Goizane Alvarez: «Kirol aniztasunaren eta espezializazioaren arteko bizikidetza bermatu nahi dugu»

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak iaz jasotako bi epaik irauli egin zuten Multikirola kirol hastapeneko programa. Multikirolaren eta kluben jardunaren arteko «oreka» aurkitu nahian ari dira orain.

Goizane Alvarez, ostiralean, Donostian. JON URBE / FOKU
Goizane Alvarez, ostiralean, Donostian. JON URBE / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazkoa urte gorabeheratsua izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Multikirola kirol hastapeneko programarentzat. Izan ere, ordura arte, Gipuzkoan, 13 urtera arteko umeek talde kirolen bat klub batean egin nahi bazuten, ezinbestean eman behar zuten izena Multikirola programan, baina iazko urte hasieran indargabetu egin zuten neurri hori, Pasaiako familia batek auzitara eraman zuelako aldundia. Hori dela eta, Multikirola programak 5.200 haur galdu ditu iaztik hona: 11.919 ikasle parte hartzen ari dira aurten, eta 17.121 izan ziren iaz. Alegia: eskola kirolean ari ziren hiru umetik batek utzi dio parte hartzeari —%30 gutxiago—. Azaroan beste epai bat jaso zuen foru erakundeak, eskola kiroleko programek kluben egutegia mugatzen duela zioena, bai entrenamenduei eta bai partidei dagokienez. Hortaz, EAEko Auzitegi Nagusiak Multikirola programa «inposatzea» egotzi zion aldundiari. Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak (Donostia, 1977) dio Multikirolaren eta kluben jardunaren arteko «oreka» bilatzen ari direla orain, kirol aniztasunaren eta espezializazioaren arteko «bizikidetza» bermatu ahal izateko. 

Espero al zenuten halako epairik?

Ez. 30 urte baino gehiago dituen programa bat da Multikirola, eta hainbeste urteren ondoren halako sententzia bat izatea sorpresaz harrapatu genuen. Izan ere, ez genuen uste arau hausterik egiten ari ginenik; neska-mutikoek kirola berdintasunean egiteko modua ematen zuen gure programak, Eusko Jaurlaritzaren edo Euskal Herriko legearen babespean, eta helburua zen haien garapen fisikoa, emozionala eta soziala garatzea. Urtarrilean jaso genuen lehenengo epaia, eta esaten zuen kendu egin behar genuela klub batean aritzeko Multikirolean izena emanda egon beharra; neska-mutikoen erabakitzeko askatasuna urratzen zuela esan ziguten. Orduan, derrigortasuna kendu genuen, eta programaren gainerako ezaugarriei eta arauei eutsi.

«Espezializazio goiztiarra ekiditea oso garrantzitsua da neska-mutikoen garapenerako, eta klubak espezializazioaz arduratzen dira batez ere»

Zer arrisku ikusten diozue derrigortasuna kentzeari?

Begira: Multikirola haur guztiek elkarrekin jolasteko sortu genuen, eta denek eman zezaketen izena, talentua izan, ez izan edo zaurgarritasun egoera batean bizi. Zer gertatzen da orain? Bada, zer kirol hautatu oso argi daukatenak edota kirol jakin batean aritzeko talentua dutenak Multikiroletik joan egin direla. Horrek badu arrisku bat: programan kirolerako gaitasun berezirik ez duten neska-mutikoak soilik aritzea. Berez, egia da Multikirolak ez duela kirolerako gaitasuna lehenesten, baizik eta askotariko kirolak praktikatuz beste balio batzuk garatzea. Azken batean, gure kirol ereduaren hastapena bat eta bakarra zen orain arte, inklusiboa, berdintasunaren aldekoa... Eta, orain, bi bide eskaintzen zaizkie txiki-txikiak direnetik. Haurren arteko desberdintasunak sortzeak kezkatzen gaitu.

Orduan, neska-mutilek bi bide dituzte orain: zer eskaintzen du Multikirolak kirol eskolek eskaintzen ez dutena?

Guk beti esan dugu espezializazio goiztiarra ekiditea oso garrantzitsua dela neska-mutikoen garapenerako, eta klubak espezializazioaz arduratzen dira batez ere. Nolanahi ere, Gipuzkoan zortea dugu klub askok ez dutelako espezializazio hutsa egiten: modu progresibo batean eta errespetuz egiten dute teknifikazio hori, baina espezializazioa da.

Hori kaltegarria izan daiteke haurrentzat?

Bai, ez dutelako lantzen beren gorputzaren garapen integrala. Gainera, frogatua dago espezializazio goiztiarrak ez diola laguntzen talentuaren garapenari. Izan ere, badira espezializazio goiztiarraren eraginez lesio bat egin eta kirol ibilbidea behin betiko zapuztu zaien 12-14 urteko gazteak. Zenbat eta lehenago hasi espezializazioa, orduan eta arrisku handiagoa dago lesioak izateko. Multikirola bide motelagoa da, baina urrutira iristeko modua ematen du, bai eta askotariko balioak barneratzekoa ere. Begira: Euskal Herriko kirolari talentudunen %73 gipuzkoarrak dira, eta askok aitortzen dute Multikirolean aurkitu zutela euren gustuko kirola. Haurrentzat ez ezik, modalitate txikietako klubentzat ere oso arriskutsua izan daiteke espezializazioarena, eta klubak oso kezkatuta daude horrekin. Izan ere, neska-mutikoek Multikirolaren bitartez ez badituzte modalitate txikiagoko kirolak probatzen, ezagunagoak diren kirolek ahalmen handiagoa izango dute, eta modalitate txikiagokoak taldeak sortu ezinda gera daitezke. Horrek kalte egin diezaioke gure kirol sistemaren aberastasunari.

Beste epai bat jaso zenuten azaroan. Epai horren arabera, Multikirola egitasmoak kirol taldeen jarduera oztopatzen du...

Horrekin sorpresa handia hartu genuen. Epaiak dio Multikiroleko entrenamenduek eta partidek kluben egutegia baldintzatzen dutela. Beraz, datorren urtera begira, bi programen arteko oreka bilatzen ari gara orain. 

Eta nola egingo duzue hori?

Zera proposatuko dugu: bi programek astean entrenamendu bat eta partida bat antolatzea gutxienez, eta gehienez, astean bi entrenamendu eta partida bat. Halere, astean bi entrenamendu egiteak bi arazo izan ditzake: batetik, kirol instalazioak kolapsatu daitezke, eta, bestetik, uste dugu bizitzako etapa jakin batzuetan gehiegizkoa dela kirola sei egunetan egitea.

Zer helburu du proposatzen duzuen eredu berriak?

Kirol aniztasunaren eta espezializazioaren arteko bizikidetza bermatu nahi dugu. Helburua da haurrek aukeratu beharrik ez izatea, bi ibilbideak egiteko aukera eduki ahal izatea. Guretzat, Multikirolaren eta kirol eskolen arteko konbinazioa izango litzateke formula perfektua.

Gaur egun hainbat kuota daude Multikirolean, eta ikasleka 102 euro ordaintzen da urtean, batez beste.

Bai. Hori ere aldatuko dugu. Datorren ikasturtetik aurrera 60 eurokoa izango da kuota, eta egoera ekonomiko zaurgarrian dauden familiek ez dute ordaindu beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA