Irungo Oiasso Erromatar Museoak inoizko bisitari gehien izan zuen iaz

Museoak 44.000tik gora bisitari izan ditu, 2024an baino 6.000 bat gehiago. Publiko berria erakarri nahi dute, tokiko publikoarekin duten lotura galdu gabe.

Hainbat bisitari, apirilaren 11n, Irungo Oiasso Erromatar Museoan, terma erromatarrei begira. OIASSO MUSEOA
Hainbat bisitari, apirilaren 11n, Irungo Oiasso Erromatar Museoan, terma erromatarrei begira. OIASSO MUSEOA
Miren Mujika Telleria.
Irun
2026ko urtarrilaren 13a
12:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain 2.000 urte, Oiassoren erdigunea zegoen gaur egungo Irunen. Erromatarren termak izan ziren han, eta oraindik bertan daude arrastoak. 1996an aurkitu zituzten lehen aztarna arkeologikoak, eta 2005ean ekin zieten indusketa lanei. Erromatar garaiko zenbait elementu aurkitu zituzten urte hartan, eta gune horren alboan eraiki zuten Oiasso Erromatar Museoa. Termak estalki batez babestuta egon dira ordutik, eta iazko apirilean jarri zituzten bisitatzeko moduan, aurkitu eta 29 urtera. 

Museoan, termak ez ezik, eskualde osoan aurkitutako erromatar garaiko elementuak ere badaude, baina museoko arduradunek eta Irungo Udalak argi zuten termak irekitzea «mugarri bat» izango zela museoarentzat, eta asteon baieztatu dute hala izan dela, inoizko bisitari gehien izan baitzuen iaz: 44.000 baino gehiago —2024an 38.000 inguru izan ziren—. 

Cristina Laborda Irungo alkateak esan du egindako azterketan badela datu esanguratsu bat: museoak iaz izandako bisitarien ia herenak —14.000, zehazki— Irungoak direla, 2024an baino %20 gehiago. Alkateak dio pozteko moduko datua dela hori. «Azterketek adierazten dute, lortutako marka, neurri handi batean, terma erromatarrei esker lortu dela, argia ikusi baitute, urte askoren ondoren. Museoarentzat eta hiriarentzat mugarri bat izan da hori». Hortaz, Labordak azaldu duenez, iazko urtarrilean egindako aurreikuspenak «nabarmen» gainditu dira. 

Nuria Alzaga Kultura zinegotziak ontzat jo du iazko balantzea, berretsi egiten duelakoan Oiasso museoa «estrategikoa» dela. Beharrezkotzat jotzen du, halere, bestelako publikoa ere erakartzea: «Publiko berria erakartzen jarraitu beharra dugu, tokiko publikoarekin dugun lotura galdu gabe». Oiasso museoko arduradunek historikotzat daukate 2025. urtea, baina iruditzen zaie 2026ak ere izango duela berezitasunik; izan ere, uztailaren 20an hogei urte beteko dira museoa inauguratu zutenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.