Antzinako herri ohiturak, hileta errituak eta argizaiolak ardatz hartuta, Argizaiola liburua osatu dute Joseba Urretabizkaia argazkilariak eta Fernando Hualde historialariak. Euskal Herriko seiehun argizaiola baino gehiagoren irudiak bildu dituzte, eta irizpidea izan da inoiz «benetan erabilitako piezak» izatea, eta «ez apaingarri huts» gisa erabilitakoak. Egileek esan dute lana ez dela argazki bilduma bat soilik; izan ere, glosario bat osatu dute argizaiolaren inguruko hitzekin, bai eta testuinguru historiko, linguistiko eta soziala jaso ere. Liburua aurkezteko, «kultur asteburu bat» antolatu dute gaurtik igandera bitartean Altzon. Askotariko jarduerak izango dituzte Azpiko Olazabalgo Salbatore elizan.
Urretabizkaiak dio Argizaiola «dokumentazio grafiko gehien» duen liburuetako bat izango dela. Lana osatzeko, Euskal Herriko hainbat museotako bildumak hartu dituzte kontuan: Irungo Gordailukoak, Donostiako San Telmo museokoak, Bilboko Euskal Museokoak, Nafarroako Julio Caro Baroja Museo Etnologikokoak, Baionako Euskal Museokoak eta Pirinioetako Museokoak (Lourdes, Okzitania). Bilduma pribatuetako piezak ere jaso dituzte, hala nola Bergarako Vitoriano Larrañagarenak eta Fernando Hualdek Izaban duen El Sabaiao arte gunekoak (Nafarroa).
«Euskal kulturan elementu gako bat da argizaiola, eta desagertzen ari da. Berez, desagertuta dago dagoeneko, Amezketan bakarrik eusten baitiote ohiturar»
FERNANDO HUALDEHistorialaria
Urretabizkaiak eta Hualdek argizaiola motak sailkatu dituzte lanerako: antropomorfoak, lau hankakoak, egurrezko xafla hutsezkoak eta soilik argizariz osatutakoak. Lourdesko museoan aurkitutako zenbait piezak, esaterako, ez dute egurrik, eta argizarizkoak dira guztiz. Horrez gain, hiletetako zenbait elementu ere jaso dituzte; besteak beste, oihalak, hobiak eta argimutilak.
Argazki bilduma osatu ez ezik, argizaiola mota bakoitzari buruzko informazioa jaso du Hualde historialariak, bai eta testuinguru linguistikoarekin glosario bat ondu ere. Azaldu duenez, «memoria berreskuratzea» izan du asmo. «Ondarea jasotzea izan da helburua, arlo materialean zein immaterialean. Argizaiola funtsezko elementu bat da euskal kulturan, eta desagertzen ari da. Berez, desagertuta dago dagoeneko, Amezketan bakarrik eusten baitiote ohiturari». Argizaiolen erritua nolakoa zen ere azaldu dute lanean: nola eramaten zuten sua etxetik elizara, nola pizten ziren argizaiolak, eta emakumeek erritu horretan zer rol zuten. «Argizaiolak erabiltzeko ohituran bada arima argiztatzeko asmo moduko bat, beste bizitza baterako bidaia argitzekoa... Matriarkatu bat ere badago, emakumeen ardura baitzen erritua gauzatzea».

Hualdek esan duenez, proiektuaren beste helburuetako bat zera da, ahozko jakintza jasotzea eta ondarea galtzen ez dela ziurtatzea. «Gure helburua jende helduarengana iristea da. Bizirik dauden artxiboak daude: sekulako informazio pila dute, eta hori eskuratu egin behar dugu, baliteke eta luze gabe galtzea». Historialariak Jose Alonso Amezketako tailugilea zena elkarrizketatu zuen lanerako, eta adierazi du «bereziki hunkigarria» izan zela harekin hitz egitea. «Jose Alonsok benetan erabili ziren argizaiolak zizelkatu zituen, ez apaingarri gisa erabiltzen zirenak. Gauza asko kontatu zizkigun elkarrizketan; zoragarria izan zen».
Egileek nabarmendu dute Argizaiola liburua «landutako pieza bat» dela. «Edizio zenbakitua izango da, kalitate handikoa. Artelan bat da», esan du Urretabizkaia argazkilariak. «Ondareari balioa emateko ariketa bat da. Garrantzia ematen diegu galtzear dauden ohiturei eta elementuei, eta lanak modua emango dio jendeari horretaz jabetzeko».
Kultur asteburua
Urretabizkaiak eta Hualdek gaur aurkeztuko dute lana, 19:00etan, Altzo Azpiko Olazabalgo Salbatore elizan. Aurkezpenaren aitzakian, Elena Arrese arte komisarioak kultur asteburu bat antolatu du igandera bitarte. Ekitaldia Ipuskoa, Izanetik izena. 1025-2025 egitasmoaren barruan antolatu dute, eta helburua da Gipuzkoa hitzaren lehen aipamen idatziaren milurtekoa ospatzea eta euskal kulturaren ondarea zabaltzea. «Bi aldiren arteko lotura da argizaiola: bizitzaren eta heriotzaren edota iraganaren eta etorkizunaren artekoa», esan du Arresek. «Lotura hori oso interesgarria da ikuspuntu etnologikoari eta artistikoari dagokionez».
«Garrantzia ematen diegu galtzear dauden ohiturei eta elementuei, eta lanak modua emango dio jendeari horretaz jabetzeko»
JOSEBA URRETABIZKAIAArgazkilaria
Igande arratsaldean, Amezketako zortzi emakumek argizaiolen erritua irudikatuko dute performance batean. «Elizako sarrera irudikatuko dute, argizaiolak piztu, eta ogiaren eskaintza egin», kontatu du komisarioak. Ondotik, kantu gregorianoen emanaldia egingo du Donosti Ereski abesbatzak. «Argizaiolak piztuko dituzte performancean, eta abesbatzaren emanaldiak iraun bitartean piztuta izango dituzte».
Donosti Ereskik ez ditu nolanahiko abestiak interpretatuko. Oñatiko Bidaurretako monasterioan aurkitutako 1502ko Hildakoen Ofizioa transkribatu eta egokitu dute okasiorako, kantu liburuko bertsioa errespetatuta. Hildakoen Meza Gregonianoa ere prestatu dute. Arreseren ustez, Donosti Ereskirena «proiektu bereziki esanguratsua» da, bi lanak euskarara egokitu baitituzte —1502ko Hildakoen Ofizioa eta Hildakoen Meza Gregonianoa—, Nikolas Ormaetxea Orixe idazlearen itzulpenetatik abiatuta.