaso izan ditugu erosleen gomendioak, eta guk beste batzuei laguntzeko erabiltzen genituen aholku haiek»

RAMON TATIEGI Donostiako Hontza liburu dendaren jabea
Izan ere, hemen pasatu duzue zuen bizitzako puska handi bat…

TATIEGI: 42 urte. Hontza ireki eta bi urtera sartu ginen biok, eta egoera ekonomikoa oso txarra zen orduan. Lan asko eginda lortu genuen egoera hari buelta ematea. Urte hauetan guztietan poz handiak eman dizkit Hontzak, asko eman didan jendea ezagutu dudalako hemen, baina liburu dendak kendu ere asko kendu dit.

MOIUA: Erronka handia zen guretzat. Lanean hasi, eguerdian supermerkatura joan, ogitarteko bat erosi, eta lanera sartzen ginen berriz. 

Jendeak zer esaten zizuen hasiera hartan?

TATIEGI: «Hik zer uste duk, liburuetatik biziko haizela? Hik daukak haizea buruan...». Horixe. 

MOIUA: Baina guk ilusioa genuen, ikasteko ilusioa, eta hori ez dugu inoiz galdu. Hontza elkargune bat izan da jende askorentzat.

Zer zentzutan?

MOIUA: Lehen ez zen arraroa norbaitekin geldituta zegoen jendeak kafetegi batean zain egon beharrean hona etorri eta buelta bat ematea. Elkarrizketa asko izaten dira hemen, batek esaten du liburu hau irakurri duela eta beste batek beste hori, eta hori oso polita da guretzat. Gainera, aspaldi gurasoekin etortzen ziren ume haiek jarraitzen dute dendara etortzen. Aurreko astean, adibidez, urtetan etorri izan den bezero batek esan zidan: «Ni txikitan aitarekin etortzen nintzen, hemen egoten nintzen aitak liburuak begiratu bitartean, eta oraindik etortzen naiz». Gauza on asko eman dizkigu dendak. Bezeroek asko ikasiko zuten gurekin, baina guk ere asko ikasi dugu haiekin.

TATIEGI: Bezeroek guk baino gehiago dakite, guk baino denbora gehiago izaten dutelako irakurtzeko. Noski, guk askotan jaso izan ditugu erosleen gomendioak, eta guk beste batzuei laguntzeko erabiltzen genituen aholku haiek.

Hain zuzen ere, bezeroek sareetan diote zuen aholkuak eskertzen dituztela. Gertutasun hori izan duzue 44 urtean Hontza zabalik edukitzeko giltza?

TATIEGI: Oso ekipo ona osatu dugu. Saiatu gara langileon egonkortasuna lortzen, eta uste dut horrek eman diola dendari kalitatea.

MOIUA: Horretan saiatu gara behintzat. Beti ahalegindu gara saltzen ditugun produktuak ezagutzen, eta horrek lan bat eskatzen du. Kafetegi batean urteak daramatzan langileak badaki bezeroari nola gustatzen zaion kafea; gurean gauza bera da. Begira: aurrekoan, Monica eta biok geunden dendan, eta gizon bat sartu zen: «Liburu bat behar dut, baina ez dakit ez izenburua eta ezta idazlearen izena ere». Galdetu genion ea bazekien nolakoa zuen azala, eta esan zigun gauza bakarra zekiela: kolorea, gorri pixka bat zuela. Berehala asmatu genuen zer liburu behar zuen gizonak. Horrelakoak askotan gertatu zaizkigu.

«Lehen, liburu bat eskatu eta astebetera jasotzea normala zen jendearentzat, eta orain dena nahi dugu azkar»

ESTHER MOIUA Donostiako Hontza liburu dendako jabea
Hasi zinetenetik hona, aldatu al dira jendearen irakurtzeko ohiturak? 

TATIEGI: Jendeak lehen beste irakurtzen du, edo gehiago, baina gu hemen hasi ginenean, bezero gehienak ikasleak ziren, ikasliburuak erostera etortzen zirenak. Filosofiako eta arkitekturako liburuak erosten zituzten, batez ere. Sektore hori desagertu egin zen pixkanaka, gaur egun beste modu batean lortzen baitute materiala.

MOIUA: Hori da aldatu dena. Orain jendeak Internetera jotzen du, eta ez liburuetara. Lehen, liburu bat eskatu eta astebetera jasotzea normala zen jendearentzat, eta orain dena nahi dugu azkar. Dendan ez badago, edonon erosten dugu, eta ez dakigu nori ari garen erosten.

LOTSABAKO

Hontzan hasi zinetenean gehien saltzen zen liburua? TATIEGI: Bi anai eta Los pilares de la tierra. MOIUA: La piedra lunar.

Oraingo liburu gomendio bat?

TATIEGI: Minesota eta Dena zulo bera zen. MOIUA: Comerás flores eta Bizitza baten txatalak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA