Irungo irakaslearen aurkako epaiketan deklaratutako guztiek bat egin dute akusazioarekin

Hiru ikasle adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egitea leporatzen dio Gipuzkoako Fiskaltzak gizonari. Gaur hasi da epaiketa, eta bihar izango du jarraipena.

Irungo ikastetxe bateko irakaslearen aurkako epaiketa, gaur, Donostian. EFE
Irungo ikastetxe bateko irakaslearen aurkako epaiketa, gaur, Donostian. EFE
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko martxoaren 24a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak gaur hasi du Irungo (Gipuzkoa) ikastetxe bateko irakasle baten aurkako epaiketa. Besteak beste, zera leporatzen diote: hiru ikasle adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egin izana. Internet bidezko hurbilpen sexualeko bi delitu ere egozten dizkiote gizonari, bai eta exhibizionismo delitua eta baldintzapeko mehatxu arinen delitua ere. Hargatik, fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatzen du irakaslearentzat. Gizonak, gaur goizean prentsaren aurrean egindako agerraldi batean, ukatu egin ditu gertakariok, baina epailearen aurrean deklaratu duten lekukoek —hezkuntzako ikuskatzailea, ikastetxeko bi irakasle, zuzendaria, kasua hurbiletik ikertu duen ertzain bat eta ikasle batzuk— bat egin dute akusazioarekin. Irakaslea gaur zen epailearen aurretik pasatzekoa, baina berak hala eskatuta, bihar deklaratuko du.

Gertakariok 2023-2024ko ikasturtean jazo ziren, artean auzipetua Irungo bigarren hezkuntzako institutu bateko irakaslea zela. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, baina, 2018an hasi zen irakaslearen gaineko jarraipena egiten, Gipuzkoako beste ikastetxe bateko ikasle batzuekin «jokabide desegokiak» izan zituela medio. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak aurreko ikastetxean funtziotik eten zuen aldi batez.

Gaur goizean epailearen aurrean deklaratu dutenek berretsi dute gizonak erabiltzaile faltsu bat sortu zuela Instagramen, eta kontu horren bidez eduki sexualeko iruzkinak egiten zizkiela ikasle batzuei. Lekukoen arabera, irakasleak berak esaten zien ikasleei bera zela pantailaren atzean zegoena, bai eta ikasle gehiagorekin hitz egitea gustatuko litzaiokeela ere. Gizonak bere sugar baby-ak izan nahi ote zuten galdetzen zien ikasleei, eta euren gorputzari buruzko komentarioak ere egiten zizkien.

Laguntza eske

Fiskaltzaren arabera, akusatuak ikasle bati esan zion ikasturte bukaerako bidaian biak bakarrik egon ahal izateko logela bat lortuko zuela, beste bati Gabonetako oporrak elkarrekin igarotzeko proposamena egin zion, eta beste ikasle baten mugikorrean bideo bat ere aurkitu zuten, irakaslea bere burua masturbatzen ageri zena. Hala, adingabeek beste irakasle batzuengana jo zuten laguntza eske. Hain zuzen ere, Irungo ikastetxeko irakasle bik deklaratu dute gaur, eta, horietako batek azaldu duenez, ikasle batek esan zion auzipetuak bazekiela non bizi zen, eta egunen batean bere etxean agertuko ote zen beldur zela. 

Orduan ikastetxeko zuzendari zena ere epailearen aurretik pasatu da, eta esan du adingabeen gurasoak «oso arduratuta» egon zirela garai hartan. «Eta, horren arduratuta bazeuden, zergatik ez zuten salatu?», galdetu dio akusatuaren defentsak, eta ikastetxeko zuzendariak azaldu du familiek ikastetxeari eskatu ziotela egoera hartan egin beharreko guztia egiteko. 

Hortaz, zuzendariak Ertzaintzaren esku utzi zituen Instagrameko hizketaldien pantaila argazkiak, ikerketa abiatu zezan. Gaur epailearen aurretik igaro da kasu hori ikertu zuen ertzainetako bat, eta esan du gaur egun ez direla existitzen akusatuak Instagram bidez ikasleekin izandako elkarrizketak; haren irudiko, irakasleak berak ezabatu zituen. 

Fiskaltzaren arabera, Irungo institutuan gizon horren jokabideen berri izan zutenean, irakasleak idatzi bat egin, eta zabaldu egin zuen. «Bere jardunaren berri ematen zuten pantaila argazkiak zeudela jakitun», ikasleei esan zien horiek «legez kanpokoak» izan zitezkeela. Fiskaltzak dio hori guztia ikasleak «beldurtzeko» egin zuela, haiek informazio hori guztia ezabatu zezaten.

Feministen babesa

Oiartzungo Feministen Asanbladako hainbat kidek elkarretaratzea egin dute epaitegiko atarian, Guk sinesten dizuegu, zuekin gaude! Erasotzaileak sutara pankarta esku artean zutela. Hala, babes eta elkartasun osoa adierazi diete adingabeei, bai eta akusatuaren jarrera gaitzetsi ere. Euren artean zen Claudia Perez, 11 bat urte zituela akusatuaren ikasle izan zenetako bat —egun 22 urte ditu—. Hark BERRIAri kontatu dionez, gizonak «eduki sexualeko» iruzkinak egiten zizkien ikasleei. «Niri esaten zidan bollito bat izango nintzela nagusitan, eta nire ikaskide bati, berriz, bular handiak zituela eta ea bularretakoetan zer neurri erabiltzen zuen». 

Perezen hitzetan, auzipetuak pornografia jartzen zien teknologiako klaseetan. «Demagun, hark dioen moduan, ikasleok ginela haren atzetik gindoazenak. Ez zen hala izan, baina hala izango balitz ere, bera zen nagusia, berak jarri behar zituen mugak, guk 11 urte baino ez genituen». Perezek dena kontatzen zuen etxean, harik eta bere amak ikastetxera jo zuen arte. «Nire amak ikastetxekoekin hitz egin zuen, baina kasua ez zen inora iritsi. Bazen garaia epaitegietara heltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!