Aitziber Zubillaga: «Lortu nahi dugu era inklusiboan lan egitea, inor bazterrean utzi gabe»

Bide berri bati heldu dio Emausek. Bai eta izena aldatu ere: Batuz Gizarte Fundazioa da orain, eta lurraldeko askotariko komunitateekin aliantzak estutu nahi ditu aurrerantzean, hain justu ere gizarte «justu, kohesionatu eta inklusibo» bat lortzeko.

(ID_16119882) (Gorka Rubio/@FOKU) 2026-05-25, Donostia. Emausek aro berri bat hasiko du laster (Batuz gizarte fundazioa)
Aitziber Zubillaga Batuz Gizarte Fundazioko zuzendaria, astelehenean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia mende erdiko ibilbidea egin du Emaus Gizarte Fundazioak, eta «aro berri bat» hasi du berriki. Izena ere aldatu diote: Batuz Gizarte Fundazioa. «Elkartzea, bat egitea eta kolektiboki eraikitzea». Izen berriak horixe esan nahi du, Aitziber Zubillaga zuzendariaren hitzetan. Esan du aldaketa hori ez dela «haustura» bat, «bilakaera» bat baizik, «antolaketaren eta estrategiaren eraldaketa» ekarriko duena. «Iruditu zitzaigun aldaketa hori islatuko duen euskarazko marka propio bat behar genuela, eta horregatik sortu dugu Batuz». Komunitate lana sustatu nahi dute hala, aliantzak estutu eta lurraldean duten nortasuna sendotu. «Gizarte justu, kohesionatu eta inklusibo bat» dute jomuga, inor bazterrean utziko ez duena. 

Asteon egin duzue marka aldaketa. Zer dela eta?

45 urte daramatzagu inklusioaren eta jasangarritasunaren alde lanean, gehienbat Gipuzkoan, baina Bizkaian ere bai. Konturatu gara gizarteak ez gaituela nahikoa ezagutzen edo ez dakiela orain arte izan dugun markaren atzean zer dagoen, zer lan egiten dugun. 350 pertsonako erakunde bat gara, eta duela hiru urte bide berri bat hasi genuen, aldaketaren hasiera. Hala, aurrera begirako plan bat diseinatu genuen.

Zertarako?

Gizartearen eraldaketarako eragile bihurtzeko. Gizarteratzea eta iraunkortasuna ditugu helburu, eta hainbat arlotara zabaldu nahi ditugu: kulturara, hezkuntzara, industriara, merkataritzara, kirolera... Eta uste dugu halako erronka handiei askotariko eragileen arteko lankidetzatik heldu behar zaiela. Hainbat komunitatetako eragileekin ari gara lanean, hala pribatuekin nola publikoekin, eta dinamika berriak sustatu nahi ditugu haiekin elkarlanean.

«Uste dugu marka berriak lagunduko digula bide berriak irekitzen, gero eta eragile gehiagorekin lan egiten, diren arlokoak direla ere»

Batuz izenak elkarlan horri egiten al dio erreferentzia?

Hori da: elkartzeari, bat egiteari eta kolektiboki eraikitzeari. Izenak ondo islatzen du zer egiten dugun eta zer egin nahi dugun. Noski, harreman zuzena dugu hirugarren sektorearekin, baita ingurumen arloarekin ere, baina orain gure ohiko interes taldeetatik harago zabaldu behar dugu begirada, eta uste dugu marka berriak lagunduko digula bide berriak irekitzen, gero eta eragile gehiagorekin lan egiten, diren arlokoak direla ere. 

Hori da Batuz-ek ekarriko dituen aldaketetako bat?

Bai. Zera izango da aldaketa handiena, gure lana komunitateka antolatzen saiatuko garela: auzoka, herrika... Komunitate horietako askotariko eragileekin harremanetan gaude horretarako, izan kultur eragileekin, osasun arlokoekin, hezkuntzakoekin edo etxebizitzakoekin, eta hasiak gara haiekin mapatze komunitarioak egiten. Mapatze horietan ikusten da komunitate bakoitzean zer babes edo laguntza aktibatu behar ditugun pertsona bat bazterkeria egoera batera ez iristeko. Izan ere, ingurumena zainduko duen gizarte justu, inkusibo eta kohesionatu bateranzko bidea egitea da gure asmoa. Gizartearen bidelagun izan nahi dugu, eta lortu era inklusiboan lan egitea, inor bazterrean utzi gabe. 

