Lasarte-Oriako Udalak emakumeei doako aholkularitza juridikoa emateko zerbitzu bat abiarazi du

Asmoa da erabiltzaileei lege esparruko informazioa eta laguntza espezializatua eskaintzea ikuspegi feminista batetik. Zerbitzua hilean behin eskainiko dute, Emakumearen Zentroan.

Izaskun Rodriguez Lasarte-Oriako Berdintasun Saileko teknikaria eta Lourdes Acevedo zinegotzia, asteon, Lasarte-Orian. LASARTE-ORIAKO UDALA
Izaskun Rodriguez Lasarte-Oriako Berdintasun Saileko teknikaria eta Lourdes Acevedo zinegotzia, asteon, Lasarte-Orian. LASARTE-ORIAKO UDALA
Miren Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 15a
16:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lasarte-Oriako Udaleko Berdintasun Sailak andreei aholkularitza juridikoa emateko zerbitzu bat jarri berri du martxan. Asmoa da erabiltzaileei lege arloko informazioa eta laguntza espezializatua eskaintzea, ikuspegi feminista batetik. Zerbitzuak «gertutasunean, enpatian eta komunikazioan» oinarritutako arreta sustatu nahi du, eta hala, «emakumeak ahaldundu», erabiltzaile bakoitzak «autonomiaz» jokatu ahal izan dezan. Irule abokatu taldea arduratuko da zerbitzu hori emateaz. 

Banantzeei eta dibortzioei buruzko informazio juridikoa emango dute, baita bestelako gai batzuen ingurukoa ere, hala nola emakumeen aurkako indarkeria, pentsioak ez ordaintzea, bisita erregimenak ez betetzea, atzerritarren inguruko gaiak, kaleratzeak eta lan diskriminazioa. Gainera, etxeko langileen eta bestelako langile batzuen kontsultei ere erantzungo diete. Legeari dagozkion zalantzak argituko dituzte; izan ere, erabiltzaileak «orientatu» asmo dituzte zerbitzuaren bidez, eta prozesu judizialetan izan ditzaketen ondorioak azaldu, erabakiak hartzen laguntzeko. Udaleko Berdintasun Sailak jakinarazi du «egoera bakoitzari egokitutako laguntza juridiko osagarria» eskainiko duela abokatu taldeak.

Zerbitzua hilean behin eskainiko dute, doan, Lasarte-Oriako Emakumearen Zentroan, eta esplikatu dute aldez aurretik eskatu behar dela ordua, zentroan bertan. «Baliabide berri hau martxan jarrita, Lasarte-Oriako Udalak berdintasunarekiko konpromisoa indartuko du, baita udalerriko emakumeei arreta eta laguntza emateko zerbitzuak hobetzeko konpromisoa ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA