Fibromialgia

Kontzientziazioa helburu

Gertutik bizi du Beñat Garcia kirolariak fibromialgia gaixotasuna. Horregatik, 'Fibromialgia abordatzen' proiektua jarri du martxan, gaixotasunaren gaineko informazioa eman eta ezezagun dutenen eskura jartzeko.

(ID_13524899) (/EZEZAGUNA) (;)
Beñat Garcia, 'Fibromialgia abordatzen' proiektuaren sustatzailea, asteon, Tolosako San Esteban auzoan. AITOR ARROYO
Tolosa
2024ko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun

Giharretako eta hezurretako mina ditu ezaugarri fibromialgia eritasunak, eta gorputzeko zurruntasuna eta neke kronikoa ere eragiten ditu, besteak beste. Herritarren %3 eta %4 inguruk pairatzen dute, eta ez du gaixotasun arraroen izendapenik. Baina badu ezaugarri deigarri bat: fibromialgia jasaten duten gaixoen hamarretik bederatzi emakumeak dira. Hain zuzen ere, gaixotasunari ikusgaitasuna emateko eta kontzientziazioa pizteko asmoz, Fibromialgia abordatzen proiektua jarri du martxan Beñat Garcia kirolariak. Asteasuko Mattin Gizarte Abentura eta Bizibide Donostiako fibromialgia elkartearen babesa du proiektuak, besteak beste.

Egitasmoak duen helburua lortzeko, Garciak bi lan lerro aipatu ditu. Batetik, zenbait kirol erronka jarri dizkio bere buruari, eta, parte hartzen duen txapelketetan janzkera bereizgarri bat eramateaz gain, informazio postuak jarriko ditu. Bestetik, fibromialgiari buruzko informazioa zabalduko du sare sozialetan; horretarako, elkarrizketak egingo dizkie gaixoei, haien senideei eta gaixotasunaren gaineko adituei.

Hasia da dagoeneko fibromialgiari buruzko informazioa zabaltzen sareetan, eta, hala, ikusgaitasuna ematearekin batera, gaixotasuna izan dezakeen orori eta haien ingurukoei laguntzea da Garciaren nahia: «Ezinegon handia sortzen du zer den ez jakiteak, eta horregatik da garrantzitsua informazioa ahalik eta gehiena zabaltzea». Garciak gertutik bizi du gaixotasuna; izan ere, haren senide batek pairatzen du. Hain zuzen, horrek eraman du gaixotasuna ezagutarazi nahi izatera. Fibromialgia abordatzen proiektua gaixotasunaz gehiago jakin nahi duenarentzat «oso lagungarria» izan daitekeelakoan dago, «gertuko esperientziatik abiatuta» zabaltzen baitu informazio guztia.

«Ezinegon handia sortzen du zer den ez jakiteak, eta horregatik da garrantzitsua informazioa ahalik eta gehiena zabaltzea».BEÑAT GARCIAKirolaria

Proiektuaren harira, Garciak hainbat kirol erronka jarri dizkio bere buruari. Askotariko probatan parte hartuko du urtean zehar; hala nola triatloietan, duatloietan eta maratoietan. Gainera, lasterketa horietan guztietan morez jantzita joango dela jakinarazi du, eta zapi bat ere jarriko du buruan. Horrez gain, gaixotasunari buruzko postu bat jarriko du proba bakoitzean, bertaratzen direnek informazioa eskuratzeko aukera izan dezaten. Garciak dio ez dela «aparteko ahalegin bat» proba horietan parte hartzea: «Kirolaria naiz, eta aurretik ere hainbat erronka nituen aurreikusiak urte honetarako. Azkenaldian bizi izan duguna kontuan hartuta, zera galdetu nion neure buruari: 'Zergatik ez lotu erronka horiek kausa bati?'».

Hamaika probatan parte hartzeko asmoa du Garciak. Martxoaren 10ean egingo du lehendabizikoa: Donostiako Añorgako duatloia. Egingo duen azken proba, berriz, «aparteko» erronkatzat daukala dio; izan ere, Gipuzkoari itzulia emango dio korrika. Hilabetez hilabete «geroz eta erronka txikiagoak» egin nahi ditu, hartara bira horri nagusitasuna emateko. «Arretarik handiena egingo dudan birak bereganatuko du; hori espero dut, behintzat. Baliabide horrekin jende gehiagorengana iristea lortzea da helburua». Horretarako, baina, aurrez egin beharreko lana «pixkanaka eta txukun» egin beharko duelakoan dago.

Gaixotasuna gertutik

«Gaixotasuna gertutik bizitzea». Horixe izan du Garciak Fibromalgia abordatzen proiektua martxan jartzeko arrazoietako bat. Gaixotasuna diagnostikatu zioten haren amari, eta identifikatu aurretik, «urte askoan» izan ditu sintomak. Garciak azaldu duenez, eritasunari izena jarri izanak «asko» lasaitu zuen ama, baita senideak ere.

Nola eragiten du, baina, fibromialgiak egunerokoan? Proiektuaren bultzatzailearen hitzetan, sintomak alda daitezke kasuan-kasuan. Haren amari dagokionez, esaterako, «artikulazioetako zein hezurretako mina, neke iraunkorra eta tarte laburrez memoria galtzea» dira sintoma ohikoenak. Denda bat du amak, eta sintomak sentitzen dituenetan senideak laguntzera joaten zaizkiola kontatu du Garciak. Sintomak maiz sentitzen dituen orori medikuarenera joateko gomendioa eman die Garciak; haren hitzetan, «oso garrantzitsua» da profesional batengana jo eta laguntza eskatzea.

«Azkenaldian bizi izan duguna kontuan hartuta, zera galdetu nion neure buruari: 'Zergatik ez lotu erronka horiek kausa bati?'».BEÑAT GARCIA Kirolaria

Proiektuak harrera ona izan duela esan du Garciak, eta «pozik» mintzo da horregatik: «Harrituta eta eskertuta nago. Ez genuen espero jendearen erantzuna hain ona izatea». Haren esanetan, «balio bikoitza» du jendearen parte hartzeak: batetik, «are eta jende gehiagorengana iristeko» balio duelako; bestetik, beharrezkotzat jotzen duelako proiektuak babesa edukitzea: «Mota askotako laguntza beharko du proiektuak, ez ekonomikoa bakarrik. Adibidez, lasterketa bakoitzean informazio postua jartzeko asmoa dugu, eta horretarako ere laguntza beharko dugu». Berarekin harremanetan jartzeko deia egin die proiektuan «interesa edo laguntzeko gogoa» dutenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.