Eta hori lortuko bazenute, zer?

Hori lortuko bagenu ez genituzke aktibatu beharko pertsona bat bazterkeria egoeran dagoenean aktibatzen ditugun zerbitzuak: inklusiorako gizarte zerbitzuak, formakuntzak edo lan ibilbideak gizarteratze enpresen bitartez. Gure taldearen gehiengoa, berrehun bat lagun-edo, inklusioko gizarte zerbitzuetan ari dira lanean, eta konturatzen gara lan hori ez dela horren ezaguna. Adibidez, zahartzaroan ezagunak dira mendekotasunaren balorazioa, eguneko zerbitzua, gauekoa... Tira, ba, inklusioan ere badaude halakoak. Profesionalizatuta dagoen arlo bat da, gizarte langileak daude, psikologoak... eta ikusarazi nahi dugu gure herri eta auzoetan badirela horrelako zerbitzuak. Uste dugu garrantzitsua dela hori guztia komunitatetan txertatzea eta tamalez bazter batean utzi ditugunei ateak irekitzea.

Eta nola irekitzen dizkiezue ateak?

Aktibatzen ditugu aipatu ditudan inklusiorako gizarte zerbitzuak, eta formaziorako programak ere eskaintzen ditugu, bai eta gizarteratze enpresaren bidez lan aukerak eman ere. Orduan, egoera horretan daudenak gurekin egoten dira hiru urtez gehienez, eta laneratzen laguntzen diegu hala. Halere, gu erakunde gisa desagertzea izango litzateke guretzat lorpen handiena. Zergatik? Gizartea beste modu batekoa izango balitz ez genukeelako inor bazterrean utziko, eta, beraz, gu ez ginatekeelako beharrezkoak izango.

Urteotan egindako lanaren ondoren, zer diagnostiko egiten duzue gaur egungo gizarteaz?

Ikusten ari gara gero eta jarrera polarizatuagoak daudela, eta kezka sortzen duela nazioarteko egoera geopolitikoak. Uste dugu egoera horrek ez duela inolako eraginik gure gizartean, baina eragin zuzena du, noski. Balio oso indibidualizatuak zabaltzen ari dira, lehenago aipatu dudan komunitateen arteko ekosistema horri mesederik egiten ez diotenak. Guk pertsonak sostengatuko dituzten sareak sortu nahi ditugu, gure komunitateetan kalitatezko bizitza bat eduki dezaten.

«Orain arte iritsi ez garen jendearengana iritsi nahi dugu, eta Batuz bertako fundazio bezala ezagutarazi»

Emaus ekonomia zirkularraren inguruko egitasmoekin lotuko zuen askok: bilketekin, bigarren eskuko dendekin...

Guretzat gizarteratzea lortzeko erreminta bat da hori guztia. Funtsezkoak dira egiten dugun lanean, inpaktu positiboa lortzen baitugu ingurumenean, eta hori garrantzitsua da gure erakundearentzat. Berrerabilpena sustatzen dugu egitasmo horien bidez, eta horrek zerikusia du, besteak beste, kontsumoaren erantzukizunarekin. 

Marka berriak zer-nolako harrera izatea gustatuko litzaizueke?

Emausek bazituen konnotazio batzuk ez zituenak islatzen guk gaur egun egiten dugun lana eta etorkizunean egin nahi duguna. Hortaz, zera nahi dugu, orain arte iritsi ez garen jendearengana iritsi eta Batuz Gizarte Fundazioa bertako fundazio bezala ezagutarazi, hala delako. Estreinatu berri dugu marka, eta hasierako urduritasun hori dugu orain, baina bada denbora bat barnean markari forma ematen hasi ginela, eta ilusio handia dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